HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Gizartearen egitura 1870. Urte inguru arte:



Sarrera. Erregimen Zaharraren bukaera


Kontxan paseatzen
XIX. mendean gogor astindu zuen Europa iraultza burgesak. Haren eragina Euskal Herrian ere nabaritu zen. Hango historiak eta egoera juridiko bereziak (Foruak Hegoaldeko lurraldeetan eta zentralismoak Iparraldean eragindako desegokikeria) taxu eta itxura berezia eman zieten prozesu politikoari eta ekonomikoari.


Haurrak. Zeanuri 1913
1789ko Frantziar Iraultzaren ondoren, Erregimen Zaharra Iparraldetik desagertu baldin bazen ere, Iparraldea ez zen kapitalismo industrialaren bidean sartu, ez zen industrializaziorik izan, eta horren ondorioz Iparraldeko milaka eta milaka gizasemek eta gizalabak Frantziako eta Amerikako bidea hartu zuen.

Hegoaldean Erregimen Zaharra Bigarren Karlistaldiarekin batera (1872-76) bukatu zen, alegia Foruak zeharo desagertu zirenean. Orduan hasi zen benetako Industria Iraultza. Espainian, orobat Euskal Herrian: industriarekin aberastu zen burgesiak botere ekonomiko eta politikoa eskuratu zuen, betiere noble lurjabe handien kaltean.

XIX. mendean, 1876a arte, karlismoaren bidez, Euskal Herriaren hegoaldeko lurraldeetan eskaini zitzaion babesik handiena ordu arteko sistemari. Euskal merkatari eta industrialari burgesei diru egiteko oso aukera onak eskaintzen zitzaizkien urrutira gabe bertan: portuak, mugak, meategiak. Baita foru lege sistema propio bat ere, eta hura euskaldunen betiko bizimoduaren aldaketen kontrako tresna izan zen artzain, apaiz, eskulangile, jauntxo txiki eta nekazarientzat.

Luzaroan iraun zuen elkarren arteko borroka hark: hirien eta baserri giroko herrien arteko gatazka zen. Euskaldunak alderdi banatan kokatu ziren: batean, Donostia, Bilbo, Irun  eta haien tankerako hirietako burgesia, eta haien interesekin bat egiten zuen espainiar monarkiaren interesak armadaren laguntzaz defendatzen zituena, eta bestean, haien aurka, lurrak eta etxeko ondasunak galtzen ari ziren herritarrak, apaizeria eta irispide laburreko ekintza mugatuak egiten zituzten gerrillari gero eta nabarmenago karlismoarekin bat egin zutenak.

Noblezia 1870a arte hasierara igo


Antonio Maura enpresari bikaitarrekin
Hainbeste urtean lurraren jabe eta aitoren leinuko izan ziren aitoren seme-alabek eta Ahaide Nagusiek, XIX. mendean sartu baino lehentxeago botere politikoa burgesiaren eskuetan utzi behar izan zuten, hots, sistema politikoa eta ekonomikoa mendez mende menderatzeko eskua izan zutenak esku hutsik gelditu ziren.

Merkataritzan eta Amerikan aberastutako burges askok dirua lurrak erosten inbestitu  zuen; horregatik, bada, aurrerantzean lurjabeen taldea handikien jatorrikoak zirenekin ez ezik gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren burges lurjabe berriekin osatu zen.

Bestalde, Foruen arabera, euskaldun guztiak aitoren odolekoak ziren, nahiz eta hala izateak ez zion inori abantaila ekonomiko berezirik ekartzen. Gaztelan bestela zen: noblezia hereditarioa zen, eta boterean jarraitzen zuen.

Bizkaiko eta Gipuzkoako burgesia berriak oso talde indartsua osatu zuen: gero eta esku gutxiagotan ziren lurrak, eta itsasoko komertzioari esker, kapital handiak pilatu zituzten, XIX. mendean liberalismo ekonomikoaren joerak zabaltzen hasi zirenean, Foruekin egin zuten topo eta estropezu merkatari aberatsek. Burgesiaren interesak eta Espainiako monarkiarenak bat zetozen, eta haren armadaren laguntzarekin, Karlistaldietan nobleei bortxaz nagusitu zitzaizkien. Herri xeheari eta apaizeriari ez ezik, lur eremu handien jabetza zuten aitoren seme-alabei gailendu zitzaien burgesia. Betiko noble horiek beren indarrari eutsi zioten Espainiako leku askotan; Euskal Herrian, ordea, protagonismoa behin betiko galdu zuten kapitalismo industriala abian jarri zenean.

Kleroa 1870a arte hasierara igo


Gazteizko katedrale zaharra
Erlijio katolikoa Erdi Aroan hedatu ahala, gizarte feudalaren botere talde bat eratu zen, Espainian bezala Euskal Herrian: apaizeriak lur jabetza eta eragin politikoa nobleziarekin partekatu zituen. Erregimen Zaharraren ordenaren defendatzaile izan zen apaizeria, baina sistema hura XIX. mendean bilintzi-balantza zealdoka hasi zenean, sistemak agintearekin ezin konponduzko arazo larriak izan zituen; haien ahalmena zalantzan jarri zen momentu hartan.

Mendebaldeko gizartea ondo horniturik egon zen betidanik eta beti apaizez eta frailez. Nonahi bezala Euskal Herrian ere demografiak gora egin zuenetan, euskal kleroaren kopurua handitu egin zen, askorentzat goseari ihes egiteko irtenbide aproposa eta ia bakarra baitzen. Herri xehearentzat ez ezik goiko mailetan elizaren giderrak manejatzen zituztenen karguak irtenbide goxo ziren aitoren seme-alaba askorentzat.

Hargatik guztiagatik erlijio katolikoak gizartean eragin bizi-bizia izan zuen. Geroago, XIX. mendean iraultza burgesak bazterrak astindu zituenean, itxura berriarekin agertu zen erlijio atzerakoi baten aurrean aurkitu zen Euskal Herria.

Eliza, goi mailan ari zena bereziki, aberastu egin zen Erdi Aroko mendeetan eta gerokoetan. Elizaren aberasbide nagusia lurraren jabetza zen, eta herri xeheak zintzo-zintzo, nahitaez, ematen zizkion hamarrenak eta gainerako zergak. Aberastasun haiek urritzen hasi ziren, ordea, XVIII. mendetik aurrera, alegia burgesiaren indar komertziala handitzen hasi zenean. Are pobreago bihurtu zen XIX. mendean desamortizazio legea funtzionatzen hasi zenean. Orduan ziren, orduan, zinak eta minak. Zer egingo eta, agintean zegoen kleroak jarrera gogorra erakutsi zuen Erregimen Zaharraren alde. Beheko mailan ari zen apaizeriak nekazariekin-eta bat egin zuen, haien artean bizi ez ezik haiengandik biltzen zuenarekin bizi baitzen. Gainera jende alfabetatua eta ikasia zen, eta, horrenbestez, nola edo hala, herri xehearen ordezkari ideologiko bihurtu zen. Pulpituetan karlismoaren> aldeko borroka hotsa entzun zen, eta horrekin ez aski, izan zen zizpa hartu eta gerran parte hartu zuenik ere. Bigarren Karlistaldian arrakasta militar dezentekoa izan zuen Santa Kruz apaizak: ez zen bakarra izan, izan ziren beste batzuk ere.

Une historiko hartan ekonomia, erlijio katolikoa eta foruak bat eginda egon ziren euskaldunen artean, eta Jainkoa eta Lege Zaharrak leloak elizaren ahoan izan zuen indarrik handiena.

Euskal Herriko goi kleroaren jarrera eta jokabidea bestelakoa izan zen: eskumenean zituen ondasun garrantzizkoenak gordetzea lortu zuen, eta monarkia burges zentralista gailendu zenarekin lerrokatu zen. Azken batean, hainbesteko gatazkak jasan ondoren, lekuan lekuko agintarien eskuetan geratu zen boterea: latifundistenetan Andaluzian, merkatari eta industrialarienetan Euskal Herrian eta Katalunian. Beraz, eliza katolikoko goi kleroak botere berriarekin ados jarri,eta zuen ondasun, eragin eta moral-ideologiaren indarrari eutsi zion geroenean ere.

Nekazaritza 1870a arte hasierara igo


Baserritarrak artasoroan
XX. mendean industriaren indarra nonahi eta noranahi zabaldu arte, jende gehiena nekazaritzatik bizi zen Euskal Herrian. Dena dela, kostaldeko herrietan batez ere, ez zitzaion nekazaritzari kontsumitzeko behar zen beste etekin ateratzen, ez zuen buruaskitasuna ziurtatzen. Lurrak, ,gehienetan, autokontsumorako ustiatzen ziren, eta oinordetza sistemaren bidez baserrian oinordeko bakarra, maiorazko bakarra izendatu eta baserria ahalik eta gutxiena zatitzen bazen ere, euskal baserritarrek beste ogibide batzuk behar zituzten eta behar dituzte lurrari eskatu arren hark osoki ematen ez ziena-diena osatzeko. Behar hura behar gorri bihurtu zen biztanleriaren hazkundearekin. Gauza agerikoa da: euskal nekazariak, baserrikoaz gainera diru sarrera bereziak izateko, meategietan, oletan ari ziren lanean, eta egur-ikatza egiten zuten eta morroi egoten ziren eta itzain ibiltzen ziren. Amerikara ere erruz joan ziren lan bila.

Jabe txiki edota handikien maizter zirelako, nekazariek aldarte onak eta txarrak izan zituzten, eta mila gorabehera, arrisku eta bidegabe pairatu zuten:uzta denboran uzta txarra sarri, lan osagarriekin nekearen nekez irabazitako txanponak neurri murritzean, lehen Erregimen Zaharrari bezalaxe orain besteri zergak ordaindu behar, eta, gainera, gauzen prezioa beti gorantz. Harrigarri badirudi ere, baserritarrak maiz matxinatu eta asaldatu ziren talde boteretsuen (lurjabe handiak edo goi kleroa) aurka XVII eta XVIII. mendeetan. Aldian aldiko arrazoiak izan zituzten kontra altxatzeko: gatz eta ogi prezioaren igoera, aduanak kostaldera aldatu nahia. Azken buruan, baserritarrek poliki antzean bizitzeko behar zuten oreka hauskorra egoera larrian jartzen zuten neurrien aurka altxatzen ziren behekoak goikoen aurka.

XIX. mendean, ekonomia eta industria modu berriak bortxaz ezartzen hasi zirenean, euskal nekazariak are gehiago larritu ziren. Lurjabe askok lur sailak saldu behar izan zituen, eta maizter-egoera gorrian zekusaten beren burua. Zer edo zer egin behar eta, lege zaharrak indarrean zirauten aurreko egoerara itzuli nahian, apaizeriaren gidaritzapean neurri handi batean, karlisten atzetik joan zirennekazariak. Eta, arraioa!, gerra baten eta bitan parte hartu eta bietan galtzaile gertatu. Nekazari askok bere hartantxe segitzen zuen lurra gorritzen, baina hartatik ganorazko etekinik ez zetorrela ikusten zutelako aspertuta, baserritar askoren exodoa hasi zen. Askok industrialdeetara (Espainiatik etorri zen jende uholdearekin batera) jo zuen, eta beste askok Amerikako bidea zapaldu zuen beste behin ere.

Burgesia 1870a arte hasierara igo


Debako hondartza
Industria Iraultzaren aurretik eta aztertzen ari garen garai historikoan, euskal burgesia ez zen artean Marxek definitu zuen ustiatze kapitalista helburu duen eta proletarioen aurrez aurre ipintzen den klase konpaktua, baizik eta hirietako noblez, funtzionariz eta merkatariz osatutako taldea. Burgesia izan zen, hala ere, Erregimen Zaharra desegiten gehiena ahalegindu zena eta, bide batez, beste ezerk eta inork baino etekin hobea atera ziona. Ez dugu ahaztu behar, ordea, herri xeheak eta nekazariek sortutako matxinadak burgesek maiz bultzatu zituztela, eta matxinada haiengatik lortu zituela burgesiak, neurri handi batean, arrakasta eta botere politikoa.

Erdi Arotik aurrera agertu zen Euskal Herrian burgesia, nobleziaren interesen kontra gehienetan. Gehienetan, ez beti, zeren eta bi talde haien harremanak nahasiak izan baitziren eta kontraesanez beteak: batzuetan elkartuta, bat-bat eginda, eta beste batzuetan eztabaida bizian elkarri mokoka.

XVI. mendeaz geroztik burgesek botere politiko handia zuten, hirietan bereziki. Haien jarduera ekonomiko nagusia merkataritza zen, bai espainiar merkatuan, bai kolonialean, bai  europarrean. Horregatik, merkataritza-eragiketen araberakoa izan ohi zen haien jarrera politikoa eta soziala, hau da, ia aldi oro esku artean zituzten negozioei gehiena komeni zitzaiena egiten zuten. Burgesak, gehienetan, nobleziaren eta nekazarien aurka aritu ziren.

Aduanak eta muga-zergak ageri dira XIX. mendeko gatazka guztien muinean, negozioetarako giltzarri baitziren biak-ala-biak. Hura guztia kontuan izanda ulertzen ahal da burgesek Karlistaldietan erakutsitako jarrera: liberalismoaren aldekoa, karlismoaren aurkakoa.

hasierara igo