HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Politika

Sozialismoa:



Hastapenak. Sozialismo utopikoa


Langileak tailerrean lanean
Industria langileriarekin batera eta batuta sortu zen sozialismoa. Proletarioen egoera latz berrira egokitzeko, langile mugimenduak eta ideologia berriak sortu ziren Industria Iraultza zertzen hasi zen lekuetan. Britainia Handian eta Frantzian XIX. mendearen hasieran ipini zen abian sozialista utopikoa delakoa. Doktrina berri hura utopian oinarritzen zela esan zuten handik urte batzuetara Marxek eta Engelsek: langileen egoera sakon aztertu gabe, gizakia berez ona dela eta denek elkarri lagunduko diotelako uste eta ideietan oinarritzen ziren, eta gizartearen eta historiaren ezagutza zientifikorik gabe errealitatearekin topo egin eta gizartea aldatzeko ahalmenik ez zuela sozialismo mota horrek esan zuten. Sozialismo utopikoaren alde gehien teorizatu zutenak Charles Fourier eta Robert Owen izan ziren.

Utopiko haiek ezarri zituzten sozialismo zientifikoaren edo sozialismo marxistaren oinarriak: gizarte estamentalari aitzi klase kontzeptua sortu zuten, eta produkzio tresnen jabetzak zuen garrantziaz eta proletarioen diktaduraren beharraz jabetu ziren Marx eta Engels..

Sozialismo zientifikoaren edo marxistaren oinarriak

Sozialismo zientifikoak Marxen eta Engelsen jakindurian eta doktrinan du jatorria. Gizarteari eta, bereziki, langileen egoerari buruzko hausnarketa egin ondoren, sozialismo utopikoaren gainetik beste urrats bat egin zuten aurrera. Haien teoriak Manifestu Komunistan eta Kapitala liburuan agertu ziren.

Klaserik gabeko gizartea lortzea zen haien helburua, desberdintasunik gabea. Ordea, hori lortzeko proletarioen iraultza prestatu behar zen eta proletarioen diktadura ezarri trantsizio epe jakin baten barruan.

Ez zuten produkzio bideen jabetza pribaturik onartzen. Produkzio bideak kolektibizatu egin behar ziren, eta, esan gabe doa, produkzio bideen ondasun eta etekin guztiak estatuarenak ziren. Estatua zen, denen interesak defendatzeko, ekonomia bideratuko zuena. Langile- eta lan-ideologia nazioartekotu eta burgesiaren botere zapaltzailearen aurka mundu guztiko langileek elkarren lehian borroka egitea nahitaezkoa zen.

Hedapena

Sozialismoa bizkor zabaldu zen industrializazioa gauzatu zen lekuetan; are gehiago 1864an langileen Nazioarteko Lehen Elkartea sortu eta gero. Eta, jakina, ideia sozialista-marxistak zabaltzeko asmotan, alderdi sozialdemokratak eratu ziren erresuma askotan: Alemanian, Frantzian, Espainian...

Espainian

1879an, Pablo Iglesias, Vera, Mora eta beste batzuen artean Partido Social Demócrata Obrero Español, geroko PSOE, sortu zuten, proletarioen lan eskubideen alde egiteko betiere: "Jabetza pribatua jabetza sozial bihurtu, klaseak ezeztatu, botere politikoa eskuratu". Hori zioten eta hori nahi zuten erdietsi. Handik urte batzuetara, 1888an, sortu zen Espainian UGT sindikatua langileen egoera larria ahal zen beste hobetu eta haien alde leherrenak egiteko asmotan..

Sozialismoa Euskal Herrian hasierara igo


Etxeberria enpresako plantila
XIX. mendeko azken laurdenean egoera berezia ematen zen Euskal Herrian. Industrializazioa sasoi onean zen, Bilboko ezkerraldean batez ere, eta kanpotar langile asko etorri zen hango industrietara lan bila. Hasieran inguruko probintzietatik etorri ziren, gero Galiziatik, Burgostik eta nonahitik. 1910ean Bizkaiko meategietan ziharduten 13.000 langileetatik 3.000 bakarrik ziren euskaldunak.

Europako beste industrialdeetan bezalaxe hemengoetan ere langileak oso lan egoera kaskarrean ziren; hori dela eta ideia sozialistak azkar itsatsi eta zabaldu ziren haien artean. Euskal nazionalismoa, berriz, kanpotik etorritako langile haietatik urruti ari zen zoritzen. Egin kontu Sabino Aranak maketo deitzen ziela.

1886an Bizkaian gaindi ibili zen Facundo Perezagua Bizkaiko Agrupación Socialista sortzeko asmotan. Berehala inguratu zen jarrraitzailez: mendearen bukaeran 100.000 ziren, Ortuella, Sestao eta Trapagarango meategi inguruetan batez ere.

1894an dagoeneko La lucha de clases aldizkaria argitaratzen hasiak ziren. 1898ko Legegintzarako hauteskundeetan Bilbon % 22 lortu zuen sozialismoak. 1903an, 11 elkarte  ziren alderdian. Kontuan izan behar da, bestalde: 1911 arte ez zuten sozialistek sindikaturik eta, beste gabe, orduantxe, 1911n, sortu zuten SOV, geroago STV izango zena.

XX. mendearen hasieran sortu ziren Gipuzkoako elkarteak. Bizkaian adinako industrialde handirik ez zuen sorrarazi Gipuzkoako industrializazioak. Industria, bereziki, Donostia, Eibar, Tolosa, Irun, Pasaia eta Errenterian finkatu zen, baita sozialismoa ere.

Merezi du esatea zer edo zer Eibarrez. Berez herri liberala eta errepublikanoa zen, eta armagintza zen bertako industria ia bakarra. Bilbotarren eragina oso nabaria zen herrian. PSOEk berehala egin zituen zainak bertan: 1903an dagoeneko zinegotzi sozialista bat zuen eta, horrez gainera, Adelante aldizkaria. .

Garai hartan aipu handikoa izan zen Tomas Meabe bilbotarra. Gaztetan sabindarrra izan bazen ere, sozialismoan sartu zen buru-belarri gerora. La Lucha de Clases eta Adelante aldizkarietan idazten zuen eta 1904an, gazteria sozialismora erakartzearren, Juventudes Socialistas gazteerakundea sortu zuen.

Antiklerikala, erregionalismo ezaugarririk eta kutsurik gabekoa eta antinazionalista izan zen Euskal Herrian zabaldutako sozialismoa, eta munduko langile guztiak elkar hartuta  egin behar zela borroka pentsatzen zuten. Izan ziren alabaina Indalecio Prieto bezalakoak: norbere ideiei eutsiz euskal autonomia bultzatzen saiatu ziren.

PSOEren garrantzia hasierara igo


Tomas Meabe (1878-1944)
EAJk bezala, PSOEk ere partidu huts bat baino zerbait gehiago izan nahi zuen: familia-elkarte moduko bat. Eta, jakina, sozialistek asmo horrekin antolatu eta zabaldu zituzten Casas del Pueblo direlakoak, eta haiek langileak biltzeko, alfabetatzeko, ideologia sozialista jasotzeko eta kultura gai mota askotakoak jorratzeko gune bilakatu ziren.

Ideologiaren zabaltze prozesu hartan sartu behar dira 1894tik aurrera argitaratu ziren La lucha de clases eta Eibarko Adelante aldizkariak.

Sozialismoaren bilakaera hasierara igo


Indalecio Prieto (1883-1962)
XX. mendearen hasieran, udal hauteskundeetan eta Legebiltzarrean ordezkariak ahal zen beste gehitzeko, sozialistek uko egin zioten erradikalismoari. Indalecio Prieto zen garai hartan sozialismoaren buruzagirik ezagunena. 1911tik aurrera diputatu hautatu zuten. 1918an, nazionalismoaren ideia eta jokabide ustez okerrak eta ezkorrak salatu zituen: separatismoa, klerikalismoa, karlismoak eta nazionalismoak elkarren artean zuten antza, nazionalismoak historiaz egiten zuen interpretazio okerra. Haatik euskal autonomia bultzatzen ere saiatu zen.

Indalecio Prietok batasuna eman zion euskal sozialismoari. Haren helburua, haren xedea gizartea eraldatzea zen, soldatak goratzea, adierazpen eta erlijio askatasuna errespetatzea, ekonomian eta, oro har, gizartean ematen zen desoreka galgan jartzeko gai izatea sozialismoa.

Foruak ezeztatu eta gero Indalecio Prietok, Legebiltzarrean zuen diputatu karguaz baliatuz, gobernu zentrala kritikatu zuen,,eta 1930ean, diktadura suntsitzeko zorian zirenean, autonomien errepublika aldarrikatu zuen Donostiako Itunean.

hasierara igo