HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Kultura

Kultur idatziak:



Pizkundeaurrea (1850-1876)


Eukalkien mapa. Luis L.Bonaparte
1876. urtea oso garrantzitsua da euskal kulturaren bilakaeran: Bigarren Karlistaldia zela eta ez zela, euskal foruak kendu egin zituzten; beste gabe, etorkizunaz grinatsu, euskaldun asko bide berri bila hasi zen euskal kulturari astindu eder on bat emateko asmotan.

Egia esan behar bada, ez da muga erabatekoa 1876 hori, hura baino lehen izan baitzen gertakari garrantzitsurik eta ekintza aipagarririk.

Hemeretzigarren mendearen hasieran Euskal Herrian gaindi ibili zitzaigun Humboldt alemaniar jakintsua, eta Euskal Herriari buruzko ikerketetan zientzia metodoak aplikatu zituen.
        
Bigarren pertsonaia aipagarria ere atzerritarra da: euskalkiei buruzko lehen ikerketa serioak bideratu zituen Luis Luziano Bonaparte printzea. Euskararen eta euskal literaturaren geroko bilakaera ez dago ulertzerik bi ikertzaile haiek jarri zituzten oinarriak aintzat hartu gabe.
       
Antoine Abbadia da hirugarrena, Irlandan jaioa baina ama zuberotarra zuena. Lore jokoak antolatzen hasi zen, Iparraldean lehenbizi, 1853an, eta Hegoaldean gero, etafolklorea eta literatur lehiaketak zituen oinarritzat.

Pizkundea (1876-1936) hasierara igo


Arturo Kanpion
Begien bistako gauza da garai hartako euskal literaturak asko zor diola aurreko  hamarraldietan Humboldt, Bonaparte eta Abbadiak egindako lanari, baina begien bistakoa ere da aurrez prestatu zenari eta hari zioten zorrari erantzun bipila eta bultzada sendoa eman ziotela haien ondotik etorri ziren idazleek.

Garai hartako euskal kultura aztertzean berehala sumatzen da Erromantizismoaren eragina eta ukitua. 1876an foruak ezeztatu eta gero haien inguruan sortu zen eztabaidak eta haserreak pertsona eskolatuak herriaren izaera aztertzeko jakin-minez eta sendotzeko irrikaz zeudela garbi-garbi nabari da. Beraz, faktore asko dira kontuan hartzekoak urte haietan euskal letrek izan zuten piztea, loraldia esplikatzeko.

XIX. mendearen azken urteetan gertatu zen pizkundea Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara hedatu zen, eta, ondorioz, euskaltzaleen interesa sustatu eta bultzatzeko aldizkariak eta elkarteak sortu ziren.

Iruñekoa dugu lehena, 1877koa. Revista Éuskara zuen izena, eta euskara, historia eta literatura zabaltzea zen horren helburua. Iturralde eta Arturo Kanpion idazleak nabarmendu ziren ororen gainetik..

Pixka bat geroxeago, 1880an, Euskalerria aldizkaria sortu zen Donostian, Jose Manterolaren ardurari esker. Aurrekoak baino iraupen luze eta oparoagoa izan zuen eta Donostiako euskal bizitzaren suspertzaile gertatu zen.

 Bilbon Euskalerria elkartea sortu zen eta Gasteizen Revista de las Provincias Éuskaras aldizkaria, biak helburu beretsuarekin.

Aldizkari haiek eta, lehendabizi Iparraldean eta gero Hegoaldean, Abbadiak eta Manterolak antolatu zituzten Lore jokoak garrantzi handikoak izan ziren euskal letren Pizkundean: interesa sortzeaz gainera, zenbait lan literario sortu eta argitaratzeko bide eman zuten.

Aipagarria da, bestalde, idatzi erlijiosoek ordu arteko euskal literaturan izan zuten erabateko nagusitasuna apaltzen hasi zela garai hartan. Artean asko ziren erlijioari buruzko testuak, baina baita inoiz baino ugariago ere beste gai batzuk jorratzen zituztenak.

Hizkuntz joerak hasierara igo


Euskaltzaindia 1927an
1876tik 1936ra, literatura ez ezik hizkuntzalaritza ere lantzen hasi ziren zenbait euskaltzale. Sail horretan hiru gailendu ziren ororen gainetik, hirurak bateratsu jaioak.

Sabino Arana Goiri da lehenengoa. Ez zen hizkuntzalari gisa egindako lanengatik bereziki nabarmendu, baina euskararen inguruan sortu zuen giroa eta harenganako erakutsi zuen jarrera, oso onuragarri gertatu  zen.

Hizkuntza aztertzen Resurreccion Maria Azkue eta Julio Urkijo saiatu ziren batik bat Biak-ala-biak hizkuntzaren azterketa teknikoa eta zientifikoa bideratzen eta lantzen gogotik saiatu ziren. Urkijok Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) sortu zuen, 1907an, eta denboraz Euskal Herriko eta atzerriko euskaltzale guztien bilgune bilakatu zen.

1918. urtea urte berezia da hizkuntzaren bilakaeran. Urte hartan Oñatin elkartu ziren euskal hizkuntzalari eta letra gizonak, eta bi erakunde gero garrantzi handia izango zutenei bizia eman zieten: Eusko Ikaskuntza, literatura eta eskola liburuak sortzeko, eta Euskaltzaindia, hizkuntzari berari buruz jarduteko. Azkue, Kanpion, Eleizalde eta Urkijo, horra hor lehen lau euskaltzainak.

Poesia eta prosa hasierara igo

Poesia >>> "MENDIGOXALIARENA"

Poesia >>> "LANGILE ERAILDU BATI"


Euskaltzaleak Gernikan
Garai hartan bizitako hiru poeta sentibera eta minbera aipatzea merezi du: Pierre Topet Etxahun, Bilintx eta Iparragirre. Industrializazio prozesua hasi baino pixka bat lehentxeago edo pixka bat geroxeago hil ziren; dena den, oraindik ere izugarri famatzen dira  haien lanak. Etxahunek eta Bilintxek batez ere beren bizitzako zoritxarrak kantatu zituzten; Iparragirre erbesteko zoritxarraren eta herriminaren ahotsa eta kantaria da.

1876tik 1936ra arteko poeta gehienak Lore jokoetan parte hartutakoak dira. Jean Baptiste Elizanburu da guztien buru. Poeta sentibera, herriminak joa. Baita Grazian Adema Zaldubi ere, Iparraldean, eta Felipe Arrese Beitia, Hegoaldean.

Haiez gainera aipamen berezia merezi dute aita Basilio Joannateguy beneditar Ehun bat Sainduen bicitcea idatzi zuenak, Jean Hiriart-Urruty kalonje zinez prosista bikainak, Saint-Pierre monsinoreak, Soubelet kalonjeak eta halako beste batzuek, guztiak Iparraldekoak. Inor aipatzekotan, hala ere, aipatu behar da Fantzisko Laphitz arizkundarra. Arizkunen jaio bazen ere, lehenik Larresoron eta gero Baionako seminarioan egin zituen apaiz ikasketak eta Baigorrin aritu zen apaiz laguntzaile gisa eta, ondoren, Zuberoako Altzai herrixkako erretore izan zen. Orduantxe idatzi zuen eta argitaratu Bi saindu heskualdunen bizia. Benetan bizia, dotorea, grazia handikoa da haren hizkera. Amerikan hil zen.

Aipamen ongi merezia dute, bidenabar, Lizardik (1893-1933), Lauaxetak (1905-1937) eta Orixek (1888-1961), Garai hartan jaioak badira ere, hurrengo belaunaldikotzat hartzen dira.

Bertsolaritza:hasierara igo

Bertsoak >>> "1. KARLISTADAK" ---- "2. FORUAK" ---- "3. AURRERAPENAK ETA GIZARTEA" ---- "4. ABERTZALETASUNA" ---- "5. GERRAK ETA SOLDADUTZA" ---- "6. ERBESTEA" ---- "7. LANGILEGOA"


Otaņo, Jose Bernardo eta Pello Errota
Euskaldunen artean garrantzia handia izan du bertsoak bat-batean botatzeko gaitasunak. Oso gutxi dakigu XIX. mendea artekoaz, baina badirudi bertsolaritzak bilakaera garrantzitsua izan zuela, mendearen hasieran bertsotan erabiltzen zen teknika oso landua eta garatua baitzen.

Garbi dago bertsolari asko eta onak izan zirela bi Karlistaldien artean (1839-1876). Horien artean aipu ongi merezia dute Bilintx, Iparragirre eta Etxahun-ek, poesia arloan ere aski ezagunak hirurak. Baita Xenpelar bertsolariak ere. Lehenbiziko hiru horiek literatura idatzian-eta, pertsona eskolatuak ziren, Xenpelar alabaina bertsolari eskolagabea zen. Lantzen zituzten gaiengatik eta horiek moldatzeko moduagatik, autore erromantikotzat ditu oraingo jende ikasiak. Norbere bizitzako kontuak konpontzeko eta herriarenak antolatu eta garatzeko irrika bizia agertzen dute beren bertso eta poemetan.


Txirrita eta Sailburu
Bigarren Karlistaldia bukatu eta 1910 etorri bitartean beste bertsolari batzuk azaldu ziren. Plazaratze horretan Abbadiak antolatu zituen Lore-jokoen eragina nabarmena izan zen. Garai horretan bertsolariak herriaren kezken kantariak ziren, herriaren arazo sozialen eta, batez ere, politikoen eta hizkuntzaren kantariak.

Horien artean, Pedro Mari Otaņo zizurkildarra da ezagunenetakoa; gizon eskolatua zen eta hizkuntza kontuetan aski prestatua. Udarregik, Pello Errotak eta beste askok ere garai horretan kantatu zuten, baina aurrekoaren prestaketarik gabe.

Bertsoak bat-batean kantatzeari utzi gabe, garrantzi handia hartu zuen bertsopaperak, hots, bertso idatziak. Horiek, jakina, askoz landuagoak izan ohi ziren.

XX. mendearen hasieratik 1936ko Gerra Zibilera arte, bertsolari berriak erruz azaldu ziren. Gipuzkoan Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" nabarmendu zen batez ere, eta Bizkaian Kepa Enbeita "Urretxindorra". Gehienek ez zuten eragin sozial jakinik. Euskara, emigrazioa, foruen ezabapena eta abar kantatu zituzten; ez zuten, ordea, ia kontuan izan orduantxe garatzen ari zen mundu industriala; langile etorkinen mundua euskararen etsaitzat hartzen zutelako agian. Urretxindorra izan zen ideia abertzaleak gehiena eta zehatzena kantatu zituena, betiere nekazari eta herri kutsu handiarekin.

Antzerkia hasierara igo


rakur - liburua: "Umearen laguna" - 1918
Ezagutzen den lehen euskal antzerkia Acto para la Nochebuena (Gabonetako Ikuskizunak ere esaten zaio) Pedro Inazio Barrutia Basagoitiak (Aramaio, 1682; Arrasate, 1759) idatzi zuen. Ekitaldi bakarreko antzerkia da, eta llabur, lau eta tolesgabe Jesusen jaiotza kontatzen du. Aldi joana eta oraina, sakratua eta profanoa, Belen eta Arrasate elkar gurutzatzen dira, baina ez nahasten. Balio artistiko ezin ukatuzkoa du.

Franzisko Xabier Munibe Idiakez Peñafloridako kondearen El borracho burlado; ópera cómica en castellano y vascuence (1764) delakoan kantuan kantatzen edo esaten dena euskaraz dago. Horixe da, dakigunez, nolabait esan, euskaraz egin den bigarren ikuskizuna.

Donostia izan zen antzerki modernoaren sorlekua. Martzelino Soroa da Iriyarena antzerkiaren egilea, eta, aurreneko aldiz, Ziburun antzeztu zen; liberalen, eta karlisten arteko gerrateak amaitu zirenean jokatu zen Donostian, 1878an, eta lortu zuen arrakastak bultzatuta, lan berriak egiteari ekin zion. Asmo handirik gabe lañoki idatzitako lanak dira, ikusleari momentu onak pasarazteko eginak, barre eginarazteko asmatuak, guztia beharrekoak. Soroak jarraitzaileak izan zituen.

Soroa zen bezalaxe Toribio Alzaga ere donostiarra zen. Alzaga izan zen euskal antzerkia mailaz gora igo zuena: antzerki eta komedia izaera eman zion, eta pertsonaien ezaugarri argi-hilak hezurmamitzen saiatu zen. Donostiako Udalak sortu zuen Euskal  Izkera eta Iztunde Ikastola-ko zuzendaria izan zen Alzaga.

Eleberriahasierara igo


"Garoa" - Txomin Agirre
Eleberriak ez du ia sustrairik euskal tradizio literarioan, eta XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran egin ziren saioak euskara indarberritzeko eta suspertzeko  asmoz egin ziren, betiere Euskal Herriak une hartan bizi zuen protesta giroaren barruan eta haren eraginez. Euskararen aldeko ahalegin hartan ez da harritzekoa lehen nobelagileek, Txomin Agirrek eta Jose Manuel Etxeitak, irakurgayak deitzea beren lanei.

Giro soziokultural hartan erakutsi zuten aurkako jarrerak markatu zuen eleberriaren norabide formal eta tematikoa: euskara balio  nagusi ez ezik balio guztien ardatz ere bazen; euskara euskal nortasunaren muina eta zutabea zen, eta horregatik politikoki hertsiki eskatu behar zen eta kultura mailan garatu.

Horrela ulertzen da garai hartako idazleek baserri eta arrantzale giroa mitifikatu izana, haietan egiten baitzen euskara garbia, jatorra, eta ez euskara gaiztoa, mordoiloa. Nobela haietan mamitzen den arrantzale eta baserritar giroa, jakina, ez da egiazkoa: idazleen gogo-bihotzei darien eredu abstraktu eta idealizatuen argi errainua da. Giro industriala gutxi aztertu zen, eta, horrelakoetan ohi denez, beti bateko doinu negatiboan, euskararen (eta baita erlijioaren ere) mundutik urruti zegoen zerbait bailitzan. Egoerak bere horretan iraun zuen XX. mendearen erdia arte.

Erdal  literaturahasierara igo


Miguel Unamuno
Euskaraz idatzitako literatura urria izateaz gain, kalitatez ere nahiko eskasa zen. Ezin da beste horrenbeste esan erdaraz idazten zuten euskal idazleen lanei buruz.

Egia da mendearen azken aldera arte ez zela idazle aipagarriegirik agertu. Dena dela, mendearen bukaeran, 98ko Belaunaldiko omen direnen artean idazle eta pentsalari ospetsuak ageri dira euskaldunen artean.

Mendearen lehen epe horretan Navarro Villoslada (1818-1895) idazle abertzale bianarra aipatu behar da idatzi zuen Amaya o los vascos del Siglo VIII liburuarengatik. Euskal Herriari buruzko ikuspegi erromantikoan kokatu behar da nafarraren nobela hori. .

Mendearen bukaeran eta hurrengo mendean zehar lehen mailako hiru idazle dira guztiz aipagarri: Miguel Unamuno, bizkaitarra; Pio Baroja gipuzkoarra; Ramiro Maeztu arabarra. Espainiar literatura barruan oso toki propio eta merezia dute bi lehenengoek. Ramiro Maeztu ezagunagoa da pentsamenduaren aldetik.

Unamuno, literatur idazlea ez ezik, pentsalari eta gizon publikoa izan zen. Salamancako Unibertsitateko errektore izendatu zuten. Baroja, idatzi zituen eleberriengatik da batez ere ezaguna. Maeztu Espainiaren gainbeherari konponbidea bilatzen saiatu zen; Espainiak inperioa galdu zuelako erreminduta bizi zen eta horrek faxismotik gertuan ipini zuen.

Gaztelaniazko idatzietan, ezin da aipatu gabe utzi Hermes aldizkaria, espainiar arazoaren eta euskal nazionalismoaren arteko eztabaidan lagundu nahian Bilbon 1917an sortua. Era guztietako idazleek idatzi zuten bertan guztien arteko errespetuzko harremanak bideratu eta folklorismotik eta topikoetatik ihes egiteko asmoz. Euskal Herriaren aldeko ideia progresistak zabaltzen saiatu zen.

Egunkariak eta astekariakhasierara igo


"El anunciador Vitoriano" egunkaria. 1897
Urte  haietan guztietan (1876-1930) ezin konta ahala aldizkari sortu eta desagertu zen Euskal Herrian. XIX. mendean Europan beste horrenbeste gertatu zen. Mementoko giro politikoaren eraginez, joera politiko bakoitzak bere aldizkaria argitaratzen zuen. Iraupen laburrekoak izan ziren asko, eta gehienak maiztasun jakinik gabe argitaratzen ziren.

1866tik 1873ra bitartean Semanario Católico Vasco-Navarro izenekoa argitaratu zen. Bertan foruak eta erlijioa bat-bat eginda defendatzen ziren.

Langileen internazionalismoaren aldeko bi aldizkari argitaratu ziren Euskal Herrian: La Voz del Trabajador, Bilbon, eta El Eco de los Trabajadores, Donostian.
       
Karlismoaren ildoa urratzen zuten aldizkarien zerrenda ere luzea da; gehienak  mendearen azken laurdenean agertu eta desagertu ziren. Bat aipatzekotan, Iruñean 1897an sortu eta luzaroan iraun  zuen El Pensamiento Navarro.

1875etik Gerra Zibilera bitartean prentsa liberalak indar handia izan zuen, eta denetan gehiena nabarmendu zena El Noticiero Bilbaino egunkaria izan zen. Ez zuen inongo alderdi politikorekin lotura zuzenik izan, eta, beraz, nahiko independentea zen, eta berriemaile egokia zelako sona irabazi zuen. Ildo berekoa zen El Liberal ere, baina urteak joan urteak etorri, errepublikazale eta sozialisten aldeko bilakatu zen.

1901ean sortu zen denbora luzean publikatu zen La Gaceta del Norte egunkaria. Alderdiekiko loturarik gabe, Eliza zerbitzatzea zuen helburu. Bizkaiko erdi mailako talde sozial askok ontzat zituzten egunkari horrek liberalismoaren aurka eta foruen alde egindako saioak. Luzaz iraun zuten beste bi egunkari ere sortu ziren garai hartan: Diario de Navarra, Iruñean, 1903an, independente izateko asmoarekin, eta El Pueblo Vasco, 1910ean, bizkaitarren kontserbadurismoaren bozgorailu saiatua..

Joera abertzalea zuen prentsa ere aipatu behar da. Zenbait gorabeheraren ondotik, Euzkadi egunkaria sortu zuten, 1913an, gero, Gerra Zibilekoan, desagerrarazi zutena.  Egunkariak jarrera erradikal-erradikaletik aparte mantentzea lortu zuen, eta bera izan zen euskaraz lanak argitaratzen zituen bakarra. Euzkadi-ko idazlerik aipagarriena Ebaristo Bustinza “Kirikiño” izan zen.