HASIERA
INDUSTRIALIZAZIO GARAIA - Ekonomia
Arma-fabrikaren tailerra

Kokagunea:



XIX. mendean bi aginte politiko mota ziren nagusi: monarkia absolutista eta monarkia konstituzionala edo parlamentarioa.

Monarkia absolutista Erregimen Zaharrean oinarriturik zegoen, gizartea estamentu pribilegiatu/ez pribilegiatuen artean sailkaturik, eta monarkiak esku handia zuen barne eta kanpo politikan, hots: politika arazoetan. Nobleziak botere politikoan parte hartze zuzena zuen, baina ez talde ez pribilegiatuek, burgesiak barne.

Monarkia parlamentarioa edota konstituzionala ideia liberaletan oinarritzen zen; boterea hirutan banatua zegoen: botere betearazlea (gobernua), botere legegilea (parlamentua), eta botere judiziala (epaileak). Lege oinarrizkoek osatzen zuten Konstituzioa.

Mende hasieran, absolutismoaren aurkako ideologia liberalak eta nazionalistak azaldu ziren, eta mende erditik aurrera, proletario industrialak ugaritu ahala, sozialismoa.

Industria Iraultzaren garapenahasierara igo


Arma-fabrikaren tailerra
Gizartearen aurrerabidean zerikusi handia izan zuen Industria Iraultza oso konplexua izan zen; ez zen halabeharrez eta ustekabean sortu: elementu eta kausa asko bateratu ziren, eta elementu eta kausa haiek batek besteari eraginez, egoera aldatu eta ondorio berri asko ekarri zuten.

Kontuan hartu behar da, halere, honako datu hau: ez zuten eragile haiek modu berean eragin herrialde guztietan: herrialde bakoitza nahierara saiatu zen elkartzen eta egokitzen elementuak eta lurraldearen beharrak.

Aldaketa politikoahasierara igo


I Errepublikaren aldarrikapena (1873ko otsaila)
Gizataldeen arteko harreman berriak maila guztietan eman ziren, baita agintearekiko harremanetan ere. Ekonomia sailean gogotik indartu eta sendotu ziren talde berriak, eta goi mailako burgesia industrialekoak gizartearen norabidea erabakitzen zuten erakundeetan parte zuzen-zuzena hartzen hasi ziren. Hori dela eta, aldaketa politikoa eman zen euskal gizartean: ordu arte agindu zuten herriko jauntxoak baztertu eta boterea, hau da, erabakitzeko ahalmena, burgesia industrialaren eskuetara pasatu zen.

Garapen teknologikoahasierara igo


Euskal Herrian sortutako pedal-tornua
Askoz gehiago ekoitziz irabaziak handitu egin ziren, langile gutxiagorekin azkarrago eta gehiago lortzen  baitzen. Gogoan izatekoa da: langileak maiz agertu ziren aurrerabideen aurka, eskulan gutxiagorekin lan egin ahal izateak lanpostuak urritu eta arriskuan jarri baitzituen.

Lanabes berriak asmatu ziren, baina asmatzea ez zen nahikoa, erabiltzen ere ikasi egin behar zen. Enpresaburuak, jakina, tresna berriak mesedegarri zirela konturatu zirenean, beste gabe haiek erabiltzen hasi ziren.

Asmatutakoen artean garrantzitsuena lurrun makina da. James Watt ingeniari eskoziarrak asmatu zuen 1765ean. Gizakien edo animalien indarrean oinarritu eta izadiaren agindupean ez dagoen energia iturria lortu zen. Horrenbestez, energiaren kostua merkatu eta industria hiri inguruetara pasatu zen.

Kapitala metatzenhasierara igo


Bilbao banketxea

Bilbao banketxea billeta
Baserritarren irabazpideak gehitu egin ziren, eta itsasoaz beste aldeko merkataritzari, esklaboen salmentarekin batik bat, gero eta etekin hobea ateratzen zitzaion, eta etekin haiekin industria berria sortzeko behar zen kapital edo diru kopurua osatu zen.
 
Inbestimendu (inbertsio) handiakhasierara igo


Vizcaya banketxea
Makinak gero eta hobeak ziren, baita garestiagoak ere. Hasieran pertsona jakin batzuek jarri zuten dirua, baina gerora, burgesia industrialaren esku geratu ziren inbestimenduak. Sozietate Anonimoak sortu ziren. Industrian izandako irabazien zati bat berriro inbestituz dirua erruz aurreratu zen. Bankuek ere, jakina, gero eta gehiago inbestitu zuten.

Garraio iraultzahasierara igo


Tren lokomotorea
Ekoizteaz gainera saldu egin behar zen. Asko produzitzen zen, eta produzitutakoa kanpoko herrietara eraman behar zen. Hots: garraio sistema egokia beharrezkoa zen.

Garraioak hobetu ahala merkataritza indarberritu egin zen, eta emigrazioa, beste gabe, handitu. Ipar-mendebaldeko europarrek, britainiarrek bereziki, lehengaiak ugari eta merke lortzen zituzten etxetik kanpo, kolonietan. Lehengai horiekin eginiko produktu landuak bertakoei, etxekoei saltzen zitzaizkien. Oso egoki etorri zen hori guztia Europarentzat, baina ez herri atzeratuen eta kolonizatuen industriarentzat.

Ubideak eta errepideak hobetuz asko aurreratu zen. 1820tik aurrera oso garrantzizko eta beharrezko gertatu ziren garraiobide berriak, hau da, trenak eta lurrunontziak.

Demografia iraultzahasierara igo


Haurrak
XVIII. mendetik aurrera jende kopurua handitu egin zen Europan, eta horrekin batera baita kontsumitzaileen eta produzitzaileen kopurua ere. Hori dela eta, gero eta eskulangile gehiago zegoen lanerako.

Izurriteak gutxitu eta arindu egin ziren eta nekazaritza hobetu eta elikagaiak ugaritu. Heriotza tasa asko jaitsi zen, baita jaiotza tasa ere, baina jaiotzarena heriotzarena baino txikiagoa izan zen. Horrek guztiak biztanleriaren berezko hazkundea eragin zuen.

Hazkundea hirietan eman zen batez ere, nekazari askok hirietako industrietara jo baitzuen bizimodu bila. Garraioak hobetu zirenean Mundu Berrira ere jende asko joan zen lan bila.

Nekazaritzan aurrerabideakhasierara igo

Hobetze tekniko batzuei esker baserri inguruetan itxiturak egin eta barrutiak sortu ziren, ongarri berriak asmatu, tresneria hobetu, ekoizpen ahalmena handitu, elikagaiak ugaritu eta jendearen gose aseezina berdindu. Hortik bi ondorio garrantzitsu ateratzen dira: batetik, nekazaritzan zenbat eta jende gutxiagok lan egin industrian gero eta eskulangile gehiago, eta eskulana bera ere merkeago; bestetik, lurjabe handiek kapitala metatzen zuten industrian inbestitzeko.

 

Industri iraultzaren garapena

Industrializazioaren garapena XIX.mendeko Europanhasierara igo

Industrializazioa Britainia Handian hasi zen, baina berehala zabaldu zen handik; lehenik, Europako zenbait erresumatara (Belgika, Frantzia, Alemania) eta, pixka bat geroago, lurralde urrutikoetara (Estatu Batuak, Japonia).

Mediterraneo aldeko europar eskualdeak industria prozesu hartatik kanpo-edo geratu ziren, eta atzerapen dezenterekin abiatu ziren, gero, industrializazioaren bidetik.

Frantziahasierara igo

 

1830. urte inguruan abiatu zen Frantzia industrializazioaren bidetik. Dena dela, lur sail handien jabe ziren nobleek traba egin zioten industrializazioari. Horrez gainera, aurrerabideei muzin egiten zien monarkia absolutuak agintzen zuen. Nekazaritzan ari ziren herritar gehienak (% 75 1848an), eta haiek ez zuten produktu landuak erosteko dirurik; nobleek eta gortekoek luxuzko produktuak erosi eta bizimodu lasaian xahutzen zituzten ondasunak, nekez inbestitzen alabaina industrian.

Frantziak inperio kolonial garrantzitsua zuen lehengaiak lortzeko eta produktu landuak kokatzeko, ez zuen, ordea, ikatzik eta burdin meatze garrantzizkorik. Horrezaz gain, beste estatu batzuetan adina laguntza ez zuen burgesiak izan industrializazio prozesurako. Trenbideak egiten 1842an hasi baziren ere, industrializazioa oso mantso zertu zen.

Britainia Handia

hasierara igo

Britainia Handia izan zen aintzindari, dudarik gabe, industrializazio prozesuan. Erresuma hartan egin ziren lehen urratsak, eta prozesuaren eragile nagusia izan zen XIX. mendearen erdia arte.

Ez ziren, halere, sistema batetik besterako aldaketak bat-batean egin. Urte askotan zehar elkarren lehian aritu ziren lantegi berri eta zaharrak; azken horiei atera zitzaien ordu arte etekin handiena. Baina gauzak nabarmen aldatzen hasi ziren. Ehungintzan artilea, kotoia eta zeta lantzeko gero eta teknika berri gehiagoz baliatzen hasi ziren, eta, horrenbestez, ekoizpena handitzen. Meatzaritzan eta burdingintzan egur-ikatzaren ordez harrikatza erabiltzen hasi ziren, eta huraxe izan zen aldaketarik handiena. Orobat: produktu landuak egiteko teknika berri-berriz baliatzen hasi ziren industria sailean.

Alemaniahasierara igo

 

Frantziarekin eta Belgikarekin batera, 1830. urte aldera heldu zion Alemaniak industrializazioari. 1834an Aduanen Batasuna (Zollverein ) zertu zenean hasi zen ekonomia garatzen, estatuak bultzatuta betiere. Silesia (lehengaiak ustiatzen ziren) eta Ruhr eskualdeak ziren industriagunerik garrantzitsuenak; baina lehengaiak modu merkean lortzeko eta produktu landuak kokatu ahal izateko inperio kolonialik ez izateak Britainia Handiarekiko atzerapena ekarri zion.

Belgika hasierara igo

1830ean hasi zen Belgikan industrializazioa. Prozesua sendo abiarazteko oso lagungarri gertatu zitzaion eskulangintzan aspalditik zuen tradizio luzea: langile prestatuak eta burgesia saiatua eta aurreratua eskaini zizkion industrializazioari; horrezaz gainera, Belgikak ikatz eta burdin baliabide handiak zituen. Azkenik, Britainia Handia zuen alde batetik, eta Frantzia eta Alemania bestetik: bi multzo horien arteko zubi izatea lagungarri gertatu zitzaion.

Espainiaren industrializazioa

hasierara igo

Estatu eta eskualde aurreratuagoen bultzada behar izan zen Espainia industrializazio bidean jartzeko. Estatu haietako produktuek Espainian eskuz eginiko produktuei, eskulan tradizionalei alegia, konpetentzia egiten zieten eta, gehiago ezinda, ezinbestean protekzionismoa aplikatu behar izan zen. Teknika berrikuntzak sartzen saiatu ziren gobernariak eta enpresaburuak eta, batez ere, atzerritarrei makinak erosten edota haien  makinak imitatzen. Horrela lortzen zen produktua ez zen kanpoan lehiatzeko modukoa; dena dela, zenbait industriari zutik eutsi zitzaion eta, industria hark, aski kaskarra bazen ere, aldez edo moldez, geroago sortu zen industria bideratu zuen.

Dena dela, atzerritarrekiko mendekotasunaren ondorioz, meatzaritzan egin ziren aurrerapen gehienak atzerritarren eraginez eta haien interes eta mesedetan egin ziren eta, noski, batez ere haiek jaso zituzten irabaziak, ez Espainiak.

Estatuan industrializatu ziren lehen lurraldeek (Katalunia, Malaga...) ez zuten erregaia erraz lortzeko biderik, eta meatze zuloak ustiatuz atera zen dirua oso gutxitan inbestitu zen industrian. Makinak atzerritik inportatuz mekanizatu zen ehungintza, eta burdingintzan behar zen ikatza Britainia Handitik ekarri zuten.

Espainian industrializazioa berandu hasi eta geldi-geldi gauzatu zen, plan zehatzik gabe, eta, gainera, lurralde bakan batzuetan bakarrik. Hiritarren bizitza maila oso apala zen eta, beraz, produktu industrialak erosteko dirurik ez zuen jendeak. Bestalde, oso kontuan izan behar da dirua zutenek ez zutela dirua ekintza industrialetan inbestitu nahi izan, eta agintean zeudenek ez zutela industria indarberritzeko plangintza zehatzik eta zorrotzik antolatu.

 Munduko beste edonon bezalaxe, Espainiaren industrializazioari eragin zioten ekintza nagusiak ehungintza, meatzaritza eta siderurgia izan ziren.

 Ehun gaiak egiteari ia erabat utzi zitzaion estatuko hiri eta herrietan XIX. mendean; zutik iraun zuten ehun fabrika apurrak Katalunia aldean pilatu ziren. Fabrikak mekanizatuz eta eskulangile merkeagoa erabiliz (emakumeak eta umeak) kostuak murriztea lortu zen 1880tik aurrera. Horrekin guztiarekin gatazka sozial biziak sortu ziren gizartean.

Merkurio, berun eta kobre asko ateratzen zen Espainiako hego-mendebaldeko meatzetan. Burdina gehiena Malagan ustiatzen zen. Baina mea edo mineral esportazioak ez zuen siderurgian eragin nabarmenik izan, (Marbellan eta Asturiasen gogotik ahalegindu baziren ere), irabaziak ez baitziren meatzaritzan inbestitzen.

Burdinbide sarea 1843tik aurrera hasi ziren eraikitzen, baina horrek ere ez zuen Espainiaren industrializazioan nabarmen eragin, burdinbidea eraikitzeko behar ziren lehengaiak atzerritik ekarri baitziren.

Euskal Herria. Sarrera laburra hasierara igo

Nola Espainian hala Euskal Herrian nahiko berandu hasi zen industrializazioa. Dena dela, estatu barruan gehiena-edo industrializatu zen lurraldea Euskal Herria izan zen.

Bizkaiko meatzaritzak eragin zuen prozesu industrial hura. Hasteko, Europako industriek behar zuten burdina Ezkerraldean produzitzen zen; horrez gainera, meatzaritzatik lortutako irabazien zati bat bertan siderurgia sortzeko erabili zen. Lantegirik handienak eta aipagarrienak Bilbo inguruan eraiki ziren.

Bizkaiko gune nagusi hartatik hedatu zen industrializazio prozesua Euskal Herriko gainerako lurraldeetara, Gipuzkoara bereziki. Bizkaiari dagokionez, Bilbo aitzindari eta bide-erakusle izan zen industria sailean. Gipuzkoan ez zen halakorik gertatu: industrializazio prozesua probintzia osoan hedatu eta zernahi produktu landu zen enpresa txiki eta ertainetan.

Kronologikoki ere nabarmena da Bilbo inguruaren lehentasuna; han, meatzaritzak, 1860 aldera egin zuen goiti; Gipuzkoan industrializazioa XX. mende hasieran hasi zen sendotzen.