HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Pertsonaiak - Politika:



Alfontso XII.a (1857-1885)


Alfonso XII.a
Isabel II.aren semea. 1868ko iraultza garaian erbestera joan behar izan zuen. Atzerriko ikastetxe onenetan ikasi zuen. Pavia jeneralaren estatu kolpeak Errepublika ezerezean utzi zuenean Ingalaterratik Madrilera aldatu zen. Errege koroatu zuten 1874an eta Bigarren Karlistaldiarekin eta Kubako lehen jazarraldiariarekin behin betiko bukatu zuen.

Espainiaren batasun konstituzionala berretsi, foru lurralde zirenak probintzia soil bihurtu eta Euskal Herriko foruak desagerrarazi zituen.

Bitan ezkondu zen: Maria de las Mercedes Orleans-ekoarekin (ezkondu eta laster hil zen) lehenik, eta Maria Kristina Habsburgo-Lorena-koarekin gero. Tuberkulosi gaitzak hartu eta hartatik hil zen. Hura hil eta geroxeago jaio zen haren seme Alfontso XIII.a.

Alfontso XIII.a (1886-1941) hasierara igo


Alfonso XIII.a
Alfontso XII.aren semea. Jaio orduko errege izendatu zuten; ama Maria Kristina  erregeorde bilakatu zen. Artean adingabe zenean, Espainiaren eta Ameriketako Estatu Batuen (AEB) arteko gerra piztu zen, eta Espainiak Kuba, Filipinak eta Puerto Rico koloniak galdu zituen (1898).

1902an errege koroatu eta 1906an Victoria Eugenia Battenberg-eko printzesarekin ezkondu zen. Marokoren okupazioari tinko eutsi zion.

Lehen Mundu Gerran Espainiako ekonomiak gora egin bazuen ere, sistema politikoa ahuldu eta nagusi-langileen arteko liskarrak piztu ziren. Primo de Riveraren Diktadurari bultzada eman zion 1923an, eta hark aginteari utzi behar izan zionean (1930) koroak berak ere gainbehera egin zuen.

1931ko hauteskundeak errepublikanoek irabazi eta erbestera jo zuen. Erbestean zegoela, Francoren 1936ko jazarraldiaren alde agertu zen. Haren seme Juan izendatu zuen oinordeko.

Amadeo I.a Savoiakoa (1845-1890)hasierara igo


Amadeo Saboiakoa
Italiako Victor Manuel II.aren seme Aostako dukea Turinen jaio eta bertan hil zen. Espainiako errege (1871-73) izan zen: 1870eko Gorteak errege izendatu zuten eta gobernuburua Serrano jenerala izan zen. Bi urte eta hiru hilabeteko erregealdi korapilatsu eta istiluz betetakoaren ondoren, alderdi gehienak aurka zituela ikusi zuenean, abdikatu eta Italiara itzuli behar izan zuen.

Luis Arana Goiri (1862-1951)


Luis Arana Goiri
Bizkaitar  politikaria. Sabinorenanaia. Euskal abertzaletasuna sortu zutenetakoa, hura izan baitzen, hain zuzen, Sabinoren buru-bihotzetan abertzaletasunaren pindarra pitzarazi zuena (1882). Ramon Sota EAJko buru zela, alderdi horretako sektore moderatuaren aurkako sektore erradikalaren bozeramailea izan zen. Aberri astekaria sortu zuen. Alderdiko lehendakaria izan zen, baina Lehen Mundu Gerran Alemaniaren alde agertzeagatik eta alderdiak hauteskundeetan agindutakoa ez betetzeagatik, EAJtik bota zuten (1915). Geroago berriro bat egin zuen alderdiarekin (1930), eta Bizkai Buru Batzarreko lehendakari berrautatu zuten. Baina tirabira batzuk izan eta utzi egin zuen EAJ (1936). Ipar Euskal Herrian bost urte egin eta berriro Bizkaira. Santurtzin hil zen, 89 urte zituenean.

Sabino Arana Goiri (1865-1903) hasierara igo


Sabino Arana Goiri
Euskal abertzaletasunaren eragile eta ideologo nagusia. Abandon jaio zen. Aita eta aitona ontzigileak ziren, biak karlistak. Sabino, orduko, euskara ikasten hasia zen, eta hasiberri hartan Luisek eta Sabinok eztabaidan jardun zuten politikaz. Luisek konbentzitu egin zuen, eta karlismoa alde batera utzi eta Sabino abertzale porrokatu bihurtu zen. Karlistaldian Lapurdira aldatu behar izan zuen familiak. 1876an itzuli ziren etxera, tartean Sabino zela. Urduñako jesuiten ikastetxean egin zuen batxilergoa. Geroxeago, Bartzelonan, zuzenbidea, filosofia, letrak eta izadi jakintzak ikasten hasi zen. Ama hil eta Bilbora itzuli zen (1888).

Bizcaya por su Independencia (1892) delakoarekin eman zion hasiera hizkuntza, politika, historia, arazo soziopolitiko eta literaturaz osatutako obra mardulari: EAJ alderdi nazionalista sortu zuen, Baserritarra aldizkaria, El Correo Vasco lehenbiziko egunkari abertzalea, La Patria astekaria, Euskeldun Batzokija. 1894an, Euskeldun Batzokija, lehen euskal elkarte nazionalista sortu zuen. 1898an Bizkaiko diputatu hautatu zuten. Bi alditan sartu zuten espetxean, eta hark sortutako aldizkariak galarazi zituzten eta batzokia bera ere itxiarazi zuten.

“Jaun-Goikua eta Lagi-Zarra” goiburuak zehazten du ondoena Aranaren ideologia politikoa: erlijioa eta Euzkadiren askatasuna batetik, endaren (arraza) garbitasuna eta euskara aberri hizkuntza izatea bestetik. Anaiarekin batera, Euskal Herriko gaur egungo ikurrina marraztu zuen. Arana Goiri’tar Sabiñ-ena da harako “Euzkadi da euzkotarren aberria””. Euskarari dagozkionetan ere leherrenak egin zituen: ortografia sistema berria proposatu zuen, pertsonen izendegia, lexikoaren garbizaletasuna, hau da, beste hizkuntzetatiko hitzik edo joskerarik onartzen ez duen joera edo bidea. Aipagarri dira, Etimologia euskérika, Gramática elemental del euskera bizkaino, Tratado etimológico de los apellidos euskéricos, Lecciones de ortografía vasca, Egutegi bizkaitarra, Deun ixendegi euzkotarra…

Kartzelako joan-etorria bi aldiz egin zuen eta bigarrengoan gaixo jarri zen. Sukarrietan  hil eta bertan ehortzi zuten; 38 urte zituen.

Gregorio Balparda Las Herrerías (1874-1936)hasierara igo


Gregorio Balparda
Bilbotar idazlea, historialaria, politikaria. Euskal abertzaletasun landare erne berriaren eta zuhaitz lerden-loratuaren lekuko izan zen, baita  haren etsai amorratua eta monarkiaren defendatzaile sutsua ere. Erregeren agindu bati esker Bilboko alkate izendatu zuten eta abertzaleen aurka sortutako Liga Monárquica de Vizcaya taldeko buruzagietako bat izan zen; Bizkaiko alkateek foru eskubideei buruz kaleratutako idazkiari kontra handia egin zion.

Madrilgo Gorteetako diputatu hautatu zutenean Errepublika garaiko autonomia estatutuaren aurka altxatu zen. Sabindarrei kontra egitearren, beste gabe, Bizkaiko historia ikertzeari ekin zion. Historia Crítica de Vizcaya y sus Fueros hiru liburukitan argitaratu zuen, El porvenir de la Villa, Plaza y Puerto de Bilbao y el Estatuto Vasco (1933). La Tercera República y la restauración del Estatuto Nacional (1935).

Antonio Canovas del Castillo (1828-1897)


Cánovas del Castillo
Espainiar politikaria eta idazlea, jaiotzez Malagakoa. Historia liburuak eta La campaña de Huesca (1851) historia eleberria argitaratu zituen. Diputatua, Barne Arazoetako eta Kolonietako ministroa izan zen. Alderdi Kontserbadoreko burua izanik bost aldiz hautatu zuten gobernuburu izateko. Hark eraginda eta bultzatuta berrezarri zen monarkia, borboien dinastiakoa: Alfontso XII.a, 1874an. Foruak ezeztatzen zituen 1876ko Konstituzio berria ezarri zuen. Politika errepresioaz eta indarraz baliatu zen Kuban bertakoen askatasun nahikariak zapaltzeko eta zanpatzeko, eta, azkenean, kubatarrek eskatzen zuten independentzia zela-eta sortu zen arazo larria konpondu gabe utzi zuen. Angiolillo anarkistak hil zuen Gesalibar auzoko Santa Ageda bainuetxean, 1897an.

Elias Gallastegi Uriarte (1892-1974) hasierara igo


Elias Gallastegi
Bizkaitar politikaria.. Bilbon jaio eta gaztetan sartu zen buru-belarri politikan. Buruzagi nazionalista sutsua izan zen eta Euzko Gaztediko lehendakaria. EGIrekin batera EAJ izena berreskuratu eta alderdi independentista eta sabindar gisa egituratu zuen. Euskal antzerkiari bultza egin zion antzerki taldeen irteera eta jaialdi asko antolatuz. Emakumeek politikan parte hartze aktiboa izan zezaten nahi zuen, eta horretan gogotik saiatu zen. Emakume Abertzaleen Batza sortu (1921) eta Mendigoizale Batza talde independentistaren aitzindari izan zen. Afrikako gerrakoan ihes egin behar izan zuen. Nazionalismoaren bi adarrek bat egin zutenean, 1931n Euskal Herrira itzuli zen. 1932an lehen Aberri Eguna antolatu zuen eta 1934an alderdia utzi. Espainiako Bigarren Errepublikan autonomisten eta independisten arteko banaketa eman zen EAJren barruan. Azken horiek, Eli Gallastegi buru zutela, autonomia hutsa onartu nahi ez eta, 1934an alderdia utzi zuten. Gerra Zibila hasi zenean berriro atzerrira, Irlandara. Politikari bipila eta idazle zorrotza: politikaz liburu eta artikulu jori asko idatzi zuen.

Dolores Ibarruri Gomez “Pasionaria”. (1895-1989)


Dolores Ibarruri
Bizkaitar politikari komunista. Meatzari familia batean sortu zen, Gallartan. Aita karlista euskalduna zuen eta ama gaztelarra. Hamabost urterekin lanean hasi behar izan zuen; hogeirekin ezkondu zen. Katolizismotik urrundu, marxista egin eta 1917ko greba iraultzailean meatzarien buru izan zen. Aldizkarietan “Pasionaria” izengoitiarekin idatzi ohi zuen. 1920an Julian Ruiz buruzagi komunistarekin ezkondu zen. Espainiako Alderdi Komunistaren sorreran zuzenean hartu zuen parte, eta komite zentraleko kide izan zen. Monarkiak huts egin eta gero, mitin, hauteskunde kanpaina eta greba askotan saiatu zen. 1931tik 1933ra espetxean egon ondoren, handik irtendakoan, gizartetik bazter ezkutuka ibili behar izan zuen. 1936an Kongresuko diputatu aukeratu zuten Asturiasen. Gerra Zibilean rol handia izan zuen. Gerra bukatutakoan atzerrira iheska: Moskura. 1942an Alderdi Komunistako idazkari orokor izendatu zuten. Emakumearen eta, batez ere, emakume langilearen alde egin zuen lan beti. Atzerritik itzuli zenean diputatu hautatu zuten Asturiasen (1977).

Pablo Iglesias Posse (1850-1925) hasierara igo


Pablo Iglesias
Ferrolen jaio zen. Espainiako sozialismoaren figura nagusia da hala sozialismoaren zabalkundean nola langileen eraketan egin zuen lan handiagatik. Tipografia lanak egiten ari zela sortu zuen El Socialista egunkaria. 1879an PSOE alderdia fundatu zuen eta haren idazkari nagusia izan zen. Espainiako langileek eginiko lehen greba antolatu zuen 1882an. UGT sortu zuen sei urte geroago. Zinegotzi izan zen Madrilen, baita diputatu ere. Hizlari bikaina, politikari onradu eta prestua, zuhur jokatu zuen edonon, eta nonahi defendatu zituen zorrotz honi eta hari buruz zituen usteak eta ideiak.

Isabel II.a (1830-1904)


Isabel IIa.
Espainiako erregina, Fernando VII.aren eta Maria Kristina Borboikoaren alaba. Artean adingabea zenean piztu zen Lehen Karlistaldia. 1843an, adinean sartu eta gero, errege agintea hartu zuen; 1846an lehengusu Frantzisko Borboikoarekin ezkondu zen. Isabel II.aren agintaldian agintaritzaren aurkako zernahi herri nahasmendu, jazarraraldi eta joera izan zen.  Haren bizitza pribatua ere hala-holakoa: senarragandik bananduta bizi zen eta horrek ez zion iritzi publikoa bereganatzen batere lagundu. 1868ko iraultza gertatu zenean, Isabel II.ak Espainiatik alde egin behar izan zuen. Parisen finkatu eta tronua berreskuratzen ahaleginean saiatu ondoren, seme Alfontso XII.ari utzi zion erregetza. .

Karlos VII.a (1848-1909) hasierara igo


Karlos VII
Don Karlos edo Karlos Borboikoa eta Bragantza-Estekoa, Madrilgo dukea, Espainiako erregegaia, Karlos Maria Isidro Borboikoaren biloba zen. Haren lehengusina Isabel II.ak errege aulkia utzi eta atzerriko bidea hartu zuenean, Karlos VII.a izena hartu eta Espainiako tronuaz jabetu nahi izan zuen. 1870ean Alderdi Karlistaren buruzagi bihurtu eta Bigarren Karlistaldian parte hartu zuen (1872-76). 1872an Beratik Nafarroan sartu zen zena eta ez zena egiteko asmoz, baina garaitu egin zuten eta, horrenbestez, 1876an Nafarroatik alde egin behar izan zuen. 1880an Frantziatik kanpora bota zuten. Ez zuen horratik etsi: 1900ean Katalunian egin zuen bere azken jazarraldi saioa.

Antonio Maura y Montaner (1853-1925)


Antonio Maura
Espainiar politikaria, Palman sortua. Alderdi liberaleko buruzagia; kolonietako ministro izendatu zuten. Erreforma asko proposatu zuen arren, erreforma haiek gorabehera, ez zuten kubatarrrek Espainiaren mende nekagarrian segitu nahi izan. Hala ere, Barne Arazoetako ministro izendatu zuten, eta, geroxeago, lehen ministro Alfontso XIII.ak, baina Maurak dimititu egin zuen erregek aginpide handiegia zuela uste zuelako.

Bigarren agintaldian Rifeko gerra (berbereen eta espainiar kolonizatzaileen arteko gerra zitala) pitzarazi zuen, eta Bartzelonako 1909ko greba orokorrari aurre egin behar izan zion: gerra legea ezarri eta neurri gogorrak hartu zituen. Geroztik Alderdi Kontserbadoreko  buru izan zen legebiltzarrean.

Tomas Meabe  Bilbao (1879-1915)hasierara igo


Tomas Meabe
Bizkaitar politikaria. Gaztetan katoliko eta euskal nazionalista. Aranak bultzatuta marxismoari aurre egiteko sozialismoari buruzko idazkiak irakurtzeari ekin zion. Baina gauzak zuzenez beste atera zitzaizkion: ideologia berriaz jabetu zenean nazionalismoaren kontrako jarrera hartu zuen. Errege, katoliko, militar eta antzekoen kontrako iritziak azaltzeagatik behin eta berriro auzipetu eta kartzelan preso maiz egon zen. Azkenik, atzerriko bidea hartu zuen: Pariskoa eta Londreskoa. Tuberkulosia harrapatu eta, halako batean, lehenik Bilbora eta gero Madrilera itzuli zen. Han hil zen, 36 urte baino ez zituela, artikulu, kronika eta alegia asko idatzi eta gero.

Mateo Benigno Moraza Ruiz de Garibai  (1816-1878)


Mateo Moraza
Arabar politikaria eta jurista. Gasteizko Udaleko idazkari eta hainbat elkarte zientifiko eta artistikotako kide izan zen. Legegizona ofizioz, erakunde juridiko-militarretan  erantzukizun handiko karguak izan zituen bere gain. Euskal foruak bulartsu defenditu zituen; Madrilgo Gorteetan euskal foruen defentsa sutsua egin zuen 1876an foruak ezeztatzeko ezarri zen legea Gorteek indarrik gabe utz zezaten, baina ez zuen ezer lortu. Arabako Batzar Nagusiek Probintziako Aita izendatu zuten. Historia Akademiako eta Asociación Éuskara de Navarrako kide izan zen. Arabako aldizkarietan artikuluak maiz idatzi zituen.

Facundo Perezagua Suarez (1860-1935)hasierara igo


Facundo Perezagua
Espainiar politikaria, jaiotzez Toledokoa. El Porvenir Madrilgo elkarte sozialistako kidea  eta lehendakaria izan zen. Hizlari gogorra, larderia bortitzeko gizon zakarra. Bilbora iritsi zenean, sozialismoaren inguruan mugitzen zen jendearekin bat egin eta lehen elkarte sozialista eratu zuen 1886an. Bizkaiko lehen kandidatura sozialista osatu zuen eta hauteskundeetako hautagaia izan zen. Zuen bezalako izaera zuelako, kontrako hainbat aldeko izan zituen alderdian bertan; noizbait behar eta, alderditik bota egin zuten. Halako batean berriro alderdian sartu, alderdia bitan zatitu eta zatiketa horretatik sortu zen Alderdi Komunista talde zatitzailearen buruzagia izan zen. 1921ean gertatu zen hori guztiori.

Indalecio Prieto Tuero (1883-1962)


Indalecio Prieto
Espainiar politikaria, asturiarra jaiotzez. Bilboko El Liberal egunkariko lehendakaria izan zen. Alderdi sozialistaren joera edo ideologia zentrista zutenen burua izan zen, eta sozialismoa komunismoari gailendu zitzaion berak egin zuen lanari esker, eta Bilbon diputatu hautatu zuten. Parte hartu zuen Donostiako Itunean, 1930ean. Errepublika garaian Azañaren gobernuan Finantza eta Herri Lanetako ministro izendatu zuten. Gerra Zibilean Largo Caballerorekin Aireko ministro eta Negrinekin Defentsa ministro izan zen. Jarrera antikomunista zuelako kargua kendu zioten 1938an. Mexikora joan eta bertan hil zen 79 urte zituenean.

Fidel Sagarminaga Epalza (1830-1894) hasierara igo


Fidel Sagarninaga
Bizkaitar politikaria. Alderdi liberalekoa. Espainiako zenbait probintziatan gobernadore zibila izan zen. 1868ko Iraileko Iraultza delakoan Bilboko alkatea izan zen. Bigarren Karlistaldia 1876an amaitu eta Euskal Herria foru erregimenik gabe geratu zenean, bertan bertakoentzat legezko normalizazioa ezarri nahian Madrilera joan zen argibide eta laguntza eske. Canovas del Castillo zen gobernuko lehendakaria, eta biak eskuz esku egon ziren, baina, jakina, ez zuen harengandik ezer lortu, eta joan zen bezala itzuli zen Bilbora: esku hutsik. .Euskalerria elkartea sortu zuen foru mugimendua bultzatu eta antolatzeko. Memorias históricas de Vizcaya eta El gobierno y el régimen foral del Señorío de Vizcaya desde el reinado de Felipe II hasta la mayoría de edad de Isabel II idatzi zituen. Foruak berrezartzearen alde borrokatu zen beti. Historia Akademiako kide izan zen.

 Manuel Santa Kruz Loidi “Santa Kruz apaiza” (1842-1926)hasierara igo


Santa Kruz apaiza
Gipuzkoar apaiz gerrillari karlista. Elduainen jaio, Gasteizen apaiz egin eta Hernialdeko erretore izan zen. Karlisten alde zenbait konspiraziotan parte hartzeagatik  Iparraldera jo behar izan zuen. Karlisten talde baten buru zela itzuli zen Gipuzkoara. Apaizaren ospea berehala zabaldu zen bazter guztietara, eta jende dezente inguratu zitzaion armak hartu eta gerra egiteko prest. Dena dela, inoiz edo behin bihotz anker samar agertu omen zelako, jendeak atzera egin omen zuen. Bai karlistek, bai liberalek, kosta ahala kosta harrapatu egin nahi zuten, baina basapiztien antzerahan edo hemen beti bazuen Santa Kruz apaizak zirrikituren bat hanka zainak astindu eta alde egiteko. Endarlatsako koartelean egin zuen sarraskiak oihartzun handia izan zuen; beste gabe, Karlos erregegaiak kargu guztiak kendu zizkion. 1874an Frantziara alde egin eta jesuita sartu zen. Nora joango eta, jozak Amerikara misiolari. Aita Loidi izen berria hartu eta Kolonbia aldean ibili zen okerrak zuzentzen. Bertan hil zen laurogeita lau urte zituenean.

Ramon Sota Llano (1857-1936) hasierara igo


Ramon Sota
Bizkaitar enpresaburua, halabeharrez Castro Urdialesen (Kantabria) jaioa.Madrilen zuzenbide ikasketak egin ondoren, itsasontziak erosi, ontzi konpainiak sortu eta itsas merkataritzan aritu zen. Joan zen mende hasieran Euskalduna ontziola sortu zuen. Bilbo inguruko ontzi konpainia nagusiak bateratu eta Naviera Sota y Aznar konpainia sortu zuen, Europako handietan handienetakoa. Ontzizainen eskola, Ibaizabalgo atoiontzi konpainia, arrantzaleentzako erretiro etxea eta ontziak konpontzeko eta egiteko konpainia eraiki eta abian jarri zituen. Meatzaritza konpainiak sortu zituen, baita Lehen Mundu Gerran siderurgia bat ere Sagunton. Gobernu britainiarrak sir izendatu zuen. 1898an EAJ alderdian sartu zen. Geroztik alderdiko sektore moderatuko buruetako bat izan zen eta Balmasedako diputatu hautatu zuten Espainiako Legebiltzarrean 1918an Gregorio Balparda liberalari irabazi ondoren, Bilbon hil zen Gerra Zibila hasi zen urtean.

Bitor Txabarri Salazar (1854-1900)hasierara igo


Bitor Txabarri
Portugaleten jaio eta Marseillan hil zen ekonomian eta enpresa munduan egundoko eragina izan zuen bizkaitar enpresaburu boteretsua. Ingeniaritza ikasketak Belgikako Liejan egin eta gero, Bizkaiko siderurgiaren hauspo eta gidari nagusi bihurtu zen. Hainbat meatoki ustiatzen ari zela, Bizkaiko labe garaien oinarri izango zen La Vizcaya fabrika sortu zuen Sestaon, 1882an. Bilbo-Santander trenbidea eta Bilboko tranbia elektrikoa eraiki, Asturiasko meategietako ustiaketa prestatu, kontserba fabriketarako latorria egin eta Espainiako hegoaldeko meatzaritza eta nekazaritza modernizatu zituen. Bilboko Burtsa sortu (1889) zutenetakoa izan zen. 1895ean Alderdi Kontserbadorean sartu zen. Bilboko eta inguruko hauteskundeen emaitzetan eragin berebizikoa izan zuen La Piña izeneko goi burgesen talde oligarkikoaren burua izan zen. Komeni zitzaion moduan, nola liberalekin hala  kontserbadoreekin aurkeztu hauteskundeetan eta senatari eta diputatu hautatu zuten. Langileentzat buruzagi anker eta gupidagabea, eta Liga Vizcaína de Productores izeneko fabrikako eta meategietako ugazaben buru eta garaiko kazikeen eredu izan zen. Protekzionismoaren aldeko kanpaina egin eta errege senatari izendatu zuten.

hasierara igo