HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

1870etik 1930era Gizartearen Bilakaera:



Sarrera. Gizarte berria


Oiartzungo plaza festa egunean
1874tik 1931ra arte, Espainian Errestaurazio esaten zaion eredu politikoa egon zen indarrean. Epe horretan sistema kapitalista eta burgesa finkatu eta garatu ziren euskal lurraldeetan. Baina haiekin batera baita proletarioen aldeko sistema ere,,sistema kapitalistaren eta burgesaren antagonista zena. Urte haiek negozio industrialak egiteko oso onak izan ziren, baita lurjabeek laboreari etekina ateratzeko ere. Espainian aginte makila zuen gobernua gobernu harroputz eta ustel hutsa zen, eta haren inguruan beti uxarrean ari ziren burges handiek eta kazikeek ederki gizendu zuten beren etxeko diru zorroa. .

1876ko Konstituzioak bi ondorio nagusi izan zituen: batetik, Foruak desagerrarazi zituen, eta bestetik, Erregimen Zaharreko gizarte estamentala eta nekazaritza tradizionala irauli zituen. Euskal Herri barruan une hartan sortzen ari zen gizarte berrian giza eta ekonomia aldaketa sakonak eta ordu arte inoiz ezagutu ez zen hazkunde demografikoa gertatu ziren, Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. Industrialde berriak eta inmigrazio uholdeek azpikoz gora jarri zuten euskal lurraldeetako ordu arteko bizimodua, kultura barne.

Lastertasun osoan industrializatutako hiri haietan beren egoera hobetzen gogor saiatu ziren langileak: sindikatuak antolatu, alderdi politikoetan sartu eta gizarte demokratikoagoa eskatu zuten, eta inoiz edo behin jarrera iraultzaile bateratua erakutsi zuten.

Bilbon eta ingurumari guztian herri ekimen asko eta garrantzizkoak jarri ziren abian. Bilboko burgesia txikian erein eta erne zen aurren-aurrena euskal nazionalismoa. Gipuzkoako eskualde batzuetan XX. mendean hasi zen gailentzen gizarte industriala. Euskal Herriko gainerako lurraldeetan egitura zaharrak iraun zuen, eta XX. mende aldera baino ez ziren industrializatzen hasi.

1930. urte aldera dagoeneko euskal gizartea taldetan zatitua zegoen: burgesak, sozialistak, komunistak, errepublikanoak, abertzaleak…Sei urte geroago, Gerra Zibilean, haien ordu arteko giroa okertu egin zen.

Burgesia hasierara igo


Gernikako Udaletxea
1876. urtean Bigarren Karlistaldia bukatzean bazirudien estatuko eta Euskal Herriko gizarteari, behingoz bederen arnasa baretu zitzaiola. Goi burgesiako jendeak bat-batean  baztertu zituen gizartea berritzeko zituen garai bateko asmoak, eta klase zuzendari bihurtu zen. Bilbo inguruko goi burgesiak, haren industria eta negozioak handitzen ari ziren neurrian, noblezia siderurgikoa deritzan talde boteretsua eta atzerakoia osatu zuen. Bizkaiko goi burgesia espainiar estatuko gobernariekin ongi konpontzen zen eta haien negozio eta zera askotan parte hartze zuzena zuen.

Bilbo inguruko burgesia industrial agintean zegoenak jokabide espainolista erakutsi  zuen, eta Madrilgo monarkak eskainitako titulu nobiliarioei ez zien muzin egin, aitzitik, erruz eta pozik bereganatu zituen. Karlistaldietan liberalen bandokoak ziren, eta aduanak itsasertzera eramatearen alde agertu ziren. Baina beren merkatua estatu barrenean zegoela ikusi zutenean, politika ekonomiko protekzionista eskatu zioten gobernuari. Eta, jakina, Euskal Herriko ordezkaritza politikoa eskuan izan zuten bitartean, ondo babestu eta bideratu zituzten beren industrien eta enpresen interesak.

Euskal burgesia handi hark, Bilbo ingurukoak batik bat, trebetasun enpresarial nabaria erakutsi zuen, eta diru kopuru handiak pilatu zituen. Hasieran meategiak ustiatuz eta burdina salduz eta geroxeago siderurgian eta ontzigintzan saiatuz, sekulako dirutza egin zuten..Banketxeak sortu eta haiez baliatuz tinko finkatu zituen sosa eta ahalmen ekonomikoa. Atzerriko inbestitzaile ugarik ere (ingeles, belgikar, frantziar…) parte hartu zuen Euskal Herriko hasierako industria garapen ikusgarri hartan.

Gipuzkoako enpresak ez ziren bizkaitarrenen mailara iritsi, eta, beraz, gipuzkoar burgesia ez zen, ekonomiari dagokionez, bizkaitar burgesiaren parekoa izan.

Mendea bukatu baino lehen, Bilbon, burgesia txikiaren aldamenean, Sabino Arana buru zela, EAJ alderdi abertzalea sortu zen. Denboraz herritarrago bihurtu eta abertzaletasunaren sustrai eta ikur bilakatu zen. .

Langileria hasierara igo


Emakumeak fabrika-lanetan
XIX. mendearen azken herenean Euskal Herriko ekonomia modernizazio guztizkoan murgildu zen. Industrializazioaren eraginez eta ondorioz, nonahi industrialdeak eraiki ziren, Bilbo inguruan lehenik, Gipuzkoako hainbat eskualdetan gero. Euskal enpresek behar zituzten eskulangileak leku askotatik etorri ziren: gutxienak Euskal Herritik bertatik, eta gehienak, biztanleriaren hazkundeak sortu zituen demografia arazoengatik, Kantabria, Errioxa, Leon, Gaztela eta hor beste nonbaitetik.

Gehienak Bizkaiko ezkerraldeko meategi, industrialde eta herri inguruetan pilatu ziren, etxe xahar eta barrakoietan, osasun egoera negargarrian. Bizkaiak 160..000 biztanle inguru zituen 1857an (horietatik 40.000 meategietan eta itsasadarraren inguruan (gaurko Ezkerraldean) eta 120.000 Bizkaiko gainerako eskualdeetan); 350.000 biztanle zituen 1910ean (195.000 Ezkerraldean eta 145.000 gainerako eskualdeetan).

Erabat bestela gertatu zen Gipuzkoan. Hasteko, Bizkaian baino geroago eman zen biztanleriaren hazkundea: XX. mendea hastearekin batera. Horrez gainera, Bizkaian baino banatuago zegoen industria Gipuzkoan: Donostian ez ezik, Irun, Errenteria, Eibar, Beasain, Arrasate eta beste herri batzuetan ere eraiki ziren fabrikak eta lantegiak.

Inmigrazioa bera ere ez zen Bizkaian bezain handia izan, eta, bestalde, noizean behingoa izan zen. Gipuzkoan bertako barru-migrazioak garrantzia handia izan zuen, hots, herri txikietan baserriko lanetan ari zen baserritar asko industrializatzen ari ziren herrietara joan zen lan bila, eta horregatik herriak, gutxi edo asko, hustu egin ziren.

Kanpotar langileak bereziki Bizkaira iritsi ziren, eta bertan bestelako kultura batekin egin zuten topo: hizkuntza desberdina entzuten hasi ziren, eta hura guztiura integratzeko oztopo gertatu zitzaien. Etorkinak eta berez euskaldunak zirenak, gehienak behintzat, ez ziren ideologia, erlijio eta etnia-ezaugarri berekoak. Bestalde, bizimodu gogorra zuten mea zuloen barruan eta kanpoan: soldata kaskarrak, gaixotasunak, heriotza indize altua…Eta horrenbestez  sozialismoari eta anarkismoari atxiki zitzaizkion, klase borrokari, alegia.

Europa aldeko langile mugimendua indartzen eta ideia sozialistak zabaltzen hasi ziren euskal industrialdeetan. PSOE alderdia eta UGT sindikatua izan ziren eragingarrienak ez ezik, eraginkorrenak, eta 1890etik 1905era egin ziren lehendabiziko grebak antolatu zituzten. Etorkinek, nola edo hala, beren egoera defendatu nahi zuten, eta, zer egingo eta, elkarteetan bildu ziren. Burgesiak gogor erreprimitu zuen, baina zenbat eta errepresioa handiago, orduan eta sendoago zen proletarioen klase kontzientzia. Labur esateko: langileen aldeko erakundeek gero eta indar handiagoa eta kide gehiago zuten.

1911n SOV-ELA sindikatu nazionalista sortu zen. Hasieran, Bilbo inguruko langile euskaldunen artean bakarrik izan zuen eragina. Gero, Gipuzkoako herrietan finkatu zen, eta azkenik, barrualdeko lurraldeetan, ezaugarri katolikoz eta nazionalistaz ongi hornituta.

Bizkaian, 1920an, 124 greba egin ziren. Garai hartan komunistek eta anarkistek betekizun garrantzizkoak izan zituzten eta langileen artean oilartzen hasi ziren. PSOEk erdiko bidetik-edo jo zuen, komunistek eta anarkistek baino moderatuago jokatu zuen, alegia. .

Enpresarien gehiegikeriak umeei eta emakumeei ere erasan zien. Lantegietan ari  ziren lanean, eta haien arteko heriotza tasa gizonezkoena baino altuagoa zen. Emakumeek, Dolores Ibarruri “Pasionaria”k adibidez, gero eta parte handiagoa hartu zuten langileen neke eta borroketan. Bestalde, XIX. mendean hasita mugimendu sufragistak lanean ari baziren ere, eskubide berdintasuna oso poliki eta nekez ari zen garatzen eta lortzen. Espainiar estatuan, esate baterako, 1931 arte ez zitzaion onartu boto eskubidea emakumeari.

Apaizeria gizarte berrianhasierara igo


Atarratzeko eliza
XIX. mendean zehar ekonomian eta politikan galera handiak izan zituen klero euskaldunak. Desamortizazioa eta pribilegioak galtzea Espainia osoan eman bazen ere, Euskal Herriko apaizeriak besteek besteetan baino kolpe handiagoa hartu zuen; galera haiei gehitu behar zaie, izan ere, karlistaldietan galtzaile gertatu izana, Euskal Herriko elizgizonak, asko, ez denak,karlisten bandoan buru-belarri sartuak egon baitziren.

Porrot hartatik burua altxatzen saiatu zen euskal kleroa. Goiko karguak ondo moldatu ziren boterea eskuratu zuen burgesia industrialarekin, eta, jakina,,Errestaurazio monarkikoarekin bateratu ziren. Bien bitartean, herri xehearekin bat egina zegoen apaizeria mezu antiliberalak predikatzeari lotu zitzaion kartsuki. Ideia nazionalistak zabaltzen hastearekin batera, gero eta eskuindarrago eta zentralistago bihurtzen ari zen karlismoaren pentsabideari uko egin eta Sabino Aranak bultzaturiko mezu nazionalista bereganatu eta zabaldu zuen apaiz askok.

Ideia eta gizarte tradizionala defendatzen zuten elizgizon haiek ez zituzten begi onez ikusten industrializazioak zekartzan aldaketak, eta are gutxiago sozialismoarekin identifikatzen ziren ateismoa eta kultura laikoa. Aldez edo moldez, elizaren eragina erabatekoa izan zen euskal gizartean.

Nekazaritzahasierara igo


Baserriko familia
Euskal gizartean gehienak nekazaritzan ari ziren 1870. urtean; beste horrenbeste gertatzen zen Espainian. 1876an Foruak ezeztatu ondoko urteetan, lehendik zuten egoera eta bizimodua oraindik gehiago txartu zitzaien nekazaiei: soldaduska erremediorik gabe egin behar zen, zergak pagatu behar ziren, lur heze emankorrik gabe gelditu zen nekazari dezente industrialdeetan-eta. Eta jakina ba, nekazaritzan ari zen jendea urritzen hasi zen, eta baserritarrek alde egin zuten baserritik: Bilbo eta Gipuzkoako industrialdeetara askok eta Amerikara beste askok.

Dena dela, XX. mende hasieran nekazarien egoera zerbait hobetu egin zen. Nekazari asko Amerika aldera joanez gero hartan demografiaren presioa ez zen lehen adinakoa. Gainera, industria eta hiriak handitzeak eta ugaritzeak haietan lan egin zutenen eta bizi zirenen beharrak handitu egin zituen, eta horrenbestez Gipuzkoako eta Bizkaiko baserritarrak salerosian hasi ziren hirietan zabaldutako merkatuetan: esnea, barazkiak, haragia, fruituak eta beste zernahi saltzen zuten haietan. Komunikabideak ere hasi ziren hobetzen, eta hori ere probetxuzko gertatu zitzaien.

Nekazarien egoera hobetzen ari zen seinale da 1910etik aurrera baserria errentan zuten asko baserria erosi eta jabe egitea.

Araban eta Nafarroan ere egoera asko hobetu zen: lehen aldean askoz gehiago ekoizteko gaitasuna bazuten orain nekazariek: bi herrialdeetako lur eremu zabaletan lurra gorritzeko eta goldatzeko makina berriak ekarri zituzten, orobat lurrean ereindakoa eta hazitakoa biltzeko eta jasotzeko makinak ere. Gipuzkoan eta Bizkaian, oro har, ordu arteko teknikarekin segitu zuten. XX. mendearen erdia arte, Nafarroan eta Araban bereziki, gehienak nekazaritzan ari ziren, eta Nafarroako Erriberan jornaltiarrak (nekazari proletarioak) kontratatzen hasi ziren lurjabe handi samarrak.

Ipar Euskal Herria hasierara igo

Ipar Euskal Herriaren bilakaera politikoa eta ekonomikoa Hegoaldekoarekin eta, batez ere, Bizkaikoarekin eta Gipuzkoarekin alderatzen bada, nabarmen bestelakoa zen. Aldea gizartearen egituran ere nabari zen.

Frantziar estatuan industria garatzen Espainian baino lehentxeago hasi baziren ere, Iparraldeko hiru euskal lurraldeak prozesu hartatik bazter geratu ziren (Hazparne, Maule-eta izan ezik).


Baserria
Bertan bizi ziren gehienak, barnealdekoak bereziki, nekazaritzan ari ziren. Denentzat behar adina ez eta, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako milaka eta milaka biztanlek urrutietara jo behar izan zuen: Frantziara eta Ameriketara (Argentina, Uruguai, Txile...). Iparralde barrualdea jendez husten hasi zen eta, horrenbestez, biztanleriaren hazkundea moteltzen.

Baiona eta itsasaldeko hiri batzuk (Biarritz, Angelu, Ziburu...) beste bide bati lotu zitzaizkion: turismoari. Trena 1864an ailegatu zen Hendaiaraino; harrezkero hasi ziren poliki-poliki frantziar burgesak Euskal Herrira arrimatzen aristokratek hartutako bideari jarraituz. Frantziar  burgesak etortzearekin eta frantziar estatuak erakusten zuen zentralismoarekin ahultzen hasi zen Iparraldean euskal kultura.

1914an Bizkaian eta Gipuzkoan industrializazioa beti aurrera ari zen atzerakorik ez zuen pausoan beti. Bien bitartean Lehen Mundu Gerrak gogor astindu zuen Iparraldea, eta gerrakoan hildakoak asko izan ziren, eta hor isuri zen euskal odolak Ipar Euskal Herriaren eta Frantziaren arteko loturak sendotu zituen. Hegoaldean kontzientzia abertzalea pizten eta biziberritzen ari zen memento berean Iparraldean frantziar eskuin nazionalista zen garaile gerra osteko hauteskundeetan.

hasierara igo