HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Politika

Liberalismoa:



Liberalismoaren sorrera


Arrasateko Liberalak
XIX. mende hasieran sortutako teoria politikoa da liberalismoa, berriro ezartzekotan ziren absolutismoari eta Erregimen Zaharrari burgesiak eman zion erantzuna, ez baitzen ordu arteko gobernu mota burgesen gogokoa eta ez baitzuten burgesek haien politikan tarterik.

Mundu burgesak politikaz zuen ikuspegia erakusten zuen liberalismoak:

»  Norbanakoa aske da behar duena eta nahi duena hautatzeko.

»  Norbanako guztiek eskubide eta betebehar berak dituzte, legearen aurrean guztiak berdinak baitira (Erregimen Zaharreko aitoren semeen abantailak eta pribilegioak gizartearen aurkakotzat zituzten).

»  Botere politikoak hirutan bereizita egon behar du: botere betearazlea (gobernua), botere legegilea (parlamentua) eta botere judiziala (epaileak).

»  Botere legegilea herriaren ordezkariz osatua dago, hauteskundeetan hautatutako legezko ordezkariz, alegia.

»  Legea da arau nagusia, hark arautu behar du herritarrei dagokien guztia. Hori da muga bakarra. Oinarrizko legeak herriaren Konstituzioan zehatz adierazita egongo dira.

»  Askatasuna orotan eta orotarikoa behar da: adierazpen askatasuna, erlijio askatasuna, prentsa askatasuna, iritzia emateko eskubidea. Gizabanakoari zor zaion begirunea, hori izango da askatasunaren muga bakarra. Estatuaren funtzioetako bat gizabanakoen askatasuna eta eskubideak zaintzea da.

»  Burujabetasuna herriarena da, ez erregerena, eta herriak erabaki eta bideratu behar du estatuaren geroa (etorkizuna).

Liberalismo ekonomikoa ere adigai beretan oinarritu zen: askatasun ekonomiko osoa eta konkurrrentzia librea.

Jabetza  pribatua gauza guztien gainetik, eta estatua jarduera ekonomikoetatik at. .

Ideologia liberal hori erdi mailako burges txikiek bultzatu zuten. Intelektual gutxi batzuen kontua izan zen hasieran, eta haiek, absolutismoaren aurkako nahasmenduetan zuzenean hartu zuten parte XIX. mendean zehar. Botere politikoaren eta legearen aurrean berdintasuna lortzea zen helburua.

XIX. mendearen erdialdetik aurrera liberalismoa Europako nazio askotan zabaldu zen: ordu arteko aginte sistema absolutista monarkia parlamentario eta konstituzional bilakatu zen. Liberalek boterea hartu orduko hasi ziren burgesen eta proletarioen arteko gatazka sozialak: eskumenean zuten egoerari eskumendean eutsi nahi zioten agintari berri liberalek. Politikan eta ekonomian liberal izateak burges kontserbatzaile izatea adierazi nahi du harrezkero.

Liberalismoaren joerakhasierara igo


Prim jeneralaren aurkako atentatua (1870.12.27)
Liberalismoaren barruan bi joera nabarmendu ziren: moderatua eta erradikala. Moderatuek ez zioten erregeren botereari mugarik ipini nahi; gutxi batzuek goberna zezaten nahi zutenez gero, errolda-bozkatzearen alde agertu ziren.

Erradikalek edo aurrerakoiek bozkatze unibertsala ezarri eta herri xehearen parte hartze politikoa gehiagotu nahi zuten, eta erregerena mugatu.

Liberalismoa Espainianhasierara igo


Cadizko konstituzioa
Espainiar liberalak aurreneko aldiz Cadizko Gorteetan agertu ziren 1812ko Konstituzioarekin.

1820az gero liberalak bi sailetan zeuden banatuta. Karlismoaren aurkako lehen gerratean Isabel II.aren aldeko liberalek Espainian irabaztean, gobernu liberalak ezarri ziren, eta orduan azaldu ziren bi joera liberalakNarvaez-en aldekoak (moderatuak) eta O'Donell-en Elkarte Liberala (aurrerakoiak). Alfontso XII.aren monarkia berrezarri zenean (1876tik aurrera), Sagastaren alderdi liberala eta Canovasen alderdi kontserbadorea (liberalen artean kontserbadoreena) txandatu egin ziren urte askotan gobernuan. Gauzak ez ziren gehiegi aldatu XX. mendearen hasieran, ezta  Antonio Maura-ren gobernuekin ere.

Euskal Herriko liberalismoa hasierara igo


Gamazoren aurkako protestak Gernikan
Euskaldun liberalek liberalismoaren ohiko ideiak atera nahi zituzten aurrera. Horrez, gainera, foruen defendatzaile agertu ziren.

Liberalismoa, batez ere, burgesia (merkatariak lehendabizi eta industrialak gero) indarrean zegoen hiri eta herrietan nagusitu zen. Bilbon eta Donostian, hasieran,  Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen (RSVAP) bidez zabaldu zen liberalismoa.

Liberalen artean bi joera nabarmendu ziren:

Aurrerakoiak:

»  Foruak ezeztatzearen aldekoak: J. A. Larramendi, Espoz y Mina, Arana, Gaminde...

»  Bizkaitarrek nekazaritzako lurrak baliogabetu egin nahi zituzten eta Somorrostroko burdinaren esportazioa indartu.

»  Donostiarrek, batetik, kargu foraletara heltzeko nobleziak ezartzen zituen trabak desegin nahi zituzten, eta, bestetik, merkataritzari eta industriari hobeto eragiteko mugak itsasaldera eraman.

»  Nafarroan, azkenik, artean gorteak estamentuka biltzen zirenez, gobernatzeko modu haren aurka borrokatu ziren liberalak.

Moderatuak:

»  Foruzaleak ziren. Foruak aldatu nahi zituzten, baina onuragarri ziren neurrian bere hartan eutsi nahi zitzaien: milizia sistema, foru baimena, botere judiziala eta administrazio antolaketa autonomoa.

»  Haietarik ziren, besteak beste, Moraza, Sagarminaga eta Elkartasun Liberalekoak: 1876an foruak ezeztatu zituen legearen aurka zeudenak ziren, Euskalerria elkartea sortu zutenak (XX. mende hasieran EAJn sartu ziren).

Bigarren Karlistaldiaren ondoren, foruen kontrako teoriak zabaldu ziren liberalen artean. Canovasek foruak aldatzeari buruz bakarrik hitz egin bazuen ere, azkenean, 1876an, erabat ezeztatu eta haien ordez Kontzertu Ekonomikoak sortu zituen. Horiek horrela, liberal foruzaleak gogor borrokatu ziren eta foruak berriro ezartzeko eskatu zuten.

Foruak hasierara igo


Iruñea. Foruei momumentoa
Herri edo herrialde bateko usadio, ohitura eta zuzenbidea idatzita biltzen dituen araudi multzoari esaten zaio forua. Euskal Foruen arabera, eskubide indibidual eta zibilak zituzten herritarrek: giza eskubideak errespetatzen zitzaizkien, bake garaian soldaduska egitetik libre zeuden, zerga erregimen berezi eta pribilegiatua zuten, aduanako zergak ordaindu beharrik ez zuten, eta abar. Foru legeak idazteko eta aldatzeko ahalmena zuen herrialde bakoitzeko batzarrak. Erregek indar handia zuen, baina foru baimenak zioena edo kontraforuan zetorrena kontuan hartuz batzarren eta erregeren indarren arteko oreka galga berean jarri nahi zen.

Foru erregimen hura Euskal Herriko herrialdeen konstituzioa izan zen hainbat mendetan. Dena dela, Erdi Aroan oinarrituriko lege multzoak aldaketak izan zituen mendeak joan mendeak etorri.

1714an, Felipe V.arekin Espainian borboiak sartu zirenean, herrialde askotako foruak hautsi eta ezeztatu zituzten botere zentrala indartzeko asmoz: Aragoikoak, Valentziakoak, Kataluniakoak eta Balear Uharteetakoak.

Karlismoa hasierara igo


Karlos VII. a (1848-1909)
Fernando VII.aren anaia Karlos Maria Isidroren aldeko joerari deitzen zaio berez karlismoa. 1833an sortu zen: Fernando erregea hil ondoren haren alaba Isabel erregina bihurtu nahi izan zutenean, borboien Lege Salikoaren arabera emakumezkoak ezin baitziren tronura igo.

Karlosen inguruan bildu zirenak ideologia politiko zehatz batekoak ziren: absolutistak, Erregimen Zaharra berrezarri nahi zutenak. Haien goiburua Jaungoikoa eta Erregea zen.

Karlisten aurrez aurre Isabelen jarraitzaileak zeuden, hau da, liberalismoa aldarrikatzen eta defendatzen zutenak. Liberalen eta karlisten arteko gerrateak bi izan ziren (batzuen ustez, hiru): 1833tik 1839ra lehena, eta 1872tik 1876ra bigarrena.

Bi ideologia politiko desberdin zeuden auzitan horien artean:

»  Karlistak: Erregimen Zaharra defendatu eta lehen garai bateko pribilegioak berreskuratu nahi zituztenak: lurjabeak eta eliza (ordu arteko pribilegioei eutsi nahi zieten). Haiez gainera, elizgizonek hartaratuta, nekazariak. Baina euskal karlisten ideologia politikoa eta espainiarren ideologia politikoa biziki desberdinak ziren. Mendez mende zirauten ohitura zaharrei eta legei, hau da, Foruei eutsi nahi zieten euskal gizartean gehienek. D. Karlosek erregetza eskuratzeko Erregimen Zaharra defendatzen zuenez eta, ondorioz, legedi zaharra (euskal foruak barne), euskaldun gehienak, Foruak defendatzearren, karlisten alde jarri ziren kementsu. Euskal Herriak bere berekia zuen legedia (forua) defendatzeko altxatu ziren karlistak hegoaldeko lau probintzietan.

»  Liberalak: karlisten kontrarioak. Egoera aldaketa nahi zuten, eta konstituzio eta botere banaketaren aldekoak ziren: burgesak, eskulangileak, merkatariak, industrialariak…Foruan zetozen hainbat atalek traba egiten zieten euskal merkatariei, aduanak Ebron egoteak bereziki. Merkatari burgesek, nazioarteko merkatuan aritzeko zailtasunak zituzten, eta Espainiakoan lehiatzeko zergarik ez ordaintzeko, aduanak Ebro ibaitik itsasora eramatearen alde agertu ziren. Herri xeheak, ordea, kanpotik zetozen produktuak zergarik ordaindu gabe erosten zituen eta, beraz, merkeago eskuratzen. Horregatik altxatu ziren liberalen aurka eta sartu ziren foruak bermatzen zizkieten karlisten lerroetan.

Karlismoak ezaugarri bereziak zituen Euskal Herrian, Lehen Karlistaldian batez ere. Hau zen arazoaren giltza: foruei bere horretan eustea, Eskal Herriari zegozkionei bereziki.

Euskal Herriak bere berekia zuen legedia (forua) defendatzeko altxatu ziren karlistak hegoaldeko lau probintzietan. Aldeko agertu ziren tradizionalistak, elizgizonak, zenbait handiki, eta baserritarrak.

Liberalak, berriz, merkatariak ziren, ilustrazioaren eragina zutenak, eta Napoleonen aurka borrokatu ziren.

Lehen Gerratean oso nabarmena izan zen hiriburuetako liberal eta probintzia barruko karlisten arteko borroka. Luze iraun zuen Lehen Gerrate hark: 1839an amaitu zen, Marotok eta Esparterok Bergarako hitzarmenean Bakea eta Foruak eskaini zituztenean.

1841ean, liberalek Karlistaldian irabazi ondoren, aduanak Irunera pasatu ziren. Horrek askotariko ondorioak izan zituen euskal lurraldeentzat. Donostiako merkatariak bat zetozen, baita Bilboko meategietako jabe kapitalistak ere, Espainiako merkatuaren atea zabal-zabalik uzten baitzitzaien. Gasteiz, aldiz, krisi gogorrak jo zuen: ordu arte aduanan ordaindu zen muga-zergarik gabe gelditu zen, musu huts.

Egoera ekonomiko berriari esker Euskal Herrian lehenbiziko industriak eraikitzen hasi ziren: Boluetako fabrikak, Tolosako paper fabrikak.

1868an Iraultza Gloriosoa burutu zen Espainian. Isabel II.a Frantziara alde egitera behartu zuten, eta hori dela eta karlisten barrena berriro berotu zen, Karlos VII.ak koroa eskura zezan nahi baitzuten. 1872an hasi zen Bigarren Karlistaldia. 1875ean Alfontso XII.a errege aulkiaz jabetu zen.

Espainian Bigarren Karlistaldia gehiena motibatu zuena erlijioaren defentsa izan zen, Lehen Errepublikan jasandako jazarraldiaren ondotik bereziki. Euskal Herrian bazuten beste motibo bat ere: 1839an baino lehenago indarrean zegoen erregimen foral hura bera berriro ezagut eta onar zezaten nahi zuten.

Oraingo parte-hartzaileak goi klase abantailatsuetako jendea zen. Kapitalismoa sendotzen hasi berria zen, eta 1873tik aurrera Lehen Errepublika ezartzeak ekarri zuen desestabilizazio politikoak karlismorantz bultzatu zituen asko eta asko.

Liberal foruzaleak ere karlisten alde atera ziren. Foruak gaurkotzen eta eraginkorrago bihurtzen saiatu ziren 1839tik 1876ra, ez zuten alabaina ezer lortu gobernu zentralistaren partetik, eta horrexegatik egin zuten karlisten alde bigarren karlista gerratean.

Bigarren Karlistaldian, batez ere, Euskal Herrian, Aragoin, Katalunian eta Gaztelan egin zen gerra. Hasiera batean jende gutxik hartu zuen mugimenduan parte: diru eskasia zegoen, boluntario gutxi eta nazioartean eragin urria, hau da: nahi hutsa, eragin indarrik gabekoa.

1872an, Zornotzako Hitzarmenaren bidez foruei eta erlijioari eusteko akordioa edo hitzarmena izenpetu zenean esan daiteke amaitu zela Araban eta Bizkaian Karlistaldia. Hori ez zuten, ordea, Don Karlosek eta Santa Kruzek onartu. Euskal Herrian Santa Kruz apaiza izan zen gatazka askoren sortzailea.

1873an espainiar errege Amadeo I.a Savoiakoak abdikatu eta Lehen Errepublika ezarri zenean, egoera politikoa erabat aldrebestu eta karlismoaren alde jende asko jarri zen. Karlismoak dagoeneko prestatua zedukan armada bat, baita Santa Kruz zen bezalako buruak zituzten talde anarkiko batzuek ere.

Euskal lurraldeetako diputazioak karlisten etsai agertu ziren bigarren gerra karlistan, eta beren mikelete, miñoi, guardia foral eta guzti, haiei aurka egin zieten. Era berean, lau hiriburuek liberal izaten segitu zuten, eta hori dela-eta hiriburuak setiatu zituzten (Bilbo 125 egunez setiatua egon zen). Euskal Herria ia oso-osorik karlisten eskuetan zegoen.

1875. urtea joateko zorian zenean Alfontso XII.a errege aulkiaz jabetu zen, eta handik laster bukatu zen gerra. Liberalen armada karlistena baino prestatuago zegoen, eta karlistek, beste zereginik ez zutelako edo atarramentu onik ez zutela aterako uste zutelako, amore eman zuten. Horrezaz gainera, Alfontso XII.ak bakea eta ordena agindu zuen eta, beste gabe, ordu arte karlisten alde borroka egindako asko haren alde jarri zen.

Inon baino lehenago Katalunian bukatu zen gerra, gero erdialdean, eta, azkenik, Euskal Herrian. Armada handi baten buruzagi gisa azaldu zen Alfontso XII.a Iruñea hiri setiatura. Don Karlosek, beste behin, atzerrira alde egin zuen 1876ko otsailaren 27an.

Bigarren Karlistaldiak ondorio latzak izan zituen euskal lurraldeetan. 1876an Espainiako beste lurraldeetan dagoeneko ezeztatuak zeuden foruak Euskal Herrian ere ezeztatu egin zituzten. Okerren okerrena euskal mutilak soldaduska egitera behartu zituztela.

Gainera, bigarren karlista gerra hori oso luzea izan zen, lau urte iraun zuen-eta Euskal Herrian. Jende asko hil zen, egoera ekonomikoa txartu zen, eta, behar ere bai eta, horrenbeste zoritxar jasan eta halakoxe hondamendi izugarrian amiltzeko arriskuan egon ondoren, herriak gerrari uko egin zion.

Kontzertu  ekonomikoak hasierara igo


Alfonso XIII.a Gipuzkoako Diputazioan
Lehenbiziko Karlistaldiaren ondoren foruen kontrako hotsak entzuten hasi ziren. 1841ean Nafarroak hitzarmen bat izenpetu zuen, baina gainerako probintziek ez, eta, horrenbestez, foruak murriztu egin zitzaizkien.

1876an, Bigarren Karlistaldiaren ondoren, asmo sutsuak zituen Canovasek: konstituzioa bete egin behar zen eta, beraz, zergak ordaindu, nahitaez soldaduska egin, etab. Egoera oso berezia zen 1876ko uztailaren 21ekoa: Canovas del Castillo-k Euskal Foruak ezeztatzen zituen legea izenpetu zuen.

Foruak ezeztatzen zituen legea izenpetu zenean, euskal Batzar Nagusiek legearen baliogabetasuna galdegin zuten, eta legea betearazten ez zutela lagunduko adierazi zuten Diputazioek. Eta hala, Diputazioei kintotara hots egiten hasteko esan zitzaienean, Batzar Nagusiak aurka jarri ziren, eta Canovasek deuseztatu egin zituen.

Zerga sistema zehazki finkatzeko Kontzertu Ekonomikoa ezarri zen, autonomia fiskalari bere horretan eutsiko zion zerga sistema, alegia. Lehenengo Kontzertua (1878an) neurri zerbait igarokor gisa pentsatua izan zenez gero, zortzi urterako ezarri zen. Bigarren Kontzertu Ekonomikoa 1887an izenpetu zen. Kontzertu iraunkorra, alegia behin betikoa izango zela uste bazen ere, hiru kontzertu berri ezagutu ziren Gerra Zibilak eztanda egin aurretik. .

Kontzertu Ekonomikoei esker Diputazioek biltzen zituzten zergak, eta bildu eta gero hitzarturiko kopuru bat ordaintzen zioten estatuari. Kupoa ordaindu esaten zitzaion horri, eta ordaindu beharreko kupo edo kuota edo zenbatekoa, probintzia bakoitzeko diru sarrera kontuan hartuta, negoziatu egiten zen.

Foruak ezeztatu ondoren egin zen legeari eskerrak aberasten ari zen burgesia industrialarentzat (orain berriro Bizkaiko mea esporta zezaketen) eta burges merkatarientzat sistema hori egokia izan zen; zerga gehienak zeharkakoak zirenez, herri xeheari egiten zitzaion kalterik handiena, ez aberatsari.

Diputazioek, nolabait ere, lurraldeko bizitza kontrolatzen jarraitu zuten Kontzertu Ekonomikoei esker. Espainiar estatuak amore eman zuen autonomia fiskalaren aurrean, ez baitzuen ezein administrazio sistemarik euskal probintzietan. Hitzarmena izenpetu gabe, jakina, ia ezinezko zitzaion zergak, kobratzea.

hasierara igo