HIZTEGIA

98ko Belaunaldi
Kuba eta Filipinetako koloniak galdu ondoren haren ondorioz Espainian sortu zen krisi nazionala ezagutu, sentitu eta hartaz jardun zuten zenbait idazlek eta artistak osatzen dute 98ko Belaunaldia esaten dena. Horien artean aipatuenak Valle-Inclán, Unamuno, Benavente, Baroja, Manuel Bueno, Maeztu, Azorín, Manuel Machado eta Rubén Darío dira. Batzuk eleberrigile izan ziren, beste batzuk olerkari, eta horrezaz gainera literaturari eta pinturari buruzko saiakera ugari saiatu zuenik ere izan zen. Ia denetan nabari da, asko edo gutxi, Schopenhauer eta Nietzsche filosofoen eragina. Belaunaldikotzat hartzen dira Darío de Regoyos eta Zuloaga pintoreak, baita zenbait  eskultore eta, oro har, artista ere.

Abangoardismo
XX. mendeko mugimendu artistikoa, tradizioaren kontra altxatu eta bere garaiko joerei aurrea hartu nahi izan ziena.

Abenda
Giza arraza esateko asmatutako hitz berria, neologismoa.

Absolutismo
Aginte guztiak estatu buruaren (erregerenean gehienetan) esku dauden gobernu-era. XVII. eta XVIII. mendeetan Europako mendebaldeko monarkien gobernu-era bilakatu zen.

Abstraktu
Errealitate fisikoan diren objektuak diren-direnean itxuratu gabe haien forma, kolore, argi eta konposizioa irudikatzen duen arteari esaten zaio arte abstraktua. XX. mendean mendebaldean arteaz ari ziren artistek eta filosofoek artelanen formaz eta irudiaz ideia berriak garatu zituzten, eta mugimendu horrek arrakasta handia izan zuen. Kandinsky errusiarra dute arte abstraktuaren aintzindaritzat.

Agoa
Olako sutegian batera urtzen zen burdin zatia.

Ahaide nagusi
Erdi Aroko Euskal Herrian, leinu baten burua. Handiki edo jauntxo horiek lurrak eta olak kontrolatzen zituzten, eta Elizaren gorabeheretan ere pertsona ahaltsu eta esku handikoak ziren. XII-XV. mendeetan beren arteko bandoak sortu eta maiz aritu ziren elkarren kontra gerra bizian. Horren lekuko dira bazterrak hain gogor astindu zituzten oinaz-ganboarren arteko borroka gogoangarriak.

Altzairu
Burdinan eta karbonoan oinarritzen den aleazioa. Karbono kopurua handiagotu ahala, altzairuaren gogortasuna  handiagotu egiten da eta harikortasuna txikiagotu. Altzairua nolakoa den, haren propietateak arras aldatzen dira, xaflakortasuna, hausturarekiko erresistentzia eta gogortasuna adibidez.

Arantzel
Bereziki aduanan ordaintzen den muga-zergaren zenbatekoa zehazten duen tarifa ofiziala.

Artisautza
Eskulangileen jarduera edo lanbidea, hau da, eskulanak usadioz egiten diren erara egitea.

Ateismo
Jainkoarik denik ukatzen duen doktrina edo jarrera.

Atzerakoi
Lehengoari begira eta lehengoan finkaturik dagoena. Politikan edo gizarte arazoetan, aurrerabidearen kontrakoa dena.

Autokontsumo
 Produzitzaileek ekoizten dituzten ondasunak norberak kontsumitzea. Norberak  sortu, norberak kontsumitu.

Autonomi fiskal
Legez ezartzen den nahitaezko zerga bilketaz arduratzeko eta aurrekontu gastuak ordaintzeko bere kabuz aritzeko askatasuna.

Azpiegitura
Ageriko egiturari eusten dion oinarria, hura datzan egitura ezkutua. Ekonomiak funtziona dezan beharrezkoa den oinarrizko ekipamendu eta zerbitzuen multzoa: garraioa, argindarra,   etxebizitzak, eskolak...Zerbait burutzeko beharrezkoa den aurretiko antolaketa eta tresneria osagarria.

Batzoki
Euzko Alderdi Jeltzalearen biltokiei ematen zaien izena. Lehenbizikoa Sabino Aranak ireki zuen Begoñan, 1894an. Politika eta kultur zentro dira.

Behe-klero
Elizaren hierarkian behengo mailan zerbitzuan ari ziren ia beti apaiz soilez osatutako taldea.

Berezko hazkunde tasa
Denbora tarte jakin batean komunitate baten biztanleriaren handitze kopuru proportzionala.

Berrezarkuntza
Espainiako erregimen politikoa, borboi dinastiako Alfontso XII.ak tronua eskuratu zuenean hasi (1874)  eta Alfontso XIII.a adinez nagusi izan zen arte iraun zuena. Europan erregimen zaharrera berriro itzultzeko egin zen ahaleginari ere (1814-1839) Berrezarkuntza esaten zaio.

Bessemer prozedura
Henry Bessemer (1813-1898) ingeniari ingelesak 1885ean altzairua lortzeko asmatu zuen metodoa. Bessemer-bihurgailua esaten zaio prozedurari, eta bihurgailuan burdinurtua haize-lasterraz finduz lortzen da altzairua.

Burujabetza
Herriez mintzatuz, beste inongo herriren mende ez dagoena.

Desamortizazio
XVIII. eta XIX. mendeetan estatu espainolean ezarri ziren neurri legal eta politikoen bidez   udalen eta batez ere kleroaren eta erlijiosoen eskuetan zeuden monasterio, komentu eta  parrokien hainbat ondasun salgai jarri ziren. Lehen Karlistaldiaren garaian Mendizabalen desamortizazioa abian jarri zenean (1835-37) lur sail handi asko dirudunen eskuetara pasatu zen.

Deskulturalizazio
Herrri edo zibilizazio bateko gizarte-egitura, ezagutza edo fenomeno zientifiko, artistiko edo erlijiosoen multzoa galtzea.

Eklektizismoa
Arte tradizio, eskola edo estilo desberdinetako elementuak aukeratu eta bateratzen dituen metodoa, hau da, estilo askoren berezitasunak biltzetik sortutako estiloa, eraikuntzetan bereziki.

Ekoitzi
Eman, sortu, egin, bereziki ekonomia jardueraren bitartez.

Ekonomia buruaskia
Norbere ekonomiarekin aski izatea. Ekonomia autarkikoa izatea.

Erlatibitatearen teoria
Denbora-espazioaren egituraren masa-energia erlazioaren eta grabitazioaren eredu berriak proposatuz Albert Einsteinek gorpuztutako teorien multzoa. Einsteinek, lege fisikoak eta neurketak higidura-egoera desberdinetako behatzaileentzat nola aldatzen diren planteatu zuen XX. mendearen hasieran. Einsteinen teoria hori behin eta berriz egiaztatu ahal izan da.

Erregimem zahar
Europako erregimen feudal klasikoaren ondorengo eraikuntza sozial, politiko eta ekonomikoa, XVIII. eta XIX. mendeetan  iraultza liberal-burgesak eta iraultza industrialak gainditu zutena. Haren ezaugarri nagusiak hauek dira: monarkia absolutista, estamentutan banaturiko gizarte eta ekonomia gatazka, eta  jauntxo feudalen eta burgesen arteko gatazka ekonomikoa.

Errolda-sufragio
Hautesle edo hautagai izateko hainbesteko bat ordaintzea derrigortzen zuen hauteskunde-sistema. Kopuru minimo batetik gora ordaintzen zuten zergadunek soilik izaten zuten boto eskubidea. Sistema zentsitario ere deitu izan zaio.

Erromantizismo
Europan XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran literaturan, musikan, arte plastikoetan eta bestelako adierazpide intelektual eta  kulturaletan nabarmendu zen jarrera eta jokabidea: klasizismoaren arau estuak arbuiatzen zituen eta artistaren askatasuna aldarrikatzen, eta materialismoaren aurka errealitatearen alderdi sentimentala, irudimenezkoa eta transzendentala goraipatzen.

Espainolista
Espainiaren aldeko joera agertzen duena. Euskal Herrian, ideologia abertzalea dutenen artean, estatu espainolekotzat jotzen diren alderdi politiko, sindikatu eta bestez edo Espainia beren aberritzat dutenez erdeinuz esan ohi da.

Estamentuak 
Egoera juridiko eta pribilegio berak zituzten pertsonek osatzen zuten giza taldea, hots, iraultza burgesaren aurretik ematen zen kategoria sozialen arteko banaketa nagusia: noblezia, kleroa eta  herri xehea. Estamenduak ordena sozial itxiak ziren eta batetik bestera igarotzea ezina zen. Jaiotzak erabakitzen zuen nor zen noble nor jende xehe. Iraultza burgesak estamentu sozial sakratu horiek ukatu egin zituen: hirugarren  estamentua, herritar edo jende xehez osatutakoa alegia, burgesiaren gidaritzapean, noblezia eta kleroaren botere eta nagusitasun politikoaren aurka asaldatu zen.

Etekin
Lur, abere, ondasun, lanari eta merkataritza eta burtsa eragiketei ateratzen zaien irabazia.

Etnia
Kulturaz eta hizkuntzaz batasun bat osatzen duen gizabanakoen multzoa.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
Euskal Herriko garapen ekonomiko, zientifiko, tekniko eta kulturala ilustrazioaren izpirituz sustatzeko eta ezjakintasuna  desagerrarazteko Bergaran sorturiko erakundea (1765). Azkoitiko Zalduntxoen inguruan eratu zen, Peñafloridako kondearen gidaritzapean bereziki. Gaztelaniaz Real Sociedad Vascongada de Amigos del País zeritzan. Irurak bat idazkuna zutela gidari eta argi-egile,  Euskal Herriko burgesia eta noblezia izan zen Elkartearen eragile eta oinarri sozial nagusia.

Euskalki  
Euskararen dialekto bakoitza. Euskalkien ordu arteko sailkapen zehatzena Bonaparte printzeak egin zuen, 1869an. Euskalkiak hauek dira: Arabako euskara, bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, goi-nafarrera, behe-nafarrera eta  zuberera.  

Eusko Alderdi Jeltzaile (EAJ)
Euskal Herriko lehen alderdi abertzalea, Jaun-goikua Eta Lagi-zarra (JEL) lemapean Sabino Aranak 1895eko uztailean fundatua. 1893an sortutako Bizkaitarra aldizkaria eta 1894ko uztailean sortutako Euskeldun Batzokija elkartea izan ziren alderdiaren aitzindariak. Sabino Arana preso hartu eta alderdikideei isunak ezarri zitzaizkien arren,  euskal nazionalismoak gero eta jende gehiago bereganatu zuen. Hainbat zatiketa izan eta gero, EAJ izena hartu eta elkartu egin zen 1930ean.

Fauvismo
XX. mendearen hasieran Paris inguruan sortu zen pintura mugimendua. Arte kritikari batek  fauves (basapiztiak) deitu zituen mugimendukoak. Hortik dator fauvismo delakoa ere. Pinturaren adierazkortasun maila azpimarratu eta nabarmenago bihurtu nahi zuten kolore bizi, argi eta nahastu gabeak erabiliz, formak soilduz eta perspektiba-arau tradizionalak hautsi eta beroriei uko eginez. Matissek bizitza osoan heldu eta eutsi zion fauvismoari.

Faxismo
Mussolinik  Italian 1919an ezarri zuen doktrina politikoa non partidu bakar batek aginpide osoa bereganatu eta inoren eta inolako kontrolik gabe jokabide autoritarioz, bortitzez eta diktatorialez  gobernatu zuen estatua, betiere nazionalismoaren goraipamenean eta korporatibismoan  oinarrituta.

Finantza gastu
Enpresaren finantziazioari diruz laguntzeko egiten diren edotariko finantza eragiketek eragiten dituzten gastuak

Foru baimen
Erregek foruen kontrako emandako legeak ez betetzeko Batzar Nagusiek edo Gorteek zuten eskubidea. <<Onartu da, baina ez  bete>> esapidea erabiltzen zen. 1796an erregek eskubide hori indarrik gabe uzteko agindu zuen, baina agindua ez zen bete. Esparterok, batasun konstituzionalaren aurkakoa zela argudiatuz, behin betiko baliogabetu zuen 1841ean.

Gabi
Oletako mailu-moduko pieza handia, agoa kolpeka ijeztu eta lantzeko erabiltzen zena.

Galdategi
Metalak, bereziki burdina, urtzeko lantegia.

Garbizalekeria
Garbizaletasun gaitzesgarria.

Garbizaletasun
Norbere hizkuntzan beste hizkuntzetatiko hitzik edo joskerarik onartzen ez duena.

Goi-klero
Elizaren hierarkian gorengo mailan zerbitzuan ari ziren kardinal, artzapezpiku, gotzain, abade, monsinore, kalonje eta bestez osatutako taldea.

Hamarren
Lurraren emaitzetatik Elizari (edo erregeri, jaunari…) eman behar zitzaion zatia.

Hematite
Burdin mea gorria edo arrea, burdin oxidoz osatua (Fe2O3). Oligisto ere esaten zaio.

Heriotza tasa
Denbora-tarte jakin batean erkidego batean hiltzen direnen batez besteko kopurua.

Illustrazioa edo Argien Mendea
Europako kultur eta filosofi mugimendua, XVII-XVIII. mendeetan garatua, aldaketa sozial eta politikoak ekarri zituena. Arrazoiaren legeari lehentasuna emanez gizabanakoaren balioak goratu eta aurrerabide historikoaren aldeko ideiak zabaldu zituen. Euskal Herrian Ilustrazioaren lekuko eta eragile bikain izan ziren Azkoitiko Zalduntxoak.

Inbestitzaile
Diruari etekina ateratzeko, aurreztutakoa ekipamendu edota finantza aktiboetan sartzen edo inbertitzen-inbestitzen duena.

Industria astun
Makinak eta arma astunak ekoizten dituen enpresa multzoa. Siderurgiari eta untzigintzari   esaten zaie batik bat.

Inperio kolonial
Estatu batek munduaren beste zati batean duen nagusitasuna, bertako baliabideez jabetzeko.

Inpresionismo
XIX. mendearen bukaeran bereziki Frantzian garatu zen pintura mugimendua, argiaren eta materiaren zera aldakorrak sortzen zien zirrara oihalean marra bidez eta ukitu finez eta pintzelada llabur eta biziz baliatuz margotzeko. Manet, Monet, Pissarro, Renoir, Cézanne, Degas-eta dira ezagunenak pintore inpresionisten artean, eta Debussy musikarien artean; Euskal Herrian Darío de Regoyosek urratu eta zabaldu zuen inpresionismoaren bidea.

Integrismo
Bigarren Karlistaldiaren ondoren Alderdi Karlistatik bereizi zen joera politiko-erlijiosoa. Jainkoa eta Aberria hartu zuten lematzat, eta tradizioaren defentsa eta liberalen aurkako jarrera sutsua izan ziren integristen ezaugarri nagusiak. 1931n, joera beretsuko erakundeekin elkartu eta  Alderdi Tradizionalista  Karlista sortu zuten.

Itzain
Idiak zaintzen eta gidatzen dituen pertsona.

Izurri
urralde eta denbora berean biztanleen zati handi bati erasotzen dion eritasun kutsakor oro, eta bereziki Yersin-en baziloak eraginikoa.

Izurrite
Izurri denbora. Izurriak denboran irauten duen aldiari izurrite esaten zaio. Historian zehar halako denboraldi dezente izan da: XIV, XV eta XVI. mendeetan jende asko hil zuen izurriak  Europan. XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera gaixotasunaren kontrako neurri egokiak hartzen hasi zirenean izurriteak urritu egin ziren. XIX. mendeaz geroztik, Europan ez da  bazilo bidezko infekziogunerik izan. Dena dela, oraindik ere gaixotasun larria da munduko erresuma askotan.

Jaiotza tasa
Denbora-tarte jakin batean erkidego batean jaiotzen direnen batez besteko kopurua.

Jelkide
Euzko Alderdi Jeltzaleko kidea. JEL: Jaun-goikua eta Lagi-zarra.

Kapital 
Norbaitek duen dirua, edo diru bihur daitekeen ondasunen multzoa.

Kapitalismo
Ekoizpen, banatze eta truke bideen jabego pribatuan oinarritzen den ekonomia eta gizarte sistema.

Karlismo
XIX. mendean Espainian sortu zen politika eta gizarte higikundea. Erregimen Zaharraren defendatzaileak ordezkatu nahi zituztenen ideologia da; gizartea aldatu eta modernizatu nahi zuten liberalen aurka. Soziologikoki, industria iraultzari esker biziro aldatzen ari zen gizarte burgesaren, eta krisia eta pobrezia jasaten zuten nekazaritzan ari zirenen arteko gatazka islatzen du karlismoak. Hori dela eta, karlismoa ez zen inoiz hirietan nagusitu. Euskal foruen defendatzaile agertu zen eta horrexegatik izan zuen hainbesteko arrakasta eta atxikimendua nekazaritzan ari zirenen artean.

Karlista
Karlos Espainiako erregaiaren aldekoa; haren ondorengoen aldekoa dena.

Kartel
Enpresa independente batzuek elkarren artean elkartzeko hartzen duten akordioa; horien helburu nagusia konkurrentzia ezabatzea da. Enpresa bakoitzak, alabaina, bere finantza-independentziari eusten dio.

Kazike
Espainian bereziki: herri edo eskualde bateko politika edo administrazio gaietan gehiegizko eragina duen burges edo lurjabe handia; herri bateko bizitza politikoa kontrolatzen zuten eta horretarako beren gustuko eta komenentziako politikoak hautatzen zituzten.

Klase
Ezaugarri berak dituen banakoen multzoa. 2. Gizarte maila edo etorki bera eta antzeko ezaugarriak dituen pertsonen multzoa. 3. Erkidegoko kideek  lanbide, bizitza maila eta  faktore ekonomiko eta kulturalen arabera klase sozial desberdinak osatzen dituzte. Teoria marxistaren arabera, bi klase bereizi behar dira: kapitalisten klasea eta proletarioena; ideologia liberalaren arabera, aldiz, hiru: goikoa klaseak, erdiko klaseak eta beheko klaseak.

Kolonia
Lurralde batean, bertako baliabideez jabetzeko, kokatzen den atzerritarren multzoa; kokalekuari berari ere kolonia esaten zaio.

Konkurrentzia
Merkatarien edo industrien artean sortzen den lehia-egoera, non kalitate eta salmenta-baldintza onenak eskainiz bakoitza bezeroak bereganatzen saiatzen den.

Kontraforu-eskubide
Gobernu zentralak emandako dekretu edo legea foru-eskubideen kontrakoa zenean, kontraforutzat zuen dekretua foru-baimena aplikatuz Batzar Nagusiak ez betetzeko eskubidea zuen.

Ohitura-literatura
Literaturan eta pinturan herri ohiturak eta ezaugarriak deskribatzeko joera. XIX. mende bukaerako eta XX. hasierako antzerki, eleberri eta margolanetan joera horren arrasto ugari antzematen da, esaterako Txomin Agirreren Kresala eta Garoa eleberrietan, Martzelino Soroaren Au ostatuba!, Ezer ez eta festa antzerkietan, Arruetarren margolanetan, Santestebanen musika herrikoan.

Kubismo
 1910 inguruan  eratu zen erti eskola, gauzakiak kuboen eta antzeko irudi bakunen bidez eta askotariko ikusgunetik irudikatzeko helburua zuena. Picassok eta Braquek hasi zuten kubismoa.

Laiko
Erlijio erakundeen agindupean edo eraginpean ez dagoen sistema sozial edo politikoaz esaten da. Elizgizona ez dena.

Latifundista 
Latifundio baten jabea, hau da, hedadura handiko nekazaritzako lur saila duena.

Latorri
Burdinzuria, bi aldeak eztainuztatuak dituen burdin xafla mehea,  kontserbagintzan oso erabilia.

Leinu
Familia bateko belaunaldien segida, familia bateko aurrekoen edo ondorengoen multzoa.

Liberalismo
Harreman ekonomikoak izateko askatasunean eta kontzientzia askatasunean oinarritzen da liberalismoa, alegia, enpresa librearen aldeko ekonomia-doktrina aldarrikatzen du eta agente ekonomikoen joko librea defendatzen. Estatuaren botere politikoa mugatzen du eta gizabanakoaren askatasuna nahi du ororen gainetik. Liberalismo ekonomikoa eta sozialismoa zuzen-zuzenean bata besteari kontrajartzen zaizkio.

Lignito
Ikatz fosila, harrikatza baino geroago eratua, zuraren aztarnak ageri dituena,  % 60-75 karbono dena.

Lore joko
Lehehn garai batean literatura eta batez ere poesia bultzatzeko egiten ziren lehiaketak. Lehebiziko euskal lore jokoak Antoine Abbadia zientzialari eta filantropoak antolatu zituen, Urruñan (1853). Hegoaldean, lehen aldiz, Elizondon egin ziren (1879).  Donostiako lore jokoak batez ere Jose Manterolaren ekimenari eskerrak antolatu ziren (1882). Lore jokoek euskararekiko atxikimendua eta zaletasuna piztu zuten.

Lurrun makina
Ur lurrunaren bero-energia, energia mekaniko transformatzen duen makina. Lurrunak zilindro batean dagoen pistoi higigarri bati eragiten dio, atzera-aurreko  higidura sortuz, eta hori, biela eta biradera baten bidez, biraketa-higidura bihurtzen da.

Maiorazko
Famili ondasunak, seme edo alaba bakar bati, gehienetan zaharrenari, uzteko joera. Maiorazkoa orokortu egin zen Euskal Herrian XVI. mendean, eta ordu arte aitoren semeen artekoen joera izan zena, gizarte klase xehearen joera bihurtu zen.

Maizter
Baserri, lur, etxe edo bizileku bat errentaren truke hartzen duen pertsona.

Maketo
Jatorriz Euskal Herrikoak ez diren pertsonak izendatzeko erabili izan den hitz iraingarria.

Matxinada
Agintaritzaren aurkako herri jazarraldia; bereziki XVII-XVIII. mendeetan Europa osoan aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial sakonen ondorioz sortutakoak. Euskal Herrian, garrantzitsuenak Gatzaren matxinada (1631-34), 1718ko eta 1766ko matxinadak eta Zamakolada deitu matxinada izan ziren.

Modernismo
XIX. mendearen azken hamarraldian eta XX.aren hasieran  garatu zen arte higikundea, ideia akademikoen eta egiuneen kontrakoa. Arkitekturan, arte dekoratiboetan, beira eta bitxigintzan   izan zuen eraginik handiena, eta lerro izurtu (ondulatu), luze eta asimetrikoekin egindako  elementu korapilatsu apainak izan ziren estilo honen ezaugarri adierazgarrienak.

Monarkia absolutu
Aginte guztiak erregeren esku dauden gobernu-era. Monarkia absolutuaren filosofia errege Louis XIV.aren esaldi ospetsu hartan dator  laburbilduta: <<Estatua ni naiz!>>

Monarkia konstituzionala
Errege-erreginaren boterea konstituzioak mugatzen duen sistema politikoa.

Monarkia parlamentario
Parlamentuaren ikuspuntuaren arabera zertzen den errege-erreginaren agintea.

Monopolio
Ondasun bat berak bakarrik eskaintzeko, norbanako, lagunarte edo enpresa bati ematen zaion abantaila. Produktu bat edo batzuk fabrikatzeko eta merkaturatzeko eskubidea produzitzaile bakar baten esku geratzen da. Hori dela eta, monopolioko prezioak, oro har, merkatu librekoak baino garestiagoak dira.

Neobarroko
Arte barrokoaren estilo printzipioak berritu eta eguneratu nahi zituen arte estiloa.

Neogotiko
Arte gotikoaren estilo printzipioak berritu eta eguneratu nahi zituen arte estiloa, 1830etik 75era bitartean bereziki loratu zena.

Neoklasismo
XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran eman zen literatur eta arte joera, antzinateko Grezia edo Erromako kulturaren eta artearen ukitu eta eragin nabarmena izan zuena.

Neutraltasun
Nazioarteko eta etxeko auzietan inoren alde edo aurka agertzeko postura agertzen ez duena.

Normandiar
Ipar Europatik Europako mendebaldera lekutu edo lekualdatu ziren bikingoei esaten zaie.

Orfeoi
Zenbait abesbatza-elkarteri eman zaien izena. Oso ezagunak dira Donostiako Orfeón donostiarra eta Bartzelonako Orfeó català.

Orkestratu
Musika lan bat hainbat musika tresnaz joa izateko prestatu edo antolatu, hau da, orkestrarako egokitu.

Pleit
Ontzi bat alokatzeko edo bertan merkantziak garraiatzeko ordaintzen den diru kopurua.

Primitibismo
Lehen gizasemeen arte estiloa imitatzeari esaten zaio.

Produktibitate
Jarduera produktibo baten emaitzaren eta produkzio hori lortzeko behar izan  diren baliabideen arteko erlazioa.

Protekzionismo
Nazio produktua kanpoko produktuen konkurrentziatik babesteko egiten den politika ekonomikoa.

Sarrailgintza
Ate, kutxa eta antzekoetan ipintzen den metalezko tresna eta hori ixteko edo irekitzeko erabiltzen diren giltzak-eta egiten dituen sarrailagilearen lanbidea.

Siemens-Martin
Wilhelm Siemens eta Pierre Martin asmatzaileek txatarra erabiliaz altzairua lortzeko 1865ean asmatu zuten prozeduraren izena.

Sozietate anonimo
Kapital sozial guztia akziotan banatuta daukan elkarte kapitalista.

Tenor
Gizon ahotsen artean gorena; ahots hori duen gizona.

Thomas
Sidney Gilchrist Thomas (1850-1885) asmatzaile britaniarrak 1876an burdina fosforagabetzeko  prozedura asmatu zuen.

Totxo
Sutegian goritutako masak, ijeztu ondoren, itxura berria hartzen du, eta itxura berriko masa horri   burdin lingote edo totxo esaten zaio.

Tradizionalismo
Ohiturazko politika eta erlijio moldeei eutsi behar zaiela aldarrikatzen duen doktrina. Politika alorrean: monarkian eta konfesionalismo katolikoan oinarritutako erregimen politikoa aldarrikatzen duen doktrina. Bestalde, karlismoaren barruan, Lehen Mundu Gerraren kariaz  izandako zatiketaren ondorioz adarretako bati emandako izena, askotan karlismoaren baliokidetzat erabili izan dena.

Tuparri
Buztinez eta kareharriz osatutako harria.

Ustiatu
Zerbaitetik, landuz, etekina atera; izadiko baliabideak, lehen gaiak lortzeko, landu.

Zarzuela
Espainiako opereta mota,  zati kantatuak eta hitzezko solasak tartekatzen dituena.

Zazpiak bat
Euskal Herriko zazpi probintzien batasun gogoa adierazten duen lema, A. Abbadiak sortua. Euskalerriko Adiskideen Elkartearen lema  den <<Hirurak bat>> horretatik, 1866an <<Laurak bat>> lema finkatu zen Hegoaldeko batasuna adierazteko, eta euskal nazionalismoaren lema bihurtu zen  <<Zazpiak bat>> geroxeago.

Zentralismo
Ola berria, urak ibilarazten zuena. Ordu arteko agorrola urik gabe ibiltzen zenaren ordez hasi ziren erabiltzen zeharrola, eta 12-15 arroako totxoak urtzen zituen.

Zentralismo
Zentralizatzea sortzen edo eragiten duen sistema; agintean daudenen ikuspuntua soilik defendatzen duena.

hasierara igo