HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Gizartea

Demokraziaren eta lan sektoreen bilakaera:



Europako Biztanleak 1850. urte Inguruan

Britainia Handiaren eta Euskal Herriaren bilakaera demografikoaBritainia Handiaren eta Euskal Herriaren bilakaera demografikoa.

Nekazaritza, higiene eta sendagintzan asko aurreratu zelako, heriotza tasak behera egin zuen eta hazkunde tasak gora. Britainia Handian, XIX. mendean, biztanleen kopurua  laukoiztu egin zen. Industria iraultzak hasiera Britainia Handian izan zuen; lehen iraultza demografikoa ere bertan eman zen. XIX. mendearen hasieratik aurrera azkartu egin zen, ia batere etenik gabe, biztanleen hazkunde erritmoa, eta asko eta asko kanpoan zituzten kolonietara eta Estatu Batuetara joan zen lan bila bizimodua ateratzera.

Euskal Herrian XIX. mendearen lehen erdian demografia hazkunde neurritsua izan zen, eta jende dezentek alde egin zuen Amerikara-eta eguneroko ogia irabaztera. 1877tik aurrera industria eta merkataritza berregituratzen hasi zirenean biztanleriaren hazkunde erritmoa aldatzen hasi zen, lehenik Bizkaian, geroxeago Gipuzkoan. Araban eta Nafarroan ez zen industria aldaketa nabarmenik izan XX. mendearen erdialdea arte.

Bizkaian hazkundea egundokoa izan zen. Bigarren Karlistaldia bukatu eta berehala nonahi lurra zulatzen hasi ziren mea-hobien bila, burdin meak ustiatzen, alegia. Siderurgia modernoaren garaia heldu zen, jarduera industrial askotarikoa. Eta, jakina, beharra ere bazegoen eta, milaka atzerritar langile etorri zen Bizkaira meategietan eta, oro har, industrian lan egitera. Gipuzkoan, aldiz, 1900. urtetik aurrera hasi zen biztanle kopurua gora egiten. Kostaldeko bi probintzia haietara Nafarroatik, Arabatik eta, batez ere, Espainiatik egundoko etorkin uholdea etorri zen.

Bizkaian % 25eko hazkunde indizea izan zen eta ez zen egundaino inon beste horrenbeste gertatu, ezta Britainia Handian bertan ere, indartsua eta iraunkorra izan bazen ere.

Britainia Handiko eta Euskal Herriko lan sektoreak. hasierara igo

Bigarren sektorean, industrian, Hego Euskal Herrian ari zirenen kopurua % 15ekoa baino ez zen 1880an; Britainia Handian, aldiz, % 43koa zen 1851n.

Gauza jakina da Britainia Handian XVIII. mende bukaeran industria handitzen hastearekin batera demografia ere handitzen hasi zela. Botere politiko, tekniko eta inperio kolonial erraldoi baten jabe zen Britainia Handia, eta industriarako behar ziren lehengaiak kolonia haietatik ekartzen zituen eta, bestalde, haietan beraietan merkatu guztiz egoki aproposa zuen Britainia Handian ekoitzitako eta landutako produktuak saltzeko.

Industrian lan egiteko milaka eta milaka eskulangile behar zirenez eta lan hartatik eskuarte hobea zutenez, nekazari askok, baserriko diru eskasiari ihesi, hiri industrialetara joatea erabaki zuen. Hori dela eta, nekazaritzan ari zirenen kopurua jaitsi egin zen eta geratu zirenen irabaziak gora egin zuen. Produkzio kostuaren igoera harengatik, esan gabe doa, nekazaritzan lan tresna berriak sartzea errentagarri gertatu zitzaien lurjabeei.

Hala, 1850ean britainiarren % 35 nekazaritzatik bizi zen; 1914an % 10 baino ez zen nekazaritzatik jaten zuena. Lehen Mundu Gerra hasi zen urtean nekazari ziren frantziarren eta alemaniarren % 40. Iraultza aurreko Europako inperio zabalean are gehiago ziren: % 65.

Euskal Herrian, 1900. urtean, bigarren sektorea zertxobait hazi bazen ere, erdiak baino gehiago nekazaritzatik bizi ziren. 1930. urtean alabaina bigarren sektorea zerrendaren buruan jarri zen, % 40 industrian ari zen eta. Batetik, bertako nekazari asko fabrikan hasi zen lanean, eta bestetik, Espainiatik etorkinak samaldan zetozen lan bila; faktore haiei zor zaie, batez ere, bigarren sektorearen igoera.

Bien bitartean, espainiar estatuan biztanleak, ia erdiak, nekazaritzan ari ziren. Araban eta Nafarroan beste horrenbeste gertatzen zen, bi lurralde haietan artean ez baitzioten industrializatzeari ekin. Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, estatuko biztanle dentsitate handiena edukitzeaz gain, bizimolde hiritarra, urbanoa, nagusitu zen, eta gizartean aldaketa funtsezkoak izan ziren (bizitzeko eguneroko soldata baino ez zuten proletarioak, arazo kulturalak...).

hasierara igo