HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Pertsonaiak - Kultura idatzia:



Antoine Abbadia Thompson (1810-1897)


Antoine Abbadia
Abbadia zientzialari euskaltzalea Irlandako Dublin hiriburuan jaio zen. Ama hangoa bertakoa zuen; aita Zuberoako Ürrüxtoikoa. Fisika eta geografia ikasketak egin zituen. Zientzia mota guztiak zituen gogoko. Munduan barrena bazterrez bazter ibilki, geografia eta astronomia ikerketak egin zituen. Abbadia gaztelua eraikiarazi zuen Hendaian, egun bisitaleku bihurtua; gaztelua, lanaren eta denboraren poderioz, laborategi bilakatu da. Frantsesez idazten zuen, baita euskarari berari buruz ari zenean ere. Euskararen alde hark eginiko lanik garrantzitsuena Lore jokoak antolatzea izan zen. Herri kulturari zegozkion esparru guztiak jorra zitezkeen joko haietan, baina, batez ere, olerkia, eta euskara zen erabiltzen zen hizkuntza. Abbadia idazle baino gehiago euskal kultur mugimenduaren sortzaile eta sustatzaile izan zen. Hark asmatua da Zazpiak Bat mezua edo goiburua, edo dena delakoa. Hendaiako alkatea izan zen. Ezkondua zen, baina seme-alabarik ez zuen izan. Emaztearen ondoan eman zioten lur, gazteluko kaperan.

Txomin Agirre, Badiola (1864-1920) hasierara igo


Txomin Agirre
Ondarroan jaio zen. Gasteizen filosofia eta teologia ikasi ondoren, apaiz egin zen. Auñamendiko lorea, Kresala eta Garoa eleberriak idatzi zituen; ohitura eleberriak dira hirurak. Ondarrak narrazioa bera hil eta gero argitaratu zen. Haiez gainera ipuinak, alegiak, olerkiak eta artikuluak idatzi zituen Euskal-Esnalea, RIEV, Jaungoikozale, Euskalzale eta beste aldizkari batzuetan. Euskal idazle klasikotzat du literaturazale askok. Euskaltzain osoa izan zen.

Resurreccion Maria Azkue Aberasturi (1864-1951) hasierara igo


R. Maria Azkue
Lekeitiar euskal idazle, hizkuntzalari eta folklore ikertzailea. Gasteizen Txomin Agirre ezagutu eta adiskide egin ziren. Salamancan apaiztu zen. Teologia doktoregoa egin eta gero, Bruselan eta Kolonian musika ikasketak egin zituen. Bizkaiko Aldundiak Bilboko Institutuan euskara irakasteko antolatu zuen lehiaketan Unamuno eta Sabino Aranarekin batera lehiatu eta katedra irabazi zuen. Euskaltzaindiaren sortzaileetariko bat da (1918). Obra mardul asko burutu zuen gramatika, musika, literatura, antzerki, eta oro har eta bereziki, euskarari dagozkion alor gehienetan. Euskal Izkindea-Gramática Euskara idatzi zuen lehen-lehenik (1891). Ondotik etorri ziren, idazleen artean eragin handia izan duten Diccionario Vasco-Español-Francés  (1905)eta Morfología Vasca (1923); euskal musika, herri poesia eta folklorean oinarritutako Cancionero Popular Vasco (1918),) eta Euskalerriaren Yakintza (1937-47); Ardi galdua (1918), Gipuzkera osotua (1935), eta beste batzuk. Opera ere saiatu zuen: Urlo, Ortzuri. Euskaltzaindia 1918an sortu zenetik hil arte euskaltzain oso eta hango lehendakari izan zen. Bilbon hil zen, 1951n, 87 urte zituenean.

Jose Maria Agirre Egaña “Lizarditar Xabier” (1896-1933)hasierara igo


Jose Maria Agirre Egaña “Lizarditar Xabier” (1896-1933)
Euskal Parnasoan gorenik igo den olerkaria da askoren ustez. Zarautzen jaio zen eta Tolosan bizi. Hil aurreko urtean argitaratu zuen Biotz-begietan poema liburua; egunkari eta aldizkarietan publikatu zituen artikuluekin osatuta argitaratu zen Itz-lauz hil ondoko urtean, baita Ezkondu ezin zitekeen mutila antzerkia eta Izar eta laino saiakera ere. Izadia, bizia, heriotza, euskara kantatu zituen, tontorrak elurrez zuri ageri dituen negua, sagasti gaztez-sagasti berriz jantzi den udaberria, lurra suzko itsaso bihurtu duen uda, “oi zen dan ituna bêra bear au, nik ez nai eguna biurtzerik gau!” kantarazi zion udazkena. Dena da bihotz ikara eta emozio.

Esteban Urkiaga, Bazaras “Lauaxeta” (1905-1937)hasierara igo


Esteban Urkiaga “Lauaxeta”
Esteban Urkiaga “Lauaxeta” Laukizen jaio zen, 1905ean, eta Mungian bizi. Durangoko jesulagunen ikastetxean latina eta erretorika ikasi ondoren, apaiz ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan, baina meza berria eman baino lehentxeago jesuita izateari utzi zion. Loiolan euskaltzaletu zen eta literaturzale bihurtu. Komentutik irten zenean Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Hasieran Orixeren laguntzailea izan zen eta, hura Orexara, Euskaldunak poema idaztera joan zenetik aurrera, euskal orrialdearen arduraduna. Garai hartako bizitzari buruzko kronikak idazten zituen egunero-egunero.

Europako literatur joerak ondo baino hobeto ezagutzen zituen, mitinak ematen zituen, kultur ekitaldi eta irratsaioetan parte hartzen zuen, euskara irakasten, herri abestien bilketa bultzatzen, eta poeta gazteei laguntzen…Hitz batean esateko, euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile nekaezina izan zen Lauaxeta.

Espainian Franco sasiei su ematen hasi zenean, zeregin guztiak alde batera utzi eta Eusko Gudarostean sartu zen. Komandante gradua zuela miliziak antolatzen eta propaganda egiten aritu zen. Gudari aldizkaria eta Eguna euskal egunkaria kaleratu zituen.

Eginkizun haietan ari zela, Gernikako bonbardaketak izan zituen ondorioez argazkiak egin nahi zituen frantses kazetari bati laguntzera joan zen, eta orduantxe faxistek preso hartu eta Gasteizera eraman zuten Lauaxeta. Heriotza zigorra ezarri eta fusilatu egin zuten. Heriotzaren zain zegoela oso idazki hunkigarriak idatzi zituen.

Aldizkari eta egunkarietan euskaraz argitaratu zituen artikuluez gainera, Bide barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) olerki liburuak publikatu zituen. 1974an Olerkiak argitara zen haren olerkiez osatua. Europan zehar punta-puntan zebiltzan korronteei atxikiz, errealitatea sinboloen bitartez iruten saiatu zen, hots, osoki poeta sinbolista izan zen, eta gaztetasunari, askatasunari eta aberriari egin zion kantu.

Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” (1888-1961)hasierara igo


Nikolas Ormaetxea Pellejero “Orixe” (1888-1961)
Orexan jaio zen eta Añorgan hil. Euskal literaturan izan den autorerik handienetakoa. Antzinako klasikoen liburuetako mamiaz ongi jabetu zen jesuiten artean bizi izan zenean. Euskararen euskalkiak eta aldaerak, herri euskara eta euskara idatzia inork gutxik bezala ezagutzen zituen. Euskara ongi jakin ez ezik euskaraz asko idatzi zuen. Jesuiten Jesusen Biotzaren Deya aldizkarian hasi zen artikuluak idazten. Geroxeago datoz liburuak: Santa Cruz apaiza (1929), Tormes´ko itsu-mutilla (1929), Mireio (1930), Barne muinetan (1934), Urte guziko Meza-bezperak (1949), Euskaldunak (1950), Agustin gurenaren aitorkizunak (1955), Jainkoaren billa, Quito´n arrebarekin eta beste batzuk. Orixeren hiru liburu nahi dira bereziki aipatu hemen: Mireio delakoa itzulpena da, FrédéricMistral Proventzakoak proventzeraz idatzitakoa eta, agian, Orixek egin zuen (eta dezente zituen eginik) itzulpenik onena, osoena; Euskaldunak da bestea. Mundu modernoari eta haren imintzioei eta modei uko egin eta hiri handietako kalezuloetako bizimoduan baino nahiago izan zuen mendi urrutietako ikazkinen eta baserritarren arnas hartzean eta soinu hotsean pausatu. Industria-herrietako tximinietako ke beltzaren inguruan bizi ziren euskaldunei izkintxo egin eta mendi malkar hezetsuetan lehenean errotuxerik bizi zirenen biziaroak kantatu zituen hamabost kantu luzetan, beren festa, joko, usadio, uste, aztikeria eta zera guztiekin. Ez da, Mireion bezala, txoro-txoro maitemindutako bikotearen hasperen grinatsurik sentitzen, eta sentitzen bada ere, iraizeko hasperen guztia beharrekoa da. Hitz laburrez: baserri giroko bizimoduaren irudi koloretsu ongi taxutua. Hirugarrena, berriz, Barne muinetan: barren-barrendik emozioz sentitutako gai mistikoak: beste ezerk inon baino gardenago uzten dute agerian egilearen barrunbea.

Pio Baroja Nessi (1872-1956) hasierara igo


Pio Baroja Nessi
Nobelagile gipuzkoarra. Donostian jaio zen. Madrilen eta Valentzian medikuntzako ikasketak egin, Zestoan mediku bi urte pasatu, gero Madrilen finkatu eta etxekoen okindegian sei urtean lanean aritu zen. 98ko Belaunaldia (Generación del 98) osatu zuen idazle taldearekin harremanetan jarri zen. Mende berria hastearekin hamazazpi eleberri argitaratuak zituen. Ospe eta entzute handiko nobelagile donostiarra, Real Academia de la Lengua Españolan sartu zuten 1935ean. Politikan, arrakastarik gabe, saio bat egin ondoren, Beran etxea erosi eta bertan denboraldi luzeak pasatzen zituen. Espainiako Gerra Zibilean agerian inoren alde agertu ez bazen ere, Iparraldera pasatu zen zer gerta ere; 1940an Madrilera itzuli zen. Nobela garrantzitsuenak hirunaka sailkatu eta hamar trilogia osatu zituen: Euskal Lurra, Bizitzeko borroka... Estiloari dagokionez, garai hartan berritzaile azaldu zen: idazkera pertsonala eta xumea zuen eta esaldi motzak eta pasarte laburrak hobesten zituen. Ondorengo idazle askok maiz aitortu dute haren eragina. Hona hemen nobela batzuen izenak: Tierra vasca, La casa de Aizgorri, El mayorazgo de Labraz, Zalacain el aventurero, Camino de Perfección, La dama errante, El árbol de la ciencia, La busca, Las inquietudes de Shanti Andía, El cura de Monleón, Memorias de un hombre de acción, Juventud y egolatría…Aipatua izatea merezi duena da Memorias ere, zazpi liburukitan argitaratua, 1943an idazten hasi eta 1949an bukatua. Gaztetan eta etxean etxekoekin bizi izandako oroitzapenekin batera aldi joaneko eta bere aldiko pertsonaia zelebre eta xelebre, idazle, artista, politikari, politika, filosofia eta literaturari buruz zituen usteak eta haienganako sentitzen zuen lera bizia eta grina kartsua bata bestearen atzetik datoz ia ordenarik gabe denak nahasian, sugearen eztena baino luma zorrotzagoarekin ugari, zorrotz eta zehatz, gezur ametsetan ibili gabe paperean iltzatuta.

Luis Luziano Bonaparte Bleschamp printzea (1813-1891) hasierara igo


Bonaparte printzea
Napoleon I.aren iloba. Ingalaterran jaio zen han aita preso zegoen garaian. Euskaltzalea eta hizkuntzalaria. Hainbat arlotan ikasketak egiteaz gain, Europa osoan, Amerikan eta Euskal Herrian ibili zen gehiago ikasteko eta zuen jakinduria handia zabaltzeko asmoz. Euskal Herritik kanpo euskarak izan duen ikertzaile eta sustatzaile jakinsuenetakoa izan da duda izpirik gabe. Londresen harremanak izan zituen Abbadiarekin. Orduan izan zituen euskarari buruzko lehenengo berriak, eta orduantxe ekin zion euskarari buruzko ikerketak eta lanak egiteari. Interes zientifiko hutsez hasi zen euskara ikertzen, baina denbora pasatu ahala, Euskal Herriaganako interesa piztu zitzaion. Liburuak argitaratu ez ezik hainbat artikulu ere idatzi zuen aldizkari espezializatuetan. Euskal dialektologia-azterketak egiteko oraindik ere guztiz beharrezkoak dira printzearen Le verbe basque en tableaux eta euskalkiez egin zuen mapa ezaguna. Euskalkiak hobeki ezagutu eta zehazteko  euskalki haiek ongi ezagutzen zituzten batzuei euskalki haietan hainbat testuren itzulpena eginarazi zien. Ordu arte argitaratu gabe zeuden Intxauspe, Joakin Lizarraga, aita Zabala eta Salaberri Ibarrolakoaren testuak eta lanak publikatu zituen eta, jakina, ohi zuenez, etxeko diru zorrotik ordaindu zituen kostuak. Hark seinalatu zituen euskalkiak lehenbiziko aldiz (1869) euskararen mapan:bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, hegoaldeko goi nafarrera, iparraldeko goi nafarrera, ekialdeko behe nafarrera, mendebaldeko behe nafarrera eta zuberera. Italiako Fano herrian hil zen, 1891n.

Arturo Kanpion Jaimebon (1854-1937) hasierara igo


Arturo Kanpion
Nafar idazle eta historialaria. Gaztelaniaz idatzi zuen beti, balada bat izan ezik: Orreaga. Orduko euskaltzaleekin harremanak izan zituen eta Nafarroan euskararen alde egin ziren zera guztiak hurbildik segitu zituen. Nafarroan euskara atzeraka ari zela ikusteak min egiten zion eta barrenean kezka sortzen. Hasieratik arbuiatu zituen Sabino Aranaren burutazio linguistikoak, eta garbizalekeriaren kontra artikuluak eta idatzi ironikoak idatzi zituen. Politikan eskuindarra zen: inor ezinbestez eskolatzearen aurka zegoen, besteak beste. 1881ean Iruñeko zinegotzia izan zen, Nafarroan Espainiako Gorterako diputatu hautatu zuten eta Bizkaian senatari. Ez zuen euskal nazionalismoa inoiz ulertu, eta XIX. mendean foruak galdu ondoko euskaltzaletasunean finkatu zen. Euskaltzaindiaren fundatzailea izan zen beste batzuekin batera, eta euskaltzain osoa. Donostian hil zen, 1937an. Zernahiz asko idatzi zuen: Consideraciones acerca de la cuestión foral (1876); Fantasía y Realidad (1881); Gramática acerca de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara (1884), El último tamborilero de Erraondo (1917); Orígenes del pueblo euskaldun (1910); Nabarra en su vida histórica (1914); Blancos y Negros (1898); La bella Easo, Euskarianas. Mito eta historia, orotarik bada horietan.

Ramiro Maeztu Whitney (1875-1936)


Ramiro Maeztu
Arabar pentsalaria eta idazlea, Gustavo Maezturen anaia. 98ko idazle-belaunaldikoa  izan zen. Hainbeste gerratan ikusitakoarekin etsia hartuta, gizakiaren adimena giza arazoak konpontzeko ez dela gai eman zion buruak. Primo de Riveraren diktaduraren aldeko intelektual eta teoriko nagusi bilakatu zen. Errepublikaren etsai amorratua zen. La defensa de la Hispanidad da haren azken idazlana. Espainoltasunaren laudorioa egiten da liburu hartan..Gerra Zibila hasi eta berehala errepublikanoek, Madrilen, fusilatu egin zuten.

Miguel Unamuno Jugo (1864-1936) hasierara igo


Miguel Unamuno
Bizkaitar iIdazlea eta filosofoa. Gaztetan euskara ikasi eta hainbat artikulu argitaratu zituen. Aranarekin eta Azkuerekin batera aurkeztu zen Bizkaiko Diputazioak abian jarri zuen euskal katedrarako, baina ez zuen postua lortu. Salamancako Unibertsitatean greko katedra eta bizi bitarteko dekanotza lortu zituen. Diktaduraren aurka jarrera biribila erakutsi zuelako  Fuerteventurara erbesteratua izan zen. Europako hainbat unibertsitatetako doctor honoris causa, hau da, ohorezko doktore izendatu zuten. Existentzialismoari atxiki zitzaion, hots, gizabanakoaren existentziaren garrantzia filosofikoa nabarmentzeari lotu zitzaion bere idazki eta liburuetan, baina seme bat nola hil zitzaion gertu-gertutik ikusi eta kristautasunera itzuli zen. Arrazoiaren eta fedearen arteko auziak eta korapiloak askatzen gogotik saiatu zen Paz en la guerra (1897), Mi religión (1907), La agonía del cristianismo (1924), Del sentimiento trágico de la vida” (1912) idazlanetan. Aipagarri dira, beste batzuen artean, haren Abel Sánchez, La tía Tula eta San Manuel Bueno, mártir eleberriak, El Cristo de Velázquez eta Rimas de dentro poema liburuak eta, azkenik, Vida de Don Quijote y Sancho saiakera eta Fedra, La esfinge eta beste asko antzerki lan. Kierkegaard filosofo daniarraren eragina nabaria da Unamunoren pentsaeran. Idazle oparoa izan zen. Oso estilo pertsonala zuen, sarri erasotzailea eta asaldagarria. Badirudi barrenean zituen kezkak kanpoan astindu eta irakurlea iratzarri eta pentsatzen jarri nahi zuela.

Julio Urkijo Ibarra (1871-1950)


Julio Urkijo
Bizkaitar filologoa eta idazlea. Zuzenbide ikasketak egin zituen Deustuan. Euskaraz argitaratutako liburu eta zera guztiak biltzen eta haietan zetorrena ikertzen, aztertzen eta sailkatzen zorrotz saiatu zen bizitza guztian. Hemen, hor eta han bildu zituen euskaraz idatzitako milaka liburu, dokumentu, agiri eta eskuizkribuekin munduko euskal liburutegirik hornituena eta aberatsena osatu zuen. Idatzi eta argitaratu zituen lanik ezagunenak honako hauek dirateke: Obras Vascongadas del doctor labortano Johannes d’Etcheberry; De Lingüística y Etnografía vasca; Los estudios vascos en el pasado, el presente y el porvenir; Una fuente del Gero; La literatura poética vasca; Los refranes de Garibay; 1907an Revista Internacional de Estudios Vascos (RIEV) sortu zuen. Errebista horren bidez munduan euskara ikertzen ari ziren hizkuntzalariekin harremanetan jarri eta haien idazlan jakintsuak eta, aldi berean, zuhurrak publikatu zituen RIEVen 1907an hasi eta Gerra Zibila hasi arte. Urte hartan Franco diktadoreak giltzarrapoz ahoa itxi zion errebistari. Beldur handirik gabe esan daiteke RIEVekin eman zitzaiola hasiera euskal filologia modernoari. Historia Akademiako kidea, Euskaltzaindiko kide fundatzailea, Real Academia de la Lengua Españolako kidea, Gipuzkoako eta Bizkaiko ohorezko semea, Gortean diputatua... Donostian hil zen eta haren liburutegia Gipuzkoako Foru Aldundian dago ongi zainduta.

hasierara igo