HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Pertsonaiak - Bertsolaritza:



Kepa Enbeita Renteria “Urretxindorra”( 1878-1942)


Kepa Enbeita
Muxikan jaio zen “Urretxindorra” bertsolari eta abertzale ezaguna. Aita bertsolaria zuen eta semeak txikitatik erakutsi zuen bertsotarako zaletasuna. Bizkaiko kopla zaharretatik bertsoetara pasatu zen, eta bertsolaria tabernatik plazara atera zuen. Erraztasun handia zuen bertso zehatz eta dotoreak moldatzeko: Txirritarekin neurtu eta garaile suertatu zen Getxon, 1905ean. Abertzale eta euskalduna, euskara, aberria, fedea eta baserria izan ziren bertsotan jorratu zituen gaiak. Sabindarrek mitinetan eta Aberri Egunetan hitz egitera deitzen zioten.. Sari asko irabazi zuen Euskal Herrian eta Amerikan.

Pedro Jose Elizegi Maiz “Pello Errota” (1840-1919) hasierara igo


Pello Errota
Asteasun jaio eta bertan hil zen. Lanbidez errotaria zen, eta tabernan, plazan, jaialdietan eta nonahi eta noznahi jardun zuen bertsotan errotan errotarriak laborea ehotzeagatik trukean ematen zitzaion lakarekin ia beti ezinean zen-eta. Umore oneko bertsolari azkarra, arina, eta hitzetik hortzera edozein erronkari erantzuten inor gutxi bezain abila. Amerikako euskaldunei bertsoak kantatzera joateko bidaia ordaindu zioten, halako fama handiko bertsolaria zen. Alaba Mikaelari esker, bat-bateko asko eta bertsopaper saioetako bertso guztiak gorde dira. Txirritarekin batera kantatutako bertso batzuetan haren ahotsa jasota gorde da.

Jose Maria Iparragirre Balerdi (1820-1881)hasierara igo


Jose Maria Iparragirre
Gipuzkoar olerkari eta musikagilea. Urretxun jaio zen. Umetan Zerainen eta Gasteizen bizi ondoren hamahiru urte zituenean familia Madrilera joan zen. Lehen Karlistaldia piztu zenean Ipar Euskal Herrira itzuli eta euskal foruen alde egin zuen borroka. Bergarako hitzarmena ez zuen onartu eta, ezinbestez, Frantzian finkatu zen, baina subertsibo omen zelako Napoleon III.ak, 1848an, antzarak ferratzera bidali zuen. Ezin zegokeen besoak antxumatuta geldi: gitarra galtzarbean hartuta zintzurra urratu arte kantuan ibili zen Europan barrena. Euskal Herrira itzuli zen, berriro, 1853an. Orduan asmatu eta ondu zuen Gernikako Arbola. Euskaldun foruzaleak su eta gar jartzen ziren kantu hura entzute hutsarekin, eta hori arrisku handitzat zuten agintariek eta, beste gabe, Euskal Herritik kanpora iraitzi zuten. Amerikan finkatu zen; bertan ezkondu eta familia ederra hazi zuen. Han zen 1876an Foruak galdu zirenean. 1878an itzuli zenean, Euskal Herri osoaren sinbolo bilakatu zen. Gertaera politikoetan eta eguneroko bizimoduan ezagutu eta jasan zituenak gaitzat hartuta, oraindik ere euskaldunen ahotan dabilen kantu eder asko asmatu zuen. Harenak dira ondoko hauek: Gernikako arbola, Hara nun diran, Nire maitearentzat, Zibillak esan naute, Gitarra zartxo bat, Biba euskera… Ezkio-Itsason hil zen.

Pedro Mari Otaño Barriola “Kattarro” (1857-1910) hasierara igo


Pedro Mari Otaño
Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen Pedro Mari bertsolaria. Aita “Errekalde Zaharra” eta osaba Jose Bernardo ere bertsolariak zituen. Donostiako Amara auzora joan zen bizitzera eta handik Argentinara. Harako eta honako joan-etorria bi aldiz egin zuen. Txirritarekin eta Udarregirekin behin baino gehiagotan aritu zen bertsotan, baina bat-bateko bertsoengatik baino askoz ezagunagoa da bertso jarriengatik. .Kontua da plazan bat-batean kantatzeko oso eztarri txarra zuela eta horregatik jendeak “Kattarro” esaten ziola. Otañoren bertsoen ezaugarri nagusia lirismoa da. Bertso herritarra egiten bazuen ere, haren bertsoek maiz poesia landuaren balioa dute: Mutil koxkor bat, Lagundurikan danoi, Txepetxa... dira Otañoren bertso sail ezagunenak. Etxeko eskaileretan erori eta Argentinako Santa Fe hirian hil zen, 53 urte zituela.

Jose Manuel Lujanbio Retegi “Txirrita” (1860-1936)


Txirrita
Hernanin jaio zen. 1873an, hamahiru urte zituenean, Errenteriako Txirrita baserrira joan familia osoarekin eta hargin lanean aritu zen. Ez zen alabaina langile porrokatua: bertsolaritza zen haren gustuko ofizioa. Aldarte txarrak biharamuneko utzi eta, alajaina, beti umoretsu, bertsotan ibili zen herriz herri eta sagardotegiz sagardotegi. Mutilzahar eta parrandazale porrokatua, egia, baina beti plazagizon jator eta nortasun handiko bertsolaria. Txirritak gai serioak ere lantzen jakin zuen. Aipu handikoak dira haren garaiko politika eta gizarte arazoei jarritako bertsopaperak. Eskolagabea izan arren, maila handiko bertsolaria izan zen. Goizuetan bertso saio batean bihotzekoa izan eta Altzan hil zen Gerra Zibila hasi zen urtean. Pello Errotarekin batera kantatu zituen bertso batzuetan haren ahotsa ongi aditzen da.

hasierara igo