HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Kultura

Donostiako Orferioa. 1897

Musika:

XIX. mende hasierako musikaririk iaioena Juan Crisostomo Arriaga bilbotarra da. Gazterik hil zen. Horrezaz kanpo ez zen izan Euskal Herrian XIX. mendean goren mailako musikagilerik. Aipatzea merezi dute alabaina zarzuelagile biok: Joakin Gaztanbide Tuterakoa eta Emilio Arrieta Gareskoa. Baita beste biok ere: Julian Gaiarre opera-abeslari ospe handikoa, nafarra, Erronkarin jaioa, eta Pablo Sarasate, birtuositate handiko biolinista, Iruñean jaioa. Eta Hilarion Eslaba, Burlatan 1807an jaio eta Marilen 1878an hila; eliz musika   ondu zuen eta, batez ere, musika ikasteko lan pedagogiko eta metodo asko idatzi zuen, eta horiek, 1861ean, Kontserbatorioko testu ofizialtzat hartu ziren.

Orfeoiak ere sortu ziren mendearen azkenean: Sociedad Coral de Bilbao, 1886an; Orfeón  Pamplonés, 1896an; Orfeón Donostiarra, 1897an.

XX. mendearen hasiera euskal operaren aldia izan zen. 1910ean estreinatu zen Jose Maria Usandizaga donostiar musikagilearen eta pianistaren Mendi-Mendiyan opera, eta Jesus Guridi arabar musikariaren Mirentxu (1910), Amaia (1920) eta El Caserío (1926) operak, eta Las diez melodías vascas (Madrilen estreinatu zen, 1941ean). Entzute handikoak dira Pablo Sorozabal (1897-1988) donostiarrak sortu zituen Katiuska (1931), La del manojo de rosas (1934), La tabernera del puerto (1936) zarzuelak, eta Maitetxu, Baserritarrak, Gabiltzan kalez kale, Ku-ku eta beste asko herri kanta.

Biziro aipagarria da Aita Donostia (Jose Gonzalo Zulaika - 1886-1956) donostiar musikari eta musikologoa.

      

Ororen gainetik Maurice Ravel lapurtarrak merezi du aipatzea. Aita suitzarra zuen eta ama euskalduna (1875–1937). Ziburun jaio zen eta Parisen hil.