HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Politika

Nazionalismoa:



Nazionalismoa - Sorrera


Ikurrina zirriborroa, Sabino Aranak egindakoa
Herri batek beregaintasuna izateko eskubidea duela, dirudienez, XVIII. mendearen bukaeran-XIX. mendearen hasieran aldarrikatu zen lehenengo aldiz, Frantziar Iraultza gori-gori zegoen hartan hain zuzen: "Herri bakoitzak eskubidea du bere etorkizuna erabakitzeko, beregain izateko; aginpidea herriari dagokio, ez erregeri”.

Ondoko urteetan ideal horrek indarra hartu zuen nazio askotan, Napoleonen aurkako gerrateetan batez ere; are gehiago 1815ean Errestaurazioak nazioen mugak ez zituela errespetatzen ikusi zenean. Garai hartakoak dira hainbat eta hainbat jazarraldi nazionalista (Grezia, Belgika...), Europako Inperio handien aurka bereziki.

Nazio adigaia edo kontzeptua oso heterogeneoa da, hau da, teoria asko ematen da adigai hori  definitzekoan. Oro har, bere batasunaren ezagutza eta elkarrekin bizitzeko nahia ezaugarritzat dituen giza talde aski zabala litzateke nazioa, betiere ezaugarri multzo bat duena: kultura, hizkuntza, arraza, erlijioa, ohiturak, muga geografikoa, hau da, etnia bat osatzen duten tasun bereziak.

Bi teoria desberdin dira ezagunenak eta erabilienak nazioa  deskribatzeko:

a)     Teoria frantsesa: herriaren borondatean, legean, konstituzioan eta burujabetzan oinarritzen da.

b)     Teoria alemana (Volksgeist): herri kontzientzian oinarritzen da. Nazioa, batez ere, hizkuntza, zuzenbide, ohitura, historia eta tradizio berekoek osatzen duten erkidegoa da. Euskal nazionalismoa bigarren horretan oinarritzen da.

Nazio batek beregaintasuna izateko eta lortzeko eta estatu bat osatzeko duen eskubideari buruzko teoriak XIX. mendean zehar zabaldu ziren, liberalismoari esker batez ere. Azken batean, bata zein bestea, Berrezarkuntzaren aurka borrokatu zen burgesiaren teoriak izan ziren, eta maila handi batean, jazarraldi nazionalak jazarraldi liberalekin loturik burutu ziren.

Industrializazioaren bidez eman zen etengabeko bilakaera ekonomikoak, aldaketa soziopolitiko nabarmenak eragin zituen Europa osoan. Kulturan erromantizismoa errotu eta literatura, musika eta artearen bidez abertzaletasuna zabaltzen hasi zen: herrikide izateak sortu zuen kontzientzia poliki-poliki bereganatzen hasi ziren herritarrak.

Teoria nazionalistak intelektual gutxi batzuen esku egon ziren hasieran, baina, gero, herri zapaltzaileen aurkako iraultzak hastean, orotara zabaldu ziren.

Nazio egoera desberdinak ematen ziren besteren mendean zeudenetan:

»  Beste estatu baten mendean zeuden nazioak: Irlanda, Ingalaterraren mendean; Polonia, Errusiaren mendean….

»  Inperio baten barruan ezaugarri desberdinak zituzten nazionalitateak: Hungaria, Txekia, Eslovakia..... Austrohungariar Inperioaren barruan; Grezia eta beste batzuk...Turkiar Inperioaren barruan.

»  Nazio batzuk estatutan banaturik zeuden: Italia (7 estatutan), Alemania (39 estatutan).

XIX. mendean nazio asko oldartu zitzaion etsaiari beregaintasunaren bila. Bateratze prozesuak izan ziren Italian, Alemanian eta beste zenbaitetan.

Mugimendu abertzalea Euskal Herrianhasierara igo


Mendigoizaleen mitin nazionalista
XIX. mendearen bukaeran aldaketa asko eta handiak izan ziren Euskal Herrian:

1.     Industrializazioa hasi zen eta horrekin batera emigrazioa: kanpotik langileak trumilka zetozen Euskal Herrira eta, halakoetan gertatzen denez, bertako kultura eta etnia koloka jarri ziren.

2.     Krisi politiko gogorra eman zen foruak kendu zituztenean (1876).

3.     Ideia nazionalistak mamitzen eta gauzatzen ari ziren Europa guztian, eta euskal nazionalismoa ere giro hartan zertzen hasi zen.

Foruak ezeztatzean, haiei buruzko istorioa-mitoa sortu zen. Batzar Nagusietan independentzia aldarrikatu zen, kanpotik bertaratutako langileen aurka nekazaritza giroan oinarritutako euskal arraza defendatu nahi izan zen...

Abertzaletasunaren nondik norakoak

Abertzaletasunaren iturburua karlismoa izan zen:. foruzale eta foru defendatzaile amorratuak izan ziren karlistak, luzaroan gainera.

Bestalde, liberal foruzale asko izan da euskal lurraldeetan, besteak beste, Fidel Sagarminaga bizkaitarra, Euskalerria elkartearen sortzailea, eta Mateo Benigno Moraza arabarra. Ez zuten onartu, ez hurrik eman ere, euskal arazoak 1876tik aurrera Madrilen konpon zitzaten; foruzaleak baziren ere, ez ziren alabaina independentziaren aldekoak. Alderdi tradizionalistekin koalizioak egin zituzten, nekazarien artean eragin handia izan zuten, eta izatez katoliko ziren. Mugak ezarri nahi zituzten gaztelaniaren, sozialismoaren eta liberalismoaren aurrean, eta euskaldunen odol garbia defendatzen saiatu ziren.

Nafarroan Euskara elkartea sortu zen XIX. mendearen bukaeran, geroko Zazpiak Bat delakoaren aitzindaria. Foruak berreskuratzeko asmotan, lau probintziak elkartuz eta alderdi eusko-nafar bat sortuz 1876-78 urte tarte horretan euskal lurraldeak batu nahi izan zituzten. Kanpion ibili zen mugimendu horren buru. Horiek ere foruzale erregionalista katoliko izan ziren, baina ez separatista. Eragin handia izan zuten karlistek mendearen bukaeran politikara itzuli ziren arte, Iruñean batez ere.

Horien guztien gainetik Sabino Arana agertzen zaigu denen artean gailen: hura izan zen herria lotzen zuten lokarriak eteteko behar zen kemenez ekin eta euskal nazionalismoa indarberritu eta suspertu zuena.

Sabino Arana hasierara igo

Sabino Arana --- Bideoa Ikusteko klik egin1865ean jaio zen, Abandon. Handikien etxekoa zen, karlista familiakoa. Garai hartan herriaren egoera nahiko nahasia zen: euskara atzera egiten ari zen nabarmen, mugimendu nazionalistak nonahi ziren Europan, foruak desagertzeak krisi politikoa eragin zuen eta industria iraultzakgizarte eraldaketa handia sortu zuen. Kanpotarren emigrazioa ere hortxe zegoen euskaldunen izaera eta bizimodua azpian ote zituen ez ote zituen harrapatuko ezpata Damoklesen buru gainean bezalaxe kakotik zintzilik.

Sabino Arana izan zen euskal abertzaletasunaren gidari nagusia. Anaia Luisi esker, argi ikusi zuen Euskal Herriko arazoei bilatu behar zitzaien irtenbidea ez zuela karlismoak ez bilatuko ez aurkituko. "Euskal Herria da euskaldunen aberria" egin zuen oihu, eta hargatik ez zen, karlismoak egin zuen moduan, espainiar arazoetan sartu.

Karlistaldian Lapurdira joan zen etxekoekin. 1876an itzuli ziren. Urduñan jesuitetan batxilergoa egin eta Bartzelonara joan zen zuzenbidea, filosofia, letrak eta izadi jakintzak ikastera. Euskal Herrira itzultzean, euskara ikasten hasi zen. Hogeita zazpi urterekin idatzi zuen Bizcaya por su independencia bere lehen liburua. Independentziaren aldeko zabalkundea egin zuen gero ia Euskal Herri osoan.

1893an, Euskalerria elkartekoekin antolatutako bilera batean JEL, ,Jaungoikoa eta Lagi Zarra” sortu zuen, karlisten “Jaungoikoa eta Foruak” delakoa ordezkatzeko asmoz edo; gero, halako batean, EAJ bilakatu zen, “Euzko Alderdi Jeltzalea”, alegia. Sabino Arana izan zen lehendakaria 1903an hil arte.

Haren ideologia Bizkaitarra aldizkarian zabaltzen zen; garai hartan, kazetaritza zen alderdi politikoek beren ideiak zabaltzeko zuten bide bakarra, eta alderdi bakoitza egunkari eta aldizkari ugari izaten saiatzen zen.

Sabino Arana diputatu atera zen Bilbotik 1898ko hauteskundeetan. 1901ean Euzkadi hiruhilabetekaria argitaratzen hasi zen. Bere ideiak plazaratzeagatik behin baino gehiagotan sartu zuten kartzelan. 1903an oso gaixorik irten zen espetxetik, bertan urte bete pasatu ondoren. Urte berean hil zen, Sukarrietan, 38 urte zituenean.

Alderdia gizartean sustraitu zedin nahi zuen, eta bere burutapenak eta asmoak zabaltzeko bideak sortzen ahaleginak egin zituen: 1894an Euskeldun Batzokija sortu zuen euskaldun garbientzat (jatorrizko bazkide izateko lehen lau abizenak euskaldunak eduki behar ziren), eta 1895ean, abertzaletasuna zabaltzeko asmoz, Bizkai Buru Batzarra, EAJren lehen erakundea.

Alderdiarentzat ikur asko sortu zituen; horiek, geroenean, Euzkadiko ikur bihurtu ziren:

»  Ikurrina (lehendabizi nazionalismoaren ikurra izan zen; gero Bizkaikoa, eta 1935etik aurrera, Euzkadiko Gobernuarena).

»  Euzkadi hitza, ordu arteko Euskalerriaren ordez.

»  Euzko abendaren ereserkija.

»  Aberri eguna. Alderdiarena izan zen lehendabizi; gero Euzkadirena. Bere ideiekin bat eginez, kristauen jaiegun handi bat aukeratu zuen Aberri Egunerako: Bazko igandea. Alderdiarena San Migel eguna zen.

Sabino Aranaren ustez Euskal Abenda zen oinarria. Horregatik Euskal abendari eta Euzkadiri garbi eusteko maketoak kanpora bidali behar ziren.

Sabino Aranaren abertzaletasuna Jaungoikoan, Lagi Zarrean, arrazan, euskaran, independentzian eta nekazarien bizimoduan oinarritzen zen.

Puntu badaezpadako batzuk

»  Bere ideiak azpimarratzeko asmoz, mitologia sortu eta suspertu zuen. Foruak, independentziarekin parekatuz, mitifikatu egin zituen.
       
»  Integrista, katolizista amorratua izan zen.
       
»  Antiliberalista (liberalek industria iraultzarekin batera atzerritarren inbasioa ekarri, euskal ohiturak txartu eta aspaldiko Euskal Herria suntsituta utzi zutelako), arrazista ere bazen.
       
»  Euskal kulturari eta euskarari berari bultzada handia eman bazion ere (horretarako hainbat liburu idatzi zituen), garbizalekerian gehiegixko ito zen: latinetik edo beste edozein hizkuntza batetik zetorrela hitza sumatzen bazuen, haren ordez berria sortzen zuen, esate baterako urrutizkiña. Ortografia sistema berria proposatu zuen (Lecciones de ortografía vizcaína, 1896) eta pertsonentzako euskal izenak bilatzen edo asmatzen saiatu zen (Deun ixendegi euzkotarra, 1910ean argitaratua).

EAJko kideakhasierara igo

Hasiera batean burges txikiek eta erdi mailakoek osatu zuten alderdia, baita ontzigintzan ari zirenek ere. Alderdi berriak eragin berezia izan zuen, gainera, nekazarien artean. Haiek, modu eraginkorrean, bat egin zuten Sabino Aranaren iritzi eta tesiekin. II. Karlistaldiaren ondoren galdutako eskubideak berreskuratzeko eta industrializazioa eta inmigrazioa ezartzen ari ziren gizarte mota berriari aurre egiteko bidea eskaini zien Aranak berezko eta betiko euskalbalioak azpimarratuz.EAJren hedapena industrializazioak izan zuenaren parekoa eta araberakoa izan zen: industrializazioaren inguruan gertatzen ari ziren aldaketen aurkako nolabaiteko joera izan zuen, Bizkaian lehenik, Gipuzkoan gero, eta XX. mendearen hasieran eta gerra ondoan, Araban eta Nafarroan.

Euskalerriakoak EAJn sartu ziren XX. mende hasieran. EAJ moderatuagoa izaten hasi zen, eta haren jarrerak ere zertxobait aldatu egin ziren.

EAJren eragina hasierara igo


Euskeldun Batzokija
1893an EAJ sortu zuenetik aurrera Sabino Arana gogotik saiatu zen EAJ alderdi huts baino zerbait gehiago izan zedin. EAJri barren-barrendik eragin zion eta haren zabalkundea egin zuen gizartean. 1894an Euskeldun Batzokija sortu zuen, ahal zen euskaldun gehien bil zitezen eta haren ideiak zabal zitzaten; 1895ean Bizkai Buru Batzarra, abertzaletasunaren gidari eta haren zabaltzaile izango zena. Bestalde, Sabinoren ondorengoek, besteak beste, 1904an EGI, Euzko Gaztedia, 1908an Euzko mendigoixale batza, 1922an, Elias Gallastegiren eraginez, Emakume abertzale batza, Euzko-gastetxu batza...jarri zituzten abian.

Batzokien inguruan mugimendu soziokulturala eratu zen: Euzko-ikastola-batza, Euzko-irakasle batza  hilandera, saski-naski, Bizkaiko ezpatadantza batza, EGIren orfeoia, txistulari taldea, antzerki taldea; 1903an Solidaridad de Obreros Vascos (SOV), gero STV bihurtu zena, hau da, ELA (Euzko Langileen Alkartasuna). Alderdia arlo sozial eta sindikalera ere zabaldu zen SOV, ,geroko STV, sortu zenean.

Ideologiak zabaltzen aldizkarietan egin zen lana ere azpimarratu beharra dago, hori baitzen garai hartan alderdi batek bere ideiak zabaltzeko zuen ia bide bakarra. Hauek dira alderdiaren inguruan sortutakoak: Bizkaitarra aldizkaria, Baserritarra astekaria, Gipuzkoarra (1907), Napartarra (1917), Euzkadi (1901etik aurrera hiruhilabetekaria eta 1913az gero egunkaria), Euzkerea, Euzko, Aberri, Ekin, El día, Amayur eta abar.

EAJren bilakaera hasierara igo


Ramon Sota. (1857-1936)
1903an, Sabino Arana hil zenean, EAJ alderdiaren eragina, batik bat, Bizkaian nabari zen. Geroxeago, pixkanaka bederen, Gipuzkoan ere hasi zen sumatzen eta are indartzen. Erradikalismoak zertxobait alde batera utzi eta aldaketa nabarmenak egin ziren alderdian. Euskalerria taldeko Ramon Sota bilbotar burges industrialari eta finantzariari zor zaizkio, neurri batean, aldaketa haiek. Malgutasun hark gero eta jende gehiago egin zuen jelkide.

Hasiera hartan nazionalismoaren mamia eta funtsa Sabino Arana Goiriren baitan zertzen ari zena bazen ere, maisua hil eta gero askotariko joerak agertzen hasi ziren: sabindar ortodoxoak (haren ideiak eta asmoak tiletez tilet segitu nahi zituztenak) batetik, eta abertzaletasunaren bilakaera nahi zutenak bestetik. 1907an bi joera garbi ziren:

»  Euskalerriakoak (euscalerricos). Beren ideiak Euskalduna aldizkarian zabaltzen zituzten, Ramon Sota industrialaria buru zela. Liberal foruzale joerakoak ziren, autonomistak.

»  Aberriarrak deiturikoak, Aberriaren ideiak barreiatzen zituztenak: Luis Arana buru zela, Anjel Zabala, Kizkitza... Independentista eta sabiniano ziren: arraza, euskara, nekazaritza…

Bi talde haien arteko tirabirak gero eta handiagoak ziren; are eta handiagoak Lehen Mundu Gerra (1914an) hasi zenean. Espainia neutral geratu zen gerratekoan, eta horri esker, euskal burgesiak diru sarrera oparoak izan zituen. Horren alde eta aurka azaldu ziren alderdian.

EAJ-k Comunidad Nacionalista izena hartu zuen, alderdi baino gehiago Komunitate izan nahi baitzuen: katalanen Lligaren antzeko. Guztien buru Sota, Eleizalde eta Bikuña. Nazionalismoaren egitura indartu egin zen eta, klase sozialen gainetik, nazionalismoa bihurtu zen batekoen zein bestekoen lotura bakar.

Lehen Mundu Gerraren amaieran, 1917-1919an, nazionalismoak gora egin zuen. EAJk Bizkaiko diputazioa eskuratu eta 1918ko Legebiltzarreko hauteskundeetan, Indalezio Prietok lortutakoa izan ezik, Bizkaiko gainerako kargu guztiak bereganatu zituen. .Hala, hiru euskal diputazioek foruak berriro indarrean jartzeko eskatu zuten, katalanen antzera autonomia zabal bat lortu nahi zen eta.

Kulturari ere bultzada handia eman zitzaion: 1918an, Oñatin, Eusko Ikaskuntza sortu zen, eta 1919an Euskaltzaindia

Erregeren aginduz 1906an Bilboko alkate izan zen Gregorio Balparda buru zutela, alderdi monarkikoek Liga monarkikoa sortu zuten Bilbon 1917an, euskal diputatu nazionalisten asmo separatisten aurka betiere. Liga monarkikokoak kontzertuaren alde ziren, ez, ordea, abertzaletasunaren alde. Talde haien susperraldiak eta Lehen Mundu Gerraren ondorengo krisi ekonomikoak hauteskundeetan boto galera ekarri zieten Komunionekoei.

Garai haietan, katalanak (Francesc Cambo abertzale kontserbadorea buru zutela) Madrilekin paktuak egiten hasi ziren autonomia eskuratzeko asmoz, eta Komunionen ere aldaketak izan ziren: Espainiar Konfederazioa sortu zen. Baina gazte aberriarrak horren aurka agertu ziren Jesus Gaztañaga eta Eli Gallastegi buru zirela. Elkarrizketen aurka azaldu ziren, eta, gainera, gerratean aberastu ziren burges industrialariei euskal nazionalismoarekin langileen interesak defendatu behar zirela aurpegiratu zieten. Euskal kapitalismoa espainiarren interesekin batzen zela ere esaten zuten.

1921ean Eli Gallastegi, Luis Arana eta beste zenbait aberriarrek alderdi independente bat sortu eta EAJ izena berreskuratu zuten, eta ekintza asko antolatu eta herri kulturaren alde gogotik saiatu ziren: lozorroan zeuden emakume batza, mendigoixaleak eta hainbat  antzerki talde berpiztu zituzten, Bilbo inguruan batez ere.

1923tik 1930era bitartean, Diktadurakoan, arazo ekonomiko larriak eta korapilatsuak sortu ziren edonon; baita euskal lurraldeetan ere, Bizkaiko meategietan batez ere. Urte haietan ekintza politikorik ia batere ez zen egin. Aberriarrak, EAJ alderdikoak, legez kanpo ezarri zituzten. Eli Gallastegik atzerrira alde egin behar izan zuen.

Komunionekoak onartuak izan ziren, baina ez zuten ekintzarik egiten ahal. Liga Monarkikoa izan zen Bizkaiko Diputazioan garaile, eta Primo de Riverak estatutu bat prestatzeko agindua eman bazuen ere, euskal diputazioak desegin eta karlistei eman zien agintea.

Abertzaleen ideia eta asmo politiko guztiak lurpean sartuak eta deuseztatuak geratu zirenez, egiten ahal zen gauza bakarra zen kultur ekintzak burutu, eta, hala, 1927an, Euskal Ikaskuntzaren babesean, euskal prentsa eta euskal literatura hedatzeko, Euskaltzaleak elkartea sortu zen. Aitzol eta Lizardi saiatu ziren bereziki elkarte berria aurrera ateratzen.

1930. urtean, Bigarren Errepublika etorri baino lehentxeago, Komunionekoak EAJn sartu eta, bi joerak berriro bat eginda geratu ziren. Bateratze haren aurka talde txiki bat sortu zen: EAE (Eusko Abertzale Ekintza, gaztelaniaz esanda ANV), eta horrek urte berean alderdi berria eratu zuen. Alderdi berrikoak nazionalista eta akonfesional ziren; politikan nahiko eragin txikia izan zuten.

hasierara igo