HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Pertsonaiak - Musika:



 Jose Gonzalo Zulaika Arregi “Aita Donostia” ( 1886-1956)


Aita Donostia
Gipuzkoar musikari eta musikagilea. Donostian jaio, Lekarozen ikasi, kaputxino sartu eta Iruñean apaiz egin. Musika eder  asko ondu zuen: hasieran, batez ere, gregoriar kantua eta, gerora, ia orotarik. Musika ikertzaile izan zen: herri kantuak biltzen eta aztertzen gogotik saiatu ondoren haiek pianoz eta organoz jotzeko eta a cappella kantatzeko prestatu eta moldatu zituen. Haiek eta haiez gain, aita Donostia bere kabuz abesbatzentzako eta instrumentuentzako musika asko idatzitakoa da. Aita Jorge de Riezu kaputxinoak hainbat liburukitan argitaratu ditu berriki aita Donostiaren lan guztiak. Oso ezaguna da Preludios Vascos  izeneko doinu edo musika sorta pianoz jotzeko ondu zuena. Hainbesteren artean, labur beharrez, zer edo zer aipatzekotan zinez aipagarri da Missa pro dedefunctis aita Jorge de Riezuk V. Liburukian moldatutakoan, Santoral izenekoan datorrena. Bidenabar aipagarri dira 1916an Bilboko Filarmonicako areto nagusian herri musikaz egin zituen hitzaldi De Música Popular Vasca liburuxkan argitaratu zirenak. Euskaltzain urgazle izan zen eta Europako zenbait musika erakundetako kide.

Julian Gaiarre Garjon (1844-1890)hasierara igo


Julian Gaiarre
Erronkarin jaio zen nafar tenoreak mundu osoan lortu zuen ospea. Txikitan herrian artzain eta gaztetan errementari izan zen Iruñeko errementaldegi edo aroztegi batean. Iruñeko orfeoian kantuz ari zen batean Hilarion Eslabak entzun eta haren bidez Madrilgo Kontserbatorioak eta Nafarroako Diputazioak eskaintzen zituzten bekak lortu zituen. Italian izan zuen arrakastak Europa osoko eta Amerikako hiri askotako ateak zabaldu zizkion. Wagner-en, Mozart-en eta italiar operako obrarik famatuenak kantatu eta estreinatu zituen. Bere garaiko tenor onena izan zen. Beti izan zituen oso gogoan etxekoak eta herrikoak, eta euskara ere bai: erronkarieraz izebari egin zion gutuna hor dago lekuko. Gaitz txar batek jota Madrilen hil zen. 42 urte zituen. Sorterrian ehortzi zuten.

Maurice Ravel (1875-1937) hasierara igo


Maurice Ravel
Ziburun jaiotako musikagile lapurtarra. Aita suitzarra zuen eta ama euskalduna. Hiru urterekin Parisera joan, bertan bizi eta halako batean Parisko Kontserbatorioan sartu zen. Lehen Mundu Gerran kamioi gidari ibili zen, baita larri gaixotu ere. Ondoren, hemen eta edonon ibili zen orkestra zuzendari gisa. Goren mailako musikaria eta halaxe aintzat hartua munduko edonon. Claude Debussy frantses inpresionistak baino ideia melodiko nasai eta zabalagoak ditu, eta Ravelen inspirazio iturriari naroro darion emankortasuna Debussy haren maisu eta ereduari dariona baino ugariagoa da eta goi hats garaiagoa du. XX. mendean musikari gutxi izan zen haren mailakorik. Aurrez esan daiteke hilezkor iraungo duela menderen mendetan. Haren musika lan banaka batzuk aipatzekotan, bihoaz ondoko hauek: Bolero aipu handikoa nonahi, eta beste horrenbeste besteok: Jeux d’eau pianoz jotzeko ondutako pieza zoragarria, Scherezade obertura, Pavana para una infanta difunta, eta La valse, eta Daphnis et Chloé eta Adelaïde ou le langage des fleurs eta Valses nobles et sentimentales…Pianorako musika, hari orkestrarako musika, haize orkestrarako musika, ganbera musika…denetarik ondu zuen. Euskalduna zen, txikitan ikasi zuen euskara ez baitzitzaion hil arte guztian ahaztu, Euskal Herriko musikaria zen, baina apenas zuen euskal musika tradizioan oinarritutakorik ondu. Euskal gaietan oinarritutako Zazpirak Bat obra prestatzen ari zen, baina ez zuen bukatzerik izan. .Lau urtean sufrimendu handiak pairatu ondoren, 1937an burmuinean ebakuntza egin eta biharamunean hil zen Maurice Ravel euskal musikari paregabea.

Pablo Sarasate Navascues (1844-1908)


Pablo Sarasate
Musikagile eta biolinista nafarra. Iruñean jaio zen. Oso goiz hasi zen biolina jotzen: hamar urterekin eman zuen lehen kontzertua jendaurrean. Madrilen eta Parisen ikasi eta Europa osoan izan zuen ospe handia biolinista gisa. Ikasketak amaitu ondoren, kontzertuak ematen hasi eta sari asko irabazi zuen. Kontzertuetan musika klasikoa jotzen ez zuelako eta fantasiak eta herri doinuetan oinarritutako moldaketak nahiago zituelako, sarri kritikatu zuten. Iruñeko Santa Zezilia orkestra sortu zuen 1879an. Harenak dira Rapsodia asturiana, Aires Bohemios, Capricho Vasco, Navarra, Adiós montañas mías, Jota de San Fermin eta beste asko. Biarritzen hil zen, 1908an. Hil zenean, Iruñeari utzi zizkion bere musika tresnak. Haien artean baziren bi Stradivarius. Gainera altzariak eta beste ondasun batzuk ere utzi zizkion.

hasierara igo