HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Ekonomia

Industria mota berriak:



Sarrera

XIX. mendean Euskal Herrian garatzen hasi zen egoera ekonomiko berriaren ardatzak Bilboko itsasadarra eta burdina izan ziren. Bilbotik Bizkaiko eta Gipuzkoako herrietara zabaldu ziren industriak; bi probintzietan maila txikiko eta erdi mailako enpresa asko sortu eta eraiki zen.

Industrializazioaren lehen urratsak 1842tik 1866ra egin ziren bi lurralde haietan, baina, nolabait esateko, bietan industria mota desberdina sortu zen: itsasadarraren inguruan antolatu eta bideratutako burdingintza izan zen industriaren giltzarria Bizkaian; Gipuzkoan, berriz, neurri txikiko enpresa asko sortu zen probintzia osoan han-hemenka, bertako eta inguruetako merkatuetarako produktu landuak egiteko asmoz.

Burdingintza hasierara igo

Gipuzkoa osoan enpresa txiki eta erdi mailako asko sortu zen: Donostia, Pasaia, Hernani, Zestoa, Soraluze eta Eibarko galdategiak eta mekanika lantegiak, Arrasate eta Aretxabaletako sarraila fabrikak, Oñatiko erreminta eta iltze fabrikak... Aipagarri da Beasaingo La Maquinista Guipuzcoana: 1901ean, zenbait lantegirekin elkartuta, Sociedad Española de Construcciones Metálicas (geroko C.A.F.) bilakatu zen, eta burdinbiderako materiala egiten eta bagoiak fabrikatzen espezializatu zen. Ia horrekin batera sortu ziren Arrasateko Unión Cerrajera (1906) eta Legazpiko Patricio Echeverría (1907).



Armagintza
hasierara igo

 

Tradizio handiko lanbide honek hazkunde handia izan zuen 1876tik aurrera. Ekoizten zen gehiena esportatu egiten zen, Espainian ez baitzen ezta % 20 ere saltzen. Arma industria, ia erabat, Eibar, Soraluze eta Elgoibarren zegoen. Estatuak ekoizpena kontrolatzeari utzi zionean, familia enpresa txiki piloa sortu zen. Eibarren bost lantegi zeuden 1890ean; 1930ean 105. Armagintzaren mesederako izan zen Lehen Mundu Gerran Espainiak erakutsitako neutralismoa, salmentak gora egin baitzuen. Halaz eta guztiz ere, gerra ostean esportazioak gutxitu egin ziren, eta ordu arte egiten zuten produktua egiteari utzi eta josteko makinak produzitzen hasi ziren fabrika batzuk, eta, bat, Orbea bizikletak. 1920ko hamarraldiko kontua da hori.

Papergintzahasierara igo


Papergintza
Paper industriak 1842tik 1866ra egin zituen lehen urratsak; garapen guztizkoa 1876tik aurrera izan zuen.

1841ean aduanak itsasaldean jarri zirenean, gipuzkoar burgesiak espainiar merkatura jo zuen. Industria mota garrantzitsuenetan, hots, siderurgia eta ehungintzan, bizkaitar eta katalanekin ezin zirenez lehiatu, industria mota berri batekin saiatu ziren: paperarekin. 1842tik 1866ra Gipuzkoako lehen industria mota bilakatu zen papergintza. Kapitala merkataritzatik etorri zen; frantses eta katalan kapitala ere sartu zen tartean.

Finantzatze kostuak handiak zirelako, enpresak kapital elkartzeak egiten hasi ziren. Teknikaren aldetik aurrerabide handiak egin ziren; lehen mailan segitu nahi zuenak, jakina, larrutik ordaindu behar zuen.

XX. mende hasieran paper enpresak bateratzen hasi ziren, eta 1901ean La Papelera Española sortu zen non Gipuzkoako, Bizkaiko eta beste lurralde batzuetako lantegiek bat egin zuten. Espainian produzitzen zen paperaren % 80 inguru ekoizten zuen 1920an, Gipuzkoan gehienbat.

Paper fabrika gehienak eta handienak Oria ibaiaren arroan zeuden, Tolosaldean bereziki. Errenteriako paper fabrika ere galanta zen.

Ehungintzahasierara igo

1842tik 1866ra aduanak kostaldera eraman zituzten batetik, eta bestetik, lan mota hark inbestimendu. handirik ez zuen eskatzen. Hori dela eta zenbait enpresaburu txikik ehungintzan inbestitzea erabaki zuen. Ehundegian ekoizten zena bertako inguruetako merkatuetan saltzen zen; estatuan katalanak ziren aise nagusi. Horregatik aipagarri da Gipuzkoan ehungintzan hainbeste katalan deitura azaltzea: Brunet, Frois, Silva, Blanc….

Tolosan eta Errenterian artilea lantzeko bi enpresa jarri ziren martxan. Andoainen, Lasarte-Orian eta Bergaran (Algodonera de San Antonio, 1846) kotoi fabrikak sortu edota handitu egin ziren, eta berriak sortu ziren Zarautzen, Villabonan eta Bergaran. Horiez gainera, Tolosako eta Azkoitiko txapel fabrikak entzute handikoak ziren.

Zementu industriahasierara igo


Añorga: "Rezola - fabrika"
Gipuzkoan, dirudienez, zementua ekoizten ingelesek eraginda hasi ziren. 1846an fabrika batzuk eraiki ziren Iraetan, Zumaian, Oikian eta Donostian. Tuparri eta lignito ugari zegoen, eta horiek biek behar-beharrezko lehengaiak lortzeko aukera ematen zuten. Gipuzkoa buru zen zementua ekoizten. Amerikara bertara ere esportatzen zuten eta.