5. GERRAK ETA SOLDADUTZA
Egilea: Pedro Mari Otaño
Iturria: “Bertsolaria” aldizkaria (1932)
-1-
Jakitearen argitasuna
iritxi zayoten denak,
nola itsasoz aruntzkotarrak
ala onontztik daudenak,
eta geyago oyen tartian
biyotz altzia dubenak,
gaur Frantziyari biraltzen dizka
eskumuñ bereztubenak.
Gutxiyagorik ez du merezi
Bastilla-ren oroimenak.
-2-
Bastilla deitzen zitzayon etxe
tzar bat Parixen gaiñduba,
agintariyen josta lekuba
mendekuan infernuba;
jende “txe” dena oiñperatubaz
luzaruan egonduba;
gaur eun ta lau urte, altxarik
aserre erri miñduba,
onen indarrez izan zan ura
purrukatu ta kenduba.
-3-
Erriya ala ikusitzian
agintariyak atiak
itxi zituzten: bañan aitubak
zeuden ayen agintiak;
Parixko seme alkar maitiak
samiñtusunez betiak,
autsi zituzten beren anayak
lotzeko zeuden katiak,
eta len goyen zeudenak izan
ziran azpira botiak.
-4-
Nola itsaso aserretua
inoiz biurtzen dan apar,
gisa berian altxatu ziran
aiñbeste milla atzapar:
txikiyak laxter aunditu ziran
artu zutenian alkar,
aundiyak berriz ¡eta nola ez!
txikitu ziraden azkar,
Frantziyak daukan aunditasuna
egun santu arek dakar.
-5-
Uzta-illaren amalaubian
gaur eun eta lau urte,
frantzesak azañ izugarri au
egiñ izan ez balute,
etorkizuna etzitekian
daukan aña argiz bete.
Bai, animako ogiya denoi
bidean jarri digute;
agur ditzagun gure maisuak
guztiya merezi dute.
Egilea: Jean Baptiste Elizanburu
Iturria: “Bertsotan 1789-1936” (Joanito Dorronsoro)
-1-
Armen hartzera deitu ninduen
gazterik zorte etsaiak,
urrundu nintzen herri alderat,
itzuliz usu begiak,
itzuliz usu begiak.
-2-
Zorigaitzean baitut ikusi
Solferinoko hegia!
Alferrikan dut geroztik deitzen
iguzkiaren argia,
iguzkiaren argia.
-3-
Nihoiz enetzat ez da jeikiren
goizeko argi ederra,
Zerugainetik nihoiz enetzat
diztiraturen izarra,
diztiraturen izarra.
-4-
Betiko gaua, gau lazgarria!
begietarat zait jautsi;
ene herria, ene lagunak
nihoiz ez behar ikusi,
nihoiz ez behar ikusi.
-5-
Ene amaren begi samurrak
betiko zaizkit estali,
maiteñoaren begitartea
behin bethiko itzali,
behin bethiko itzali.
-6-
Larrainetako haritz, gaztaina,
mendietako iturri;
horiek oro enetzat dire
amets histu bat iduri,
amets histu bat iduri.
-7-
Ene herrian gazte lagunak
kantuz plazara dohazi,
eta ni beltzik, etxe zokoan...
irri egiten ahantzi,
irri egiten ahantzi!
-8-
Oraino gazte, gogoz ez hoztu
eta biziak lotsatzen,
dohakabea!, zer eginen dut
Jaunak ez banu laguntzen,
Jaunak ez banu laguntzen?
-9-
Ai, aski hola! Jainkoa barka!
Begira zure haurrari:
kontsolamendu zerbeit emozu,
noizbait duzun urrikari,
noizbait duzun urrikari.
Egilea: Jose Mari Lete Arrizabalaga, Estrada
Iturria: “Bertsotan 1789-1936” (Joanito Dorronsoro)
-1-
Bertso berri batzuek
behar ditut jarri,
nere lagun guztien
entretenigarri;
inozente soldadu
ninduen ekarri,
hiru urteko fetxa
didate ezarri.
-2-
Bergaran suertea
genduen tiratu;
batzuek katibu ta
besteak libratu;
numero bajua zan
neretzat tokatu,
Burgosko artillerian
naute entregatu.
-3-
Milla ta zortziehun da
laroita zazpian,
Burgosen aillegatu
Maiatzaren bian;
soldadutza zer zanik
asko ez nekian,
orain hasi da sartzen
nere memorian.
-4-
Etxetik erten nuan
ustez baliente,
aurretikan jarria
guztiz korriente;
guraso triste askok
negar eiten dute,
kinto ditxosozko hau
dala mediante.
-5-
Nire lagunak, jarri
zaitezte aditzen,
soldadu etorrita
zer moduz gabiltzen;
alde guztietatik
beti padezitzen,
hemen erakutsiko
digute bizitzen.
-6-
Orain hiru hilabete
etxetikan erten,
geroztik hemen nabil
patatia jaten;
Jaungoikuak osasuna
badigu ematen,
etorriko ahal gara
halakoren baten!
-7-
Kuartelian sartuta
lehenengo gauian,
barrundikan ez geunden
sosegu onian;
ni ikaratu nintzan
behiñepehiñian,
horko Dioska hotsa
entzun nuanian.
-8-
Kuarto baten sarturik,
mediku ta guzi,
lehendabiziko lana
erropak erantzi;
kontu kuriosuak
behar ziran ikusi,
jaio giñan bezela
hor gaituzte utzi.
-9-
Guri begiratu ta
atera kontuak,
hemen listotzen dira
ederki tontuak;
ekartzen diren indar
edo talentuak,
bajatzen ditu gure
mantenimentuak.
-10-
Diana jota lista,
ondoren sopia,
bera jan arte falta
sarritan pakia;
azkar ez dabillenari
traillazo golpia...
Hauxen da mixerable
bizi izatia.
-11-
Bostetan, lehenbiziko
mularen pentsua,
animali-jenero
umil da mantsua;
gero bederatzietan,
gure arrantxua:
patata, babazuri
eta garbantzua.
-12-
Arrantxu onduan du
linpieza jotzen,
orduan kuadrara
gaituzte bajatzen;
egunero honela
gerade jardutzen:
mularik ezpadegu,
zaldia garbitzen.
-13-
Kintuaren bizitza
errukalgarria,
errebista daukagu
ikaragarria;
jaboia ta betuna
jostorratz ta haria
justu ez daduzkanak
istillu gorria.
-14-
Mendean daukatena
jotzen dute pozik,
nahi izan arren ezin
kontestatu hitzik;
bilatzen badigute
zikinaren antzik,
ez digute largatzen
bizkarreko hotzik.
-15-
Gezur jabe joan zaigu
indarren erdia,
bihotzian tristura
kolore berdia,
gaiñera ikasten degu
zenbait pikardia...
Jesus, izazu gutzaz
miserikordia!
-16-
Agur, nere senide,
aita eta ama,
pariente eta lagunak,
adios, herri dana;
nahi nuke etortzia
noizbait zuengana,
hau da Estrada gaztiak
deseo duana.
Egilea: Pedro Mari Otaño
Iturria: “Bertsolaria” aldizkaria (1931)
-1-
Gure lenengo guraso aita
Adan ta ama Eba'ren,
lendabiziko semia Kain
ta Abel izandu ziraden,
bañan kondairan ekusten danez
biyak anai sortu arren,
nola etziran beñere iritxi
maite izatera alkarren
orra gerreta gizon iltzea
sustraya nondik datorren.
-2-
Adan ta Eba'ren seme oriyek
izanik bi anai bakar,
bañan etziran beñere iritxi
maite izatera alkar,
Kain gaistuak Abel justua
ill zuben albeziñ azkar,
geroztik onuntz esan liteke
bizi gerala su ta gar,
oraindikanen mudatutzeko
etxura gutxitxo dakar.
-3-
Mundutar danak ibillitzeko
geroztik esan dan gisan,
guk ezdakigu zergatik bañan
nonbait ala komenizan,
iya sei milla urtez ondoren
begira nola gabiltzan
bañan beartu izan geranez
gerran edo gudarizan,
Españitarrak anekorikan
ezta beste iñon izan.
-4-
Nork eztu entzun txit antziñako
altabixkarko kantua,
zeñez ez daki Ronzesbal'esko
Karlo Magno'ren paktua,
Nabas de Tolosa'ko Muslimen
indar zar purrakatua,
Sagunto'n ta Numanzia'n
Españolai gertatua,
gauz oyen jabe dan dierriya
izan zagun maitatua.
-5-
Ezaguturik Guzman el Bueno
zer egin zuben Tarifa'n,
atzerritarrak ekusten dira
oraindik arriturikan,
eta Isabel la Katolikak
moruak Granada'tikan,
bigaltzen ditu Kristandadia
indartutzia gatikan,
gure Kolon'i laguntutzeko
bere patrikeratikan.
-6-
Zenbat erauntsi sartu izanduda
Españiyako erriyetan,
asko iritxi izandu dira
agintzera egiyetan,
Ebro'tik bera asi eta emen
diraden alderdiyetan,
bañan ama onek lurra beria
maitatutzendu ziñetan,
eta Euskaldunak libre oituak
dira beren mendiyetan.
-7-
Ixillerazten dizkit gauz asko
bukatu bear laister,
Español danak orla izanik
Euskalduna'gatikan zer,
esan nezake oyen laguntzik
gabe iya iñoiz ezer,
egiñ ez bada ematen diot
Jaungoiko onari esker,
guretzat gorde ditubelako
orrenbeste gauza eder.
-8-
Areriuak edo etsayak
gu eztali nai arren loiz,
Españiyako legoi portitza au
nola eztan izutu iñoiz,
eztu galdatzen zenbat diraden
nondik datozen edo noiz,
sorterri ontan bizi bizirik
daude Belarde ta Daoiz,
zeren biyotza altxatzen zayon
dabillenari arrazoiz.
-9-
Nola Erroma'k mundu geyena
arturik zeukan mendian,
guztiz sinismen aundiya zuben
bere gerrari jendian,
eta Oktabio Augusto asi
zan Euskaldunaren galdian,
esanez bere gerra gizonai
oraindik libre daude an,
ia ekarri zaizkidatzute
auntzak bezela artaldian.
-10-
Lekobide zan buruzariya
orduko Euskaldunena,
eun urte anbat geyago
igaruak zituena,
gero Otzobal bere lagunak
agintzen zuben urrena,
Lartaun gaztia oyen esana
zintzo egiten zuena,
ta ondorengo jende guziya
oyen antzekua dena.
-11-
Sartu ziraden Erromatarrak
gure lur maite ontara,
bañan etzuten Euskaldunikan
menderatu iñotara,
Lekobide ta bere mutillak
belaun bat lurrian para,
eta tiratzen zuten kolpian
etsaya iltzen zan dardara,
azkenerako berak juan biar
izan zuten Erromara.
-12-
Erroma'tarrak talde gogorrak
lur asko zuten berendu,
ta Lekobidek zarrai deituaz
onela itz egitendu:
Jaunak Ernio'n danok luzaro
egiñ gindezke mantendu,
nere iritziz obe genduke
alperrik gaudenak kendu,
ta sasoyekuak saya ditezen
ori egingo bagendu.
-13-
Gerrari zarrak erantzun zuten
ederki dago gauz ori;
eta bertatik fin gaude emen
danok jarraitzeko zuri,
gu Ernio'ko aitzetan bera
bost eun aiton buru zuri,
amill gaitezen eta lenbailen
geren odola ixuri,
ondorengorik Erroma'tarren
mendera ez dediñ erori.
-14-
Beren semeak artu bazuten
Erroma'tarren morrontza,
emazte edo alabarentzako
seguro zetorren lotsa,
aiton oyentzat au pentsatzia
aiñ samin ta zorrotza
non naitasunaren indarrarekin
altxarik beren biotza,
ondorengoak bizi gitezen
autu zuten eriotza.
-15-
Erromatarrak egonagatik
oitura ateratzen jaun,
ekusirikan ezin zutela
lur ontan geyago iraun,
esan zioten oyen errira
bost okeikoren kontra eun,
zijoazela eta arturik
larogeita emeretzi laun
joan zan ta gallen an gertatuzan
Oyarzungo seme Lartaun.
-16-
Minberatzia gerta litezke
zenbat egiya esanaz
bañan ez dute kejakizunik
Aitor'en semien lanez,
gure dierri edo patria au
beartu izandu danez,
naiz serbitzeko orain bezela
premi aundirik izan ez
Euskal'erriyak lagundu diyo
bere odola emanaz.
-17-
Noiz nai arkitu izandu danez
Españiya bearrean,
naiz emen bertan edo urruti
munduaren bazterrean,
leku beroan edo otzian
itsaso eta legorrian,
beti azaldu zayo laguntza,
Kantabritarren larrean,
eta Euskaldunak ikusi dira
beste guziyen aurrean.
-18-
Tubal'en kastak ezin kontala
oroimen badadukazki,
mundu guztiyak aitortutzendu
ezta esatia aski
Okendo, Lezo, ta Idiakez
Txurruka, eta Legazpi,
ta beste askok duten oimenik
etzuten izango noski
beren agintza mirarietan
portatu baziran gaizki.
-19-
Oraiñ azkenik Españiak txit
berea duen Abana,
erregiñ batek Kolon-en bidez
eskuperatu zubana,
ta lotzik eta zentzurik gabe
gure kontra altxa dana,
nonbait ezdaki Españitarrak
bildutzean alkargana,
beti arrazoiz guazelata
eziñ bentzutu gerana.
-20-
Orain dirala lareun urte
Kuba-tarrak zer ziñazten
pistiyen gisa larru gorririk
ortxen ekusten ziñazten,
gure aitonak erakutsiyak
jaten, izketan ta jazten,
zeren amari ari zerate
garraztasuna ematen,
ikusiko da beiñ betirako
aspertzen ote zeraten.
-21-
Ondo dakigu oraingo ontan
etzeratela bakarrak,
zirikatutzen zaituztelako
atzetikan yanketarrak,
egazti arraparien gisa
luzaturik atzaparrak.
bañan legoya eztu izutzen
basakatuen kalparrak,
eguzkitara guk aterako
ditugu zuben zatarrak.
-22-
Zenbat guraso zubengatikan
gaur negarra dariola
arkitutzenda ekusirikan
semea falta zayola,
zenbat emazte eta andregai
eziñ alaituz iñola,
eta ala ere ezagutzen da
ez diotela ajola,
errespetatzen ez dezutenak
inozentian odola.
-23-
Agur gerrari Españitarrak
batez ere Euskaldunak,
zuei begira gaude guraso
senide eta lagunak,
geok urruti egonagatik
biotza or daukagunak,
beti kontatzen gure ondotik
falta diraden egunak,
bizi geraden arte beñere
aztuko etzaizkigunak.
-24-
Ekusirikan ama negarrez
semeai laguntza eske,
geren odola eskeñi gabe
gu nola egon gindezke,
ez ori eziñ gerta liteke
beldur gabe bageundezke,
beragatikan anai leyalak
beti sayatu zaitezte,
proatu dedin bageradela
izena degun ainbeste.
-25-
Seme maiteak joan zeratenak
gerrara Kuba aldera,
proga zazute gure sorterri
au dala lengua bera,
eta emen au zabaldurikan
laister mundu zabalera,
otoiz ta malkoz apaindurikan
iltzen diraden galera,
aurki atozte zai daukazuten
amatxoren magalera,
goiturikan milla lekutan
bentzutu duben bandera.
-26-
Beraz manzibak ja, ja, ja, guri
artu nai digute goya,
oyek oinpian sartu nai dute
Españiyako legoya,
mundu guztiya begira dago
eta orain da sasoya
erakusteko aukeratutzen
degula betiko oya,
botatzen utzi baño lenago
geren arpegira loya,
zergatik gure alde dauzkagun
indarra ta arrazoya.
“MILLA ZORTZIREUN IRUROGEITA” (KUBAKO GERRARENAK)
![]()
Egilea: Jose Manuel Lujanbio, Txirrita
Iturria: “Bertsolaria” aldizkaria (1931)
-1-
-Milla zortzireun irurogeita
amaseigarren urtian
ekaitz gaisto bat sartu zitzaigun
Kantabriyako partian;
lenago etzan kintik tiratzen
gure sor leku maitian,
elementu au nondik sortu zan
ongi enteragaitian.
-2-
Kintak jarrita ondorenian
beste ogei bat urtian
zenbait amaren seme onradu
Kuban sartu zan lurpian
guraso askok negar egindu.
ura saldu zan artian,
geyenak lutuz jantzi giñaden
Kantabriyako partian.
-3-
Aberats askok pagatzen zuen,
soldadu juan zenbait pobre
legi ori jarri ez bazan ere
arlotiarentzat obe;
atzenerako extranjerua
egintzan islaren jabe,
len ere Kuba saldu ziteken
oinbeste gizon ill gabe.
-4-
Oraiñ Errege juan zaigulako
askok biyotzian mindu
ez antziña oin portamenak
ondo letuko bagendu;
aitak biyotza gogorra zuen
orri etzayo bigundu
orañ ederki bizi liteke
naiko dirua egindu.
-5-
Urte, batzuek pasa zituen
erreino ontan nagusi,
Donostiyara bueltak, egiñaz
bere fameli ta guzi;
puska ederrak saldu zituen,
etzun ezer erosi,
naikua bildu, duen garayan
Frantzira juan da igesi.
-6-
Zori gaistuan sartu ziraden,
oyek korteko atian,
lege berriyak jarri zituzten
Euskaldunaren kaltian,
lenago, libre bizi giñanak
lotu ginduzte katian.
oraingu ortan ere ezdakit
nola portatuak dian.
-7-
Milla zortzireun irurogeita
zortzigarrengo urtian.
Urriko illak ogei ta zortzi
zien egun batian,
garai orretan gure Fueruak
sartu zituzten lurpian
orrespetua guardatu zuten,
amona zegoen artian.
-8-
Garai orretan aldegiñ eta
andikan zortzi urtera
doña Isabelak bialdu zuen
karta zorrotz bat kortera,
letu zazuten Bergaran dagon
konbeniyoko papera,
Euskaldunak zer deretxo duen
ortik kontuak atera.
-9-
Zure amona zenbat egiya
munduan esandakua
ogei ta bederatzi urtian
Erregiña izandakua
orrek altuan zeukan konduta
jetxi nai zuten bajua
emen Fueruak ez galtziatik
aldegiña, da gajua.
-10-
Lengo gizonak kortiari eta
lege berriyak non nai
esanaz: Ara emen biria,
ortik barrena jon ari.
Amaika burla egiten diyo
jende gaistua onari,
jeniyu oyek ez dituzu zuk
ikasiyak amonari.
-11-
Gure errege izandu ori
portatu da oso noble,
gerrik onena baño pakia
badakit degula obe,
orañ Alkala Zamora dago
Españiko jaun da jabe
nolabait ere konpondu dira
odolik ixuri gabe.
-12-
Semiak lana akabatu du,
beraren aitak asiya,
gizon justua nola atera
oyen tartian aziya?
gure Fueruak kendu zituzten
Abana orla utziya,
len Kantabriya ondatu zuten
t'orañ Españi guziya.
Egilea: Paulo Yanzi
Iturria: “Bertsotan 1789-1936” (Joanito Dorronsoro)
-1-
Bertsoak jartzen naiz hasi
kopiatuz ta guzi,
nahi dituenak ikasi;
Afrika aldera oraingo aldean
gazteri handiak doazi;
diote adierazi,
ez dela joan behar ihesi;
amak nigarrez daudezi.
-2-
Eman arma ta trajia,
Afrikara barajia,
mutikuak korajia;
kristandadean izenarekin
gizon hiltzera biajia
moro edo salbajia,
hura da haien parajia,
Jaun Zerukoak lajia.
-3-
Arruit, Zeluan ta Nadorrak,
hango odol galtze gogorrak,
gorriturik daude lurrak;
hango kontuak aditu eta
bat hartutzen du beldurrak;
ez dira noski gezurrak:
hegaztiak ta txakurrak
txupatzen hillen hezurrak.
-4-
Horra gerren ondoria:
gure gazteri floria
desastre hortan eroria;
triste hoientzat eskatzen dizut,
zeru ta lurren Jabia,
beste munduan gloria,
zorion paregabia,
Afrikan baino hobia.
Egilea: Juan eta Pello Zabaleta
Iturria: “Bertsolaria” aldizkaria (1932)
-1-
Milla bederatzi egun urte
gañera amazazpiyan,
bertso berriyak jartzera guaz
txit sentimentu aundiyan,
ikusten danez alkarrengana
gaude gorroto biziyan,
gerrak utzita pakian guazen
Jaungoikuaren graziyan,
¡ai! ori ni logra albanizake
orain Europa guziyan
-2-
Gure Europa maitagarriya
dago odolez bustita;
pena samiñak zabaldurikan
munduan parte guzita,
nori etzayo biyotza lertzen
tamañ'ontan ikusita,
gauz onik ez datorkigula ortik
egon gindezke etsita,
bata bestiai barka zayogun
gorroto danak utzita.
-3-
Etsai gaistuak parte artuta
dabiltzalako mediyo,
Europa triste ontan isurtzen
da zenbat odol irriyo,
zenbat persona gera munduan
beste ainbeste opiniyo
saltsan sartzia obe degula
askori aditzen zayo,
len sobra gerra daukagu bertan
or sartu gabe soziyo.
-4-
Gerr'ori dala mediyo dago
gauza guziya garesti,
len erdi'purdi bizi giñanak
gaur nola zenbat fameli,
aur txiki asko baldin baditu
ayek mantendu ta jantzi,
nola egiñ ezin pensaturikan
jarriya gau ta egun beti,
pobre gaxuak azkenerako
probatutzendu ederki.
-5-
Baldiñ gerr'orrek oraiñ bezela
luzaro segitzen badu,
pasa diranak deus ez dirala
amaikak esan biar du,
lenago, amar baliyo zuen
gauz oraiñ ogei kendu,
tamaña onetan gu bezelako
pobria nola mantendu?
Alare ontan geradenian
egon gindezke kontentu.
-6-
Garai bateko aitona zarrak
bizirik baldin baleude,
Europa dana onla ikusita
zer esango ote luteke,
ikusirikan bata bestia
iltzen orrenbeste jende
Jainkuak daki onezkergero
zenbat eriyotza triste,
pensatzen jarri eskero penaz
biyotza urtu leiteke.
-7-
Zori gaistoko gerra europe'au
lenbizi pistu zuana,
onezkergero damutu zayo
etzuala egiñ gauz'ona,
amaren seme ederrik bada
kulparik gabe illdana
oyen animaz erregutuaz
guazen zeruko Aitana,
eskatutzera arren jartzeko
pakian Europa dana.
-8-
Mundu guziya arriturikan
dago begira jarriya,
ikusirikan odol isurtzen
aundi ta negargarriya,
zenbat guraso triste ta semek
utzidu bere biziya,
pozgarriya etzan izangoayen
azken orduko antziya;
gerrak gauz onik ez dakar eta,
artu dezagun etsiya.
-9-
Iru urte ta lau illabete
pasiak gerr'ori asirik,
makiñatxobat ill da gaur egon
biarzutenak bizirik,
Santa Sekulan ezta izandu
onlako odol ixurtzerik;
penaren penan indarrarekin
biyotza erdibiturik;
pakian billa guazen guziyak
gerra aldebata utzirik.
-10-
Jainkuak daki onezkergero
kulpa gabe zenbat milla,
gerra orretan aita seme
ote da trintxeran illa,
zeruko Aitan kastigua d'au
sinistuta egon gadilla,
barkaziyua eska zayogun
jarririk biyotz umilla,
odol isurtze izugarriyan
lenbalen buka dedilla.
-11-
Guraso zarrak negarrez daude
len zeudenak txit alayak,
odolez busti diradelakoz
mendi, zelai ta ibayak,
oik poztutzera saya gaitezen
arrebak eta anayak,
erregututzen pasatzen ditut
aste egun eta jayak,
arren pakia egin dezala
zeru ta lurren Artzayak.
-12-
Gora Europa maitagarriya,
gora europatar guziyak,
pakian arren jarri gaitzala
Jangoikuaren graziyak,
gerra edo guda dakar mundua
elkar eziñ ikusiyak,
alperrik dira emengo auzi
tratu ta irabaziyak,
bertan utzita juan biarrak,
geradelako guziyak.
-13-
Egunen batez Josafa'teko
zelayan Juez justuak,
onak beretzat artuko ditu
Luziferrentzat gaistuak,
erruki zaizkit gerr'ortan kulpa
gabe illtzen dira gaxuak,
oitaz erregu arren Jesus'i
zabaldurikan besuak,
oroipengarri para dituzte
Juan eta Pello'k bertsuak.
“BERTSO BERRIYAK TXIRRITAK JARRIYAK” (EUROPAKO GERRARI, 1918)
![]()
Egilea: Jose Manuel Lujanbio, Txirrita
Iturria: “Auspoaren Sail Nagusia 1, Txirrita” (Antonio Zavala)
-1-
Zori gaiztoan fundatutako
Alemaniya'ko gerra,
aixa nai zuten eskuperatu
gure erreino ederra;
oraindik ere bada Frantziya'n
diruba eta indarra,
len zan bezela ipiñitzeko
izango degu biarra.
-2-
Beljika'tikan galdetu zuten
lendabiziko pasua,
jakiñik nola zeguen Paris'a
andik bide erosua;
aitatik ere artubak dira
uste etzan erasua,
porrakatu ta puskatu zuten
naziyo txiki gaxua.
-3-
Ogei ta amar milla milloiko
asi zitzaigun eskaka,
otso gaizto bat zirudillela
artaldiari oskaka;
jeneral Foch'ek bialduba da
Holanda aldera eskapa,
orain lau urte ainbat erronka
garai onetan ez dauka.
-4-
Amorratubak ziruditela
etorri ziran Frantzia,
orain esaten errezago da
orduko gure trantzia;
jeneral Foch'ek eman diyote
uste etzuten partxia,
mereziko du diamantezko
estatua bat jartzia.
-5-
Beren joera Paris aldera
egin ziguten aurrena;
ango etsiyak artu zituzten,
Verdun'a berriz urrena;
sei illabete sutan pasa ta
etzian sartu barrena,
ezta andikan gustora juana
Kaiser'en seme zarrena.
-6-
Ernegatuta jarri giñuzten
zerbait egin biarrian,
zergatik gerra eman ziguten
arrazoi-bide txarrian;
jeneral Foch'ek artu zituben
danak guziyak aurrian,
gaur iru urte ainbat aleman
ez da Frantzi'ko lurrian.
-7-
Lenbizi oiek pentsatzen zuten
ilko giñala guziyak,
bañan oraindik gure kuadrillan
bagera gizon biziyak;
indar aundiko armak dauzkagu
soñian ondo jantziyak,
Alemani'ko buru arruak
bajatu ditu Frantziya'k.
-8-
Aleman batek neri esana
biyok geudela kafian:
“Kaiser agintzen ikusiko da
laister Paris'ko kortian”.
Zepelinakin aidetik eta
sumarinuak ur-pian,
disgusto asko eman digute
jun daneko lau urtian.
-9-
Zepelin zarrak bonbaz betiak
goiko oroian tartian,
millaka minak itxasoan da
sumarinoak ur-pian;
oiek sumatzen ibilli dira
berrogei ta lau urtian,
Kaiser Paris'en ez da sartuko
Wilson bizi dan artian.
-10-
Orrek etzuben errespetatzen
legorrik eta urika;
sententzi txarra emango zaio,
ortan ez dago dudika;
orrek nai zuben amenazatu
Frantzi'ko errepublika,
berriz Paris'en ez du egingo
len bezelako burlika.
-11-
Gerra gaizto au eman zutela
au da bostgarren urtia,
oiek besteren interesakin
artu nai zuten partia;
inglesa eta amerikano
gu bezin jende fuertia,
alemanaidi eman diyote
izugarrizko golpia.
-12-
Laguntzalliak nundik dituben
ezagutu du Frantziya'k ;
geren setari eutsi diyogu,
ez giñan dudan asiyak;
biba gerra ontan gure fabore
ibilli diran guziyak,
nere partetik ematen diztet
eskerrak eta graziyak.